BBVA Fundazioak eta IVIEk (Instituto Valenciano de Investigaciones Económicas) berriki ezagutzera eman duten azterlan baten arabera, 2025. urtera bitartean sortuko diren lan aukeren %60tik gora unibertsitate mailako edota lanbide heziketako goi-mailako ikasketak dituzten gazteentzat bideratuko dira. “La formación y empleo de los jóvenes españoles. Trayectoria reciente y escenarios futuros” izenburua duen ikerketa horren arabera, datozen urteetan gazteriak askoz ere lan aukera gehiago izango ditu aurreikusten den belaunaldi-ordezkapenari esker (estatu mailan 7,5 milioi langile baino gehiago jubilatuko dira)baina aukera horiek, batez ere, goi mailako ikasketak dituzten gazteentzat izango dira, prestakuntza eskasa dituzten gazteek, berriz, oso aukera gutxi izango dituztelarik. Horrela, eta beti ere azterlan honen arabera, goi mailako prestakuntza duten gazteek soilik derrigorrezko hezkuntza amaitu duten gazteek baino aukera gehiago izango dituzte lan bat aurkitzeko, 13 puntu gehiago, hain zuzen ere. Baina aipatu goi ikasketa horiez gain, hautagaiek bestelako ezagutza eta trebetasunak azaltzen badituzte, hala nola, eleanitza izatea, informatika ezagupenak, lider izateko gaitasuna edota lan-esperientzia, lana aurkitzeko aukerak bikoiztu egingo lirateke. Zentzu horretan, azterlan honek estatuko gazteriak, oro har, maila eskasa azaltzen duela azaltzen du, ELGA/OCDE osatzen duten estatuen bataz bestekoa %14,7koa den bitartean, estatuan %5ekoa baita. Egungo egoeran, eta gazteen lana sustatzeko politika publiko zein pribatuetan aldaketarik ematen ez bada, prestakuntza nahikoa ez duten gazteek baztertuta geratzeko arriskuan izango direla ohartarazi dute txosten honetan.
IVIEko Lorenzo Serrano eta Ángel Soler-ek burutu duten azterlan honetan, 16 eta 34 urte bitarteko gazteek dituzten lan-arazoak aztertu nahi izan dira eta horri lotuta, baita prestakuntzak arazo horien konponketan zein nolako eragina izan dezakeen ere. Aurreikuspenen arabera, etorkizunean izango diren lan aukerak, batez ere, trebakuntza handia eskatzen duten lanpostuetarako izango dira (gerenteak, zuzendariak, teknikariak, zientzilariak…)