Hasiberriak

Urria iritsi berria da, hasiberria zara unibertsitatean. Han, hiru ikasle-mota bereiz ditzakegu: errepidean joan ta etorri bizi direnak, “mugi”-ak; ikastetxe nagusi edo ikasle-egoitzan lehenengo urtea igarotzen dutenak, “hasiberri”-ak; eta zuzenean pisukideak bilatu eta elkarbizitzan hasten direnak, “ausarta”-k¬. Ordu anitz etxetik at, familiarengandik urrun. Bizikidetasuna ez da batere erraza, etxe-zereginak handi datozkizu: ohea goizero egin atondu, arropa jaso, garbiketa orokorra egin, birziklatu, zaborra jaitsi, harrikoa egin eta jatorduak prestatu. Jada, gurasoen mira duzu! Kideen eragina nabarmen da, estutasun ekonomikoa ere bai, eta janaria prestatzeko trebetasunik eza bereiziki sumatzen da; hau guztia, elikadura-ohituretan eragin zuzena du.

Klasera joan, taldeko lanak amaitu, praktikak, ikasketa-orduak (libutegia bisitatu), tutoretza-orduak, azterketak… eta gainera elikadura osasungarria eramateaz arduratu? Sukalde-zerbitzua dutenek errazago dute, otordu nagusiak bermatuta dituztelako. Campuseko jantoki eta tabernak aldiz, eskaintza erakargarria dute: ohitura onak ondo sustraituta dauden egiaztatzen dute edo aitzitik, patata-tortilla ogitartekoa eta vending-eko litxarkeriak liluratzen zaituzten; berdin edariekin, iturriko ura hartu edo freskagarriak nahiago dituzun. Adi! Janari azkarrak ez du zertan merkeago izan behar, beti ere, etxetik ekarritako tupper-ra duzu aukeran.

Ikerketa ugarik euskal unibertsitarioen elikadura aztertu dute, eta bat datoz. Ikasleek energia beharrak asetzen dituzue, baina era desorekatuan: gluzido urri eta gantz ugari, orokorrean, azken moda eta joerek eraginda. Ale integral, lekale, fruta eta barazkiak gutxi, beraz, zuntza eskas. Bestalde, animalia-jatorrizko proteinak (hesteki, haragi) soberan; beraz, asetutako gantzak neurrigabe. Aldiz, koipetsu-arrainak (omega 3) eta fruitu lehorrak (omega 6) ahaztutak daude erosketa-organ. Helegile eta errepikakorra da. Ondorioz, burni, magnesio eta zenbait bitaminen faltak, ohikoak dira.

Nerabezaroa eta gazteria bizitza-aldaketa garaiak dira (fisiko, psikologiko eta sozialki). Portaera-trantsizioa eta eraginak, kalteberan uzten ditu elikadura-jokaera arazoen aurrean: batzutan, gorputz-irudiaren kezkagatik; eta, sarritan, lagun-taldean onartuta sentitzeko. Janari-murrizketak alkohola edateko (drunkorexia), gimnasioarekin obsesionatu (bigorexia) edo ura era konpultsiboan edatea (potomania), esaterako —ur botila mahai gainean izatearen moda, jokaera arriskutsua ezkuta dezake—.
Akats dietetikoek etorkizuneko osasunean eragina dute: gizentasuna, diabetesa, hipertentsioa, kolesterola, anorexia; baina egungo egoeran ere bai. Errendimendua arriskuan jartzen dute: etekin akademikoa, buru-bizkortasuna, ulermen ahalmena, garapen kognitiboa… eta ikasle-urteak aurrera egin ahala, areagotzen dira.

Gosari urriak (ohikoa) egunean zehar sufrituko duzun nekea, gosea, estresa, estutasuna zehazten ditu; ondo betetzeak odoleko glukosa-mailak mantentzen ditu, eta beraz, produktibitatea. Bazkari oparoak saihestu, soingaineko klaseak arratsaldean badituzu: koipe gehiegikeriak digestio astunak dakar eta karbohidrato gehiegikeriak logurea. Kafeina dosi handitan ez da konponbidea: une batez arreta altxatuko dizu, baina gehiegikeriak nerbio-sistema suspertu eta kontzentrazio-zailtasuna dakar.

Egungo elikadura-patroia ez dator bat elikadura orekatuarekin, baina nota hobeak dituztenek arauak hobeto jarraitzen dituzte: ikasketak, ariketa fisiko eta atsedenaren arteko oreka bilatu; ordutegia doitu; asteroko menua antolatu, erosketa-zerrendari jarraitu dirua aurreztuz; aurrez prestatutako elikagaietara ez jo; eta barazkiak, frutak, bihi osoko zerealak, egoskariak, fruitu lehorrak –landare jatorrikoak– ez ahaztu.Gogoan hartu! Zure emaitzetan islatuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.