Leioako Udalak 8 gazte kontratatuko ditu

Eskainitako lanpostuek 12 hilabeteko iraupena eta % 100eko lanaldia izango dute.

Leioako Udalak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, eta EAEko 2021-2027 EGIF Plus Programaren barruan, langabezian dauden 16 eta 30 urte bitarteko 8 gazte kontratatuko ditu. Programa hau Behargintzak kudeatzen du, eta bere helburua gazte leioaztarrak lan-merkatuan sartzeko aukerak hobetzea eta erraztea da, ikaskuntza eta esperientzia eskuratuz.

Eskainitako lanpostuek 12 hilabeteko iraupena eta % 100eko lanaldia izango dute. Hauek dira eskuragarri dauden posizioak: Turismoko teknikaria, Merkataritzako teknikaria, Herritarren Partaidetzako teknikaria, Euskara dinamizatzailea, Gizarte integratzailea (2), Artxiboko teknikaria eta Administrazio teknikaria.

Baldintzak

Adinaren baldintza betetzeaz gain, hautagaiek enplegu-eskatzaile gisa eta Gazte Bermea Sistemaren Fitxategian izena emanda egon behar dute. Ezin izango dute programa honetan sartu joan den urtean bertan parte hartu dutenek edo Leioako Udalak 2023ko enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzen deialdian kontratatu dituenak.

Lehentasuna izango dute lanpostu bakoitzean eskatutako titulazioen gaineko baldintzak betetzen dituzten eta Leioan bizi diren hautagaiek, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren titularrak edo onuradunak direnek, edo 30 urte betetzetik gertuen daudenek.

Hautagaiak Lanbideren bidez kudeatuko dira uztailaren 5etik aurrera. Informazio gehiago nahi dutenek www.lanbide.euskadi.eus helbidera jo dezakete.