Ez haragi, ez arrainik

Nerea Segura

Pertsona askok, bere uste sendo eta pertsonalagatik, edozein abere-jatorri produktu jateari uztea erabakitzen du. Baina begetarianoa izatea, bizitza-filosofia da: elikadura-patroiaz gain, jarrera naturista eta ekologikoa barneratzen duena. Haien artean daude, animaliek emandako elikagaiak jaten dutenak (arrautzak, esnekiak, eztia…), obo-lakto-begetarianoak; edo zorrotzagoak direnak: beganoak (animalia eratorri produkturik ez), frugiboroak (fruta fresko eta fruitu lehorrak soilik jaten dituztenak), edota krudiboroak (fruta eta barazki gordinak soilik jaten dituztenak).

Baina, ba al dakizu zer den “carnism”? Duela gutxi arte nire hiztegian sartuta ez zegoen hitza da, eta ez dakit hura nola euskaratu dudan!! “Haragizalea” izan leike. Kontua da, azkenaldian, leku guztietan entzuten dudan hitza dela. Abereak (batzuk) jatera baldintzatzen gaituen sinestea edo joera da. Eta zentzu horretan, Melanie Joy psikologoak hurrengoa galdetzen digu: zergatik maite ditugu txakurrak, jaten ditugu txerriak eta janzten gara behiekin? Sinesmen eta bakoitzeko moraltasunaren arabera, galdera honek egunero jaten duguna birpentsatzea eragingo digu.

Zergatik jaten dugu abere-jatorri elikagairik? (Eta nik halakorik jaten dudala onartu behar dut). Haiek jatea aukeratzen dugu? Edo gure elikadura-kulturak horrela transmititzen digu belaunaldiz-belaunaldi eta arruntatzat jotzen dugu. Gogogabezia garbia da: Nik jaten badut, hura jaten erakusten dizut zuri. Gizakiak haragia jaterik naturala da? Aldeko eta aurkako jarrerak daude… hortik, Paleodieta eta Makrobiotikaranzko joera berriak (haietaz beste egun batean idatziko dut). Eta azkenik, haragia kontsumitzea beharrezkoa al da? Gomendio orokorrek diote, dieta osasungarri batek nagusiki begetala izan behar duela; eta ikerketa askok, elikadura begetariano zuzena nutrizio aldetik, elikadura orojale zuzena bezain orekatua dela frogatu dute. Eta bietan zuzenekoa azpimarratzen dut, bata eta bestea gehiegikeriagatik eta balio lehenetsiagatik desoreka daitezkeelako. Argi utzi behar dena, haragia proteina-iturri bakarra ez dela, ezta balio biologiko handienekoa ere. Abere-proteina iturri dira: arrautzako zuringoa, haragia, arraina eta itsaskiak; eta landa-proteina iturri dira: egoskariak eta fruitu lehorrak.

Baina, gaurkoan galdetu nahi dizuedana zera da: Begetarianoen artean haragizalerik al dago? Haietako norbait, haragia jateko beharra al du? Inor mintzeko adorerik gabe, bi egoera desberdin azalduko dizkizuet.

1) Zenbaitek, produktu ordezkatzaileak kontsumitzen dituzte, haragiaken ezaugarri organoleptikoak berdintzen dituztenak: soja-esnea, tofuzko saltxitxa eta hanburgesak, landa-nuggetsak, landa hirugihar eta foie-grasa, eta jada tradizionala den euskal-jaietako txistorra begetarianoa. Ez dute haragirik jaten, baina zergatik dute haiek ordezkatzeko beharra? Orojale eta begetarianismoaren trantsizioa errazteko modua izango da, edota ohituretan aldaketa drastikoak saihesteko.

2) Eta guztiak ezagutzen dugu, salbuespenak egiten dituen begetarianoren bat (noizbehinka urdaiazpikoa edo otarrainxkak jaten dituenak). Haragizale eta begetarianoa izatearen artean, grisa existitzen da eta “flexitariano” deitzen dira. Bere elikadura elikagai begetaletan oinarritzen da, baina noizean behin, haragia eta arraina kantitate txikitan kontsumitzen dituzte. Ez dituzte debekatutako elikagairik, uste osoengatik baizik mugitzen dira: ingurumenaren planetaren jasangarritasuna, osasunaren ardura eta animalien behargabeko sufrimendua saihestea esaterako (ehiza-abere, foie edo abeltzaintza intentsiboa). Ez da mugimendu “igarokor” berririk, horrela adibidez jaten zuten, baliabide gutxirekiko jendea duela urteak (eta askok gaur egun). Gutxiago zorrotza izatea, gaurko gizartean eramangarriagoa bihurtzen du, gehienbat etxetik at jatera irteterakoan.
Begetariano zorrotzenak, inkongruentzia bezala antzematen dute. Eztabaida bizia da, benetan!! Baina egia esanda, bizimodu berria hasteko modu erraza da: abere-babesa sustatuz, ingurumenarekiko ardura izanez eta osasuneko onura hobetuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.