Abian da Bilboko Udalak antolatzen duen “Bilbao Balioen Hiria” sarien hirugarren edizioa. Aipatu sarien xedea da Bilboko Balioen Agirian jasotzen diren 17 balioetakoren bat sustatzen lan egiten duten pertsonen eta entitateen lana aitortzea. Epea pasa den abenduaren 3an zabaldu zen eta datorren urtarrilaren 20an itxiko da. Zabaldu berri den edizioan parte hartzeko, hautagaiek memoria tekniko bat bidali behar dute participación@bilbao.eus posta elektronikora edo udal erregistroan bertan aurkeztu. Aipatu txostenean, besteak beste, proiektuaren helburuak, zein baliorekin duten zerikusia, zer jarduera garatu diren eta zein pertsonek edo taldek parte hartu duten, zein lekutan garatu den ekimena eta zein den emaitzen ebaluazioa jaso beharko da. Ez dira onartuko hasi gabe dauden proposamenak edo ideia hutsa direnak.
Saria hiru azpiataletan banatzen da eta horietako bakoitzean 3.300 euroko saria banatuko da. Irabazleek saritutako ekimenarekin harremana duen helbururako erabili beharko du saria.
Edizio honetan berrikuntza gisa, proiektu guztiek izan behar dituzte genero ikuspegiarekin eta hizkuntza sexismorik gabe erabiltzearekin zerikusia duten alderdiak.
Aurreko bi edizioetan guztira, 104 proiektuk hartu dute parte. Bigarren edizioko sariak joan den azaroaren 11n banatu ziren, eta ekimen hauek izan ziren irabazleak: “Bilbao Klub Bereziak” ekimena, Unión Deportiva La Merced eta Artxandako Mertxetarrak futbol taldeena; “Otxarkoaga Modern Art Festival”, Otxarkoagako Lanbide Eskolarena, eta “Biscay Bay Startup Campus. BBSC”, Start Up Campus entitatearena. Gainera, bi aipamen berezi ere izan ziren, Bilboko Udaleko bi langilerentzat: Sonia Polo eta Sabina Melchor, beren sentikortasunarengatik eta urteetan garatu zuten lan altruistarengatik, ume baten senideak aurkitu baitzituzten azkenean, 1939an bost urte zituela aita eta ama Espainiako gerra zibilean galdurik Belgikara alde egin behar izan baitzuen.