Irakurketa denbora: 2 Minutu
Bilboko Udalak antolatzen duen ‘Bidaiarien Txokoa’ programa Begoñako eta Santutxuko udaltegietara itzuliko da martxoaren 27tik apirilaren 4ra bitartean. Jadanik 21 edizio betetzen dituen ekimen honen helburu nagusia da bidaiariak biltzea, esperientzia pertsonalak trukatzeko eta bidaiei eta abenturari buruzko ikuspegi alternatiboa eskaintzeko.
Aurtengo programazioak, hitzaldiak eta dokumentalak eskaintzeaz gain, musikarekin, literaturarekin eta ipuinekin lotutako beste jarduera batzuk ere aurkeztuko ditu. Jarduera guztiak doakoak izango dira eserlekuak bete arte, Begoñako udaltegiko liburutegian izango diren bi jardueren kasuan izan ezik, horiek aurretiko izen-ematea beharko baitute.
Programazioa
Hitzaldietan, Roberto Mosok eta Roge Blascok azken honen bidaia-programetako aurkezle gisa egin duen ibilbidearen unerik onenak berrikusiko dituzte. Maialen Lópezek eta Iñaki Goikoetxeak ere parte hartuko dute, Hego Amerikako bederatzi herrialdetan zehar egindako esperientzia partekatuz. Pedro Alonsok, berriz, bizikleta bidaia bat prestatzeko eta ustekabeak konpontzeko modua azalduko du; eta, Alberto Ceberiok mendi-ibiliak egiterakoan segurtasunari buruzko aholkuak eskainiko ditu.
Mendi Film Festival-ean izandako dokumentalek ere paper nabarmena izango dute agendan. Joan den urteko edizioan aurkeztutako lan onenetako zortzi proiektatuko dira ‘Bidaiarien txokoa’ programaren barruan. Horietako bat, gainera,”Jamie” izenburukoa izango da, 2024ko Film Labur Onenaren Saria jaso zuena.
Erakusketak
Begoñako udaltegiak bi erakusketa hartuko ditu: “Lurraren taupadak: Sumendietara bidaiak literaturan” eta Leonor Uriarteren “Isiluneak marrazten”, Landetako paisaiak karga poetiko handiz irudikatzen dituen irudi panoramikoen sail bat.
Literaturak ere bere lekua izango du edizio honetan 2023ko Desnivel Mendi Literaturako Sariaren finalista izan zen Begoña Santosen “Mujeres que mueven montañas” liburuaren aurkezpenarekin. Lan horrek mendizaletasun eta zientzia arloan ikusezin geratu diren emakume apartek protagonizatutako zortzi istorio biltzen ditu.
Kontzertua eta ipuin-kontalariak
Musikak ere bere txokoa izango du ‘Tangos, de Buenos Aires a Bilbao’ kontzertuarekin, non Iñaki Hernaiz porteñoaren ahotsak eta Ander Marzanaren pianoak tangorik ezagunenak interpretatuko dituzten, letrak proiektatuz publikoak abestuz parte har dezan.
Haurrentzat, euskarazko ipuin-kontaketa bat programatu da, “udaltegian bidaia” izenekoa, Itziar Saenz de Ojerrekin, 5-9 urte bitarteko umeei zuzendua, Begoñako liburutegian izango dena.








