Nintendoren bideo kontsola berria Europan salgai izango da azaroaren 30etik aurrera. Momentuz, ez da zehaztu Wii U kontsolaren salneurria, besteak beste, herrialdearen arabera salneurria desberdina izango delako. Orain arte ezagutzera eman den salneurri bakarra Japoniakoa izan da eta bertan, kontsola berriak 206 eurotako prezioa izango du.
Nintendok aditzera eman duenez, Wii U kontsolak iraultza ekarriko du bideojokoen mundura. Izan ere, Wii U kontsola bere aintzineko kontsola baino 20 aldiz azkarragoa izango da eta askoz ere kalitate handiagoko grafikoak eskainiko ditu. Kontsola belaunaldi berriak 2GBeko memoria izango du eta disken edukiera 25GB-ekoa izango da.
Wii U kontsola bi bertsiotan merkaturatuko da: Basic pack delakoa bata eta Premium Pack izenekoa bestea. Kontsola berria aurreko Wii-aren osagarriekin bateragarria izango da.
Wii U-arekin batera, Nintendok bere Network Premium zerbitzua ere aurkeztuko du. Honen bidez, jokoak edota bestelako edukiak erosten dituzten erabiltzaileek sari desberdinak lortzeko parada izango dute. Zerbitzu honekin erabiltzaileek puntuak bilduko dituzte bere erosketekin batera eta ondoren, puntu horiek Nintendoko bestelako edukien truke alda ditzakete. Nintendoko bozeramaileek aditzera eman dutenez, 500 punturekin 5 euro lor daitezke.