Ingurune digitalean euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena

Eusko Jaurlaritzaren eta PuntuEUS Fundazioaren arteko hitzamenaren xedea da .eus domeinua eta euskara erabilera digitaleko hizkuntza gisa sustatzea

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta PuntuEUS Fundazioak ingurune digitalean euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatu dute. Elkarlanerako akordioak bi xede nagusi ditu. Alde batetik, .eus domeinuaren presentzia areagotzea. Bestetik, eremu sozial eta sozioekonomikoko ingurune digitalean euskararen erabilera sustatzea. Akordioari esker, PuntuEus Fundazioak 50.000 euro eta aurreikusitako egitasmoak garatzeko laguntza teknikoa jasoko du.

Eremu sozial edo pertsonalari dagokionez, erabiltzaileen ahalik eta gailu gehien euskaratzea lortu nahi da. Euskara erabiltzaileen hizkuntza nagusi gisa sustatzeko, lehenik eta behin, egoeraren azterketa egitea proposatzen da. Bertatik lortutako emaitzetatik abiatuta, .eus domeinuaren erabilera eta gailu elektronikoak euskaratzeko zenbait komunikazio ekintza egitea aurreikusten da.

Eremu sozioekonomikoari dagokionez, berriz, enpresak .eus domeinua erabiltzera animatu nahi da. Horrez gain, beren ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzea lortu nahi da. Eremu honetan lau lehentasun zehaztu dira:

  • Hizkuntza Politika sailburuordetzarekin zuzeneko harremana duten erakundeak
  • Enpresa-elkarteak eta horien kideak
  • Merkataritza eta ostalaritza
  • ETEak
Euskara ingurune digitalean

2017. urtean jasotako datuen arabera, EAEko web guneen % 16 inguruk du edukiren bat euskaraz eta % 1,3k ditu eduki guztiak euskaraz. Euskadin .eus domeinua duten web guneen artean, % 84 euskara hutsez dira.