200 urte barru behia izango da animaliarik handiena

Etorkizunean behia izango da animaliarik handiena. Science aldizkarian argitaratu den ikerlan baten arabera, gure planetan bizi diren animalien batez besteko tamaina gero eta txikiagoa da. Fenomeno hori azaltzeko hainbat faktore aipa daitezke, baina horietatik guztietatik gizakion eragina da nagusiena. Ikerlanean azaltzen denez, gizakion kopurua biderkatu ahala, animalia handien kopurua murrizten hasi zen eta, egun den joera mantentzen bada, 200 urte barru gure artean izango den animaliarik handiena behia izango da.

Ikerlanaren arabera, ugaztun handien desagerpenak bat egiten du gizakion jarduerarekin. Duela 126.000 urte ugaztun handiak nagusi ziren ia kontinente guztietan (mamutak, hartz erraldoiak, errinozero iletsuak…) Gizakiak Afrikatik atera eta beste lurraldeetatik hedatzen hasi zirenean animalia erraldoi horien kopuruak nabarmen egin zuen behera.

Ikerketaren egileen ustez, gaur egun galzorian diren espezie guztiak desagertuko balira, animalien batez besteko tamaina % 30ean txikituko litzateke. Hori dela eta, etorkizunean behia izango da animaliarik handiena.

Gezurra badirudi ere, gizakiok faunaren aniztasunean dugun eragin negatiboaren adibiderik garbiena Europan bertan dugu. 1986an Txernobyleko zentral nuklearrak eztanda egin zuen izugarrizko kalteak eraginez. Zentrala zen tokian, oraindik erradioaktibitate-maila nabarmena da eta, horregatik, esklusio eremu bat ezarri zen gizakiontzat. Gaur egun, eremu horretan den animalia-aniztasuna izugarria da (otsoak, basurdeak, bisonteak…). Gizakion eraginik gabe, espezie horiek (erradiazioa altua izan arren) biderkatzeko aukera izan dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.