Sexsomnioa duten pertsonak lo diren bitartean sexu-harremanak izateko gai dira
Seguruenik, jende askorentzat lo orduak eguneko momenturik atsegingarrienak dira. Lo gaudenean, gure buruak deskantsatu egiten du. Loa gure gorputzak duen oinarrizko beharra da eta, arnasa hartu eta elikatzearekin batera, ezinbestekoa da gure biziraupenerako. Baina gainera, lo gaudenean, beste dimentsio bat ere zabaltzen zaigu, ametsena alegia. Hauek, goxoak edo gaiztoak izan daitezke, baina baita erotikoak ere.
Lo gaudenean, konortea galtzera irits gaitezke. Hor dugu, adibidez, somnanbulismoa pairatzen duten pertsonak, eta honi zuzenki lotzen den sexsomnio izeneko fenomenoa. Sexsomnioa duten pertsonak, loaren faserik sakonenean egonda ere, sexu-harremanak izateko gai dira. Normalean, pertsona hauek, hurrengo goizean esnatzen direnean, ez dute harreman hauen oroitzapenik izango. Sexsomnioaren eraginpean mota guztietako harremanak eman daitezke: koitoa, masturbazioa, ferekak…
Arriskutsua
Honen inguruan izan diren azterketa mediku desberdinen baitan, lo sakona duen edonor, estres handia duen edonor edota alkohola edo bestelako drogak hartzen duen edonor sexsomnioa izateko hautagai zuzena da. Sexsomnioaren barruan, gainera, aldaera desberdinak eman daitezke. Ezagunena, Klein-Levin sindromea da eta hau pairatzen dutenek logure krisiak izaten dituzte eta esnatzerakoan, hipersexualitate arrastoak azaltzen dituzte.
Barregarria dirudien honek, hala ere, ondorio larriak izan ditzake, besteak beste, fenomeno hau pairatzen dutenak ezagutzen ez dituzten pertsonekin sexu-harremanak izatera hel daitezkeelako. Honek, lotsa era erruduntasun sentimendu handiak sortzen ditu eta sexu-harremanetaz gozatzeko arazoak ere.