Gero eta feministagoak

Gero eta gehiago dira beren burua feministatzat duten 15 eta 29 urte bitarteko gazte espainiarrak. 2017an kopurua % 34,8koa bazen, 2019an ia
% 50era iristen da.

Nolanahi ere, oraindik bikotearen kontrolarekin lotutako jarrera matxistak mantentzen edo hazten dira. Adibidez, “bikotekidearen mugikorra begiratzea engainatzen zaituela uste baduzu” normaltzat hartzen duten gazteen ehunekoa % 14,5etik % 16,5era igo da mutilen artean. Mutilen artean ere % 10etik % 15era igo da gatazkak saihesteko hobe dela zure bikotekideari gustatzen zaion arropa janztea hobeto denaren ideia. Bai eta jeloskortasuna existitzea normala denaren ustea ere, “maitasun froga baitira”. Azken ideia hori mutilen % 25ek aipatu du aurten bertan, eta % 24k duela bi urte. Baieztapen horiekin guztiekin adostasuna azaltzen duten nesken kopuruak, zorionez, behera egin du.

Horiexek dira Banco Santanderrek eta Telefónicak Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioarekin elkarlanean finantzatutako FADeko Nerabeei eta Gazteei buruzko Reina Sofia Zentroak egin duen “Gazteria eta Generoa  barometroa 2019. Identitateak eta irudipenak errealitate konplexu batean” txostenaren emaitza esanguratsuetako batzuk.

Generoagatiko diskriminazioa

Aipatu barometroan lortutako emaitzen arabera, 15 eta 29 urte bitarteko hamar gaztetik zazpi diskriminatuta sentitu dira eguneroko bizitzan.

Nesken eta mutilen artean, nesken erdiek generoagatiko diskriminazioa jasan dute, eta mutilen kasuan, berriz, % 20k baino gutxiagok. Diskriminazio-tasa handienak, beraz, neskek dituzte, eta horiek aipatzen dutenez, jarrera diskriminatzaileak, nagusiki, kalean (% 52,4), lan-eremuan (% 43,2) eta taberna, aisialdirako lokal eta beste zerbitzu mota batzuetan
(% 33) antzematen dituzte.

Mutilen kasuan, berriz, kalean ez ezik (% 29,1), diskriminazioa poliziarekiko tratuan (% 23,9) eta zerbitzu publikoetarako sarbidean (hezkuntza, osasuna, gizarte-laguntzak, Administrazio Publikoaren tratua, instalazio publikoetarako sarbidea, etab.) hauteman dute.

Generoagatiko diskriminazio egoera onartezinei dagokienez, ikerketak erakusten du bilakaera txikia izan dela azken bi urteetan, bi kontutan izan ezik. Horrela, 2017an, “Kalean jasotako piropoak” onartezintzat jotzen zituzten gizonen ehunekoa emakumeena baino handiagoa zen bitartean (onartezina zen emakumeen % 24,80rentzat eta % 30,2rentzat 2017an), 2019an ehuneko horiek lehengoratu egin dira; hots, piropeatzea onartezina da 15 eta 29 urteko bitarteko emakumeen % 36,8rentzat eta gizonen
% 28rentzat.

Antzeko kasu bat gertatzen da “pixoihalak aldatzeko makinak emakumeen komunean egotea” kontuarekin. 2019an, egoera ez da onargarria emakumeen % 22,5entzat eta gizonen % 17,1entzat.

Hala ere, “taldean egonda, gizonen iritzia kontuan hartzea” gaiari emandako garrantzia nabarmen jaitsi da emakumeen kasuan (% 32,5 2017an eta % 20 2019an) eta gizonen kasuan (% 14,1 2017an eta % 20,4 2019an).

Lan esparrua

Neskek mutilek baino neurri handiagoan identifikatzen dituzte desberdintasun-egoerak kontsultatutako eremu guztietan, bereziki, lanbide- eta lan-bizitzei dagokienez. Eta horren barruan, nagusiki, erantzukizuneko lanpostuak eskuratzeari dagokionez eta familia- eta lanbide-bizitza uztartzeko aukerari dagokionez.

Bi gaztetik batek (% 49,6) uste du emakumeen egoera gizonena baino okerragoa edo askoz okerragoa dela soldatei dagokienez, eta pertzepzio hori askoz altuagoa da nesken kasuan (% 62) mutilen kasuan baino (% 41). Halaber, alde nabarmenak daude (% 17) emakumeek enplegu bat aurkitzeko edo dirua irabazteko aukera gutxiago dituztela adierazten denean.

Lanbideei dagokienez, gazteen gehiengoak dio lan-orientazioek ez dutela generoaren arabera ardaztu behar. Hala ere, lanbide oso zehatzei buruzko estereotipo batzuek bere horretan jarraitzen dute.

Ikusten da eremu asistentzial eta sanitarioa oraindik ere egokiagotzat jotzen dela emakumeentzat. Mutilen % 32,4k eta nesken % 31,5ek egokiagotzat jotzen dute lanbide horiek emakumeentzat. Bestalde, beste muturrean, ingeniaritzen esparrua egokiagotzat jotzen da gizonentzat: mutilen % 33,8k eta nesken % 30,3k horrela uste du.

Bikote harremanak

Generoak ere modu erabakigarrian eragiten du gazteon arteko harremanak ulertzeko eta bizitzeko moduan. Bikotekidea izatea garrantzitsua da mutilen % 48,9rentzat eta nesken % 42,6rentzat.

Bikotekidearekin bizitzea eta seme-alabak izatea gazte gehienen etorkizuneko iruditeriaren parte da, bai neskena, bai mutilena. Izan ere, emakumeen % 70ek eta gizonen % 66k irudikatzen dute etorkizun bat seme-alabekin.

Gazteriaren gehiengo handi batek (% 75,3) bikote bakarraren aldeko apostua egiten du eta noizean behingo bikoteen (% 7,6) edo bikote irekien (% 6,7) aukerak minoritarioak dira. 

Adostasun handia dago bikotearen barruan banakako espazioak errespetatzeko beharrari dagokionez (% 62,8). Hala ere, neskek babesten dute gehien baieztapen hori (nesken % 73 eta mutilen % 55,1).

Txostenak erakusten duenez, halaber, zertxobait handiagoak dira amek etxetik kanpo egiten duten lanak familia-bizitza min dezakeela uste duten gazteen ehunekoak, aitak egiten duenak baino neurri handiagoan. Jarrera hori gehiago babesten dute mutilek (% 45) neskek baino (% 41,9).

Hori bai, oraindik estereotipoek irauten dute. Hala, mutilen % 32,6k eta nesken % 22,5ak uste du emakume gehienek nahiago dutela etxe bat sortzea eta seme-alabak izatea, etxetik kanpoko lan profesionala mantentzea baino.

Etxeko lanen banaketari dagokionez, etxeko lanak gizonek eta emakumeek berdintasunez egiten dituztenaren iritzia da nagusi, nahiz eta nesken % 43k eta mutilen % 30ek dioten zeregin horiek batez ere emakumeek egiten dituztela familiaren etxean.

Presio soziala eta genero-estereotipoak

Gazteentzat presio handiena lan-arrakastan eta arrakasta akademikoan aukitzen da (nesken % 56k eta mutilen % 46k horrela adierazten du). Ondoren dator “beste pertsona batzuei huts ez egitea” (% 53 emakumeak eta % 41 gizonak).

Neskek eta mutilek sentitzen duten presio sozialaren pertzepzioei buruzko emaitza horiek lotuta daude feminitateari eta maskulininitateari buruz erabiltzen dituzten estereotipoekin. Neskei eta mutilei lotzen zaizkien edo egozten zaizkien ezaugarri pertsonalek argi eta garbi adierazten dute “betebeharra” femeninoa eta maskulinoa dela, betiere, gazteen pertzepziotik abiatuta.

Gazteek feminitatearen inguruan duten irudia bat dator emakumeen irudi tradizionalarekin (ahalegina, lana, erantzukizuna, zuhurtzia) eta adierazpen emozionalarekin (samurtasuna, sentsibilitatea, ulermena) oso lotuta dauden zenbait elementurekin. Bestalde, maskulinitatearen irudia gehiago eraikitzen da proaktibitatearen eta ekintzaren zentzutik (dinamikoak, aktiboak, ekintzaileak, independenteak), mendekotasun emozionaleko, azaleko eta posesibitateko elementu garrantzitsuekin.

Horri dagokionez, feminitateari eta maskulinitateari buruzko irudi tradizionalek jarraitzen dute: emakumeak “langile eta ikastunak”, “adimentsuak” eta “arduratsuak eta zuhurrak” dira, eta gizonak, berriz, “dinamikoak eta aktiboak” eta “langileak eta ikertzaileak”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.