Erosketak di-da batean!

Nahiago dituzu samur eta gozo, ala gatzdunak? Hobeto itxura gogor-gogorrekoak? Edo agian, zertxobait helduagoak? Akaso tamaina onekoei botatzen diezu begia? Behin edo behin, hemengoak probatu al dituzu? Krisian direla diote beti, behin baino gehiagotan agorte gogorrak jasatzen dituztela ere bai… Baserritarreko produktuez dihardut. Bertakoak probatzea gomendatzen dizut, organikoak dastatzea, sasoikoak… jada ez dira “hippien” kontuak!!

Gure lurraldeetan ekoizten diren produktuetatik, gutxienekoak bertan kontsumitzen dira, gehiengoak esportatzen direlako. Konturatu gabe, egunero gure onurak beste lurralde batzuetara garraiatzen ari gara. Hemengo enpresetako produktuak, ez al dira, bada, bertakoak? Askotan ez dakigu bereizten “edota ez dago ondo adierazita”, zein den ontziratze lekua eta zein jatorria. Esaterako, Hego Ameriketatik ekartzen diren zainzuriak, Nafarroako enpresetan lataratzen dira, eta napartzat erosten ditugu. Nahiz eta etiketak geroz eta informazio gehiago jaso, nahiz eta komunikazioaren garaian bizi… kontsumitzaileok inoiz baino konfundituago gabiltzala erosketetan nabaritzen dut.

Barazkiak lantzen edo abereak bazkatzen diren lurraldeak, erabilitako ur eta ongarriak, jasotako eguzki izpiak, eta bereiziki, zaintzen dituzten esku jakintsuek, elikagaiaren kalitatea anitz hobetzen du. Eta holakoak erostetik aurrera, “kontsumo talde” batean adibidez, dena onurarako da.

Ekologikoki eta ekonomikoki. Batetik, lurraren emankortasuna zaintzen delako: ongarri organikoak erabiliz; sasoiko eta lekuko produktuak sustatuz soilik; eta gertuko merkatuetan salduz. Eta bestetik, gure baserrien biziraupena lortuz: autoktono diren landa eta abereak ekoiztuz; bitartekaririk gabeko salmentak sustatuz; edota baserritarrei egindako lana eta esfortzua merezitako prezioetan ordainduz. Produktu ekologikoak, labedunak… garestiak direla? Hippie-pijoen modan bilakatu direla? Egia da enpresa erraldoiekin ezin dutela lehiatu, baina onurak ugariak dira!

Hezkuntza, osasun eta gastronomia. Merkatura joan eta edozein elikagai erosteko ohitura dugu. Gehiengoak naturaz gaindikoak dira edozein tenperatura, hezetasun edo giroan… Apur bat susmagarria ohiko merkatuko elikagai batzuen iraupena, ezta? Baina, sasoian-sasoiko produktu freskuak ekoiztuz, erosiz eta janez, elikagarri ugariago bereganatuko ditugu. Beraz, osasungarriagoak izango dira. Gaur-egun bezainbesteko aukerak izango ez bagenitu, elikadura-ohiturak nahita-nahiez, aldatu beharko genituzke, eta horrekin batera, hainbat gaixotasun sahiestu. Produktu hauen itxura askotan kaskarragoa izanda ere, askoz zaporetsuagoak dira, bestela galdetuiezue sukaldari ospetsuei ea zergatik erabiltzen dituzten!! Halaber, baserritar eta kontsumitzaileen arteko harreman estua eta zuzena sortzen denez, nola ekoizten dituzten ikusteko aukera ere izango dugu… “Esne gura dugula, di-da batean erosi edo freskagarria ireki eta kaxatik hartu, besterik ez dugu egin behar. Baina esnea ez dator kaxatik!! Prozesua askoz luzeagoa da. Beraz zuzenekoan ikusiz, gehiago balioetsiko ditugu elikagaiak.

Mugimendu “ez hain berri” honetan, kontsumitzaileak astero produktu ugariez osatutako otar bat jasoko du: bai etxean bertan, bai egokitutako merkatu hurbil batean. Di-da batean eta aukeratu behar gabe, erosketak eginak izango ditu. Bai denbora galanta aurreztu ere!! Herriz-herri hedatu den mugimendua da, eta ahoz-aho ezagutu eta parte hartutakoa. Gaur egun kide izateko eskariak pil-pilean dabilela, ekoizle gehiagoren bila dabiltza taldekoek.

Animatu eta zure udalerrian informa zaitez, ez zara damutuko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.