Genero-arrakala berean mantentzen da Euskadin

Krisiaren eragina handiagoa izan zen gizonengan eta horien langabezia-tasak emakumeena gainditu zuen. Baina susperraldia positiboagoa izan da gizonentzat eta, gaur egun, langabezia-tasa negatiboagoa da emakumeentzat. Hori da, hain zuzen ere, Eustatek landu duen “Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna Euskal Autonomia Erkidegoan 2020″ txostenean jasotzen den ondoriorik nagusietako bat.

Txostena lau ardatz nagusitan banatzen da eta horietan, genero-ikuspegitik, Biztanleria; Ordaindutako lana; Errenta pertsonala eta familiarra; eta, Emakumeen aurkako indarkeria aztertzen diren.

Eustaten datuek agerian uzten dute ekonomiaren susperraldiak areagotu egin duela emakumeen enpleguaren prekarietatea. Izan ere, 2019an, emakumeen kontratu-mota gizonena baino kalitate txarragokoa da, emakume gehiago baitaude aldi baterako kontratuetan (124.500 eta 108.400, hurrenez hurren) eta baita kontraturik gabekoetan ere (6.000 eta 2.200, hurrenez hurren).

Hirugarren sektorea da biztanleria aktibo gehien biltzen duen sektorea eta bertan, emakumeek gizonek baino pisu handiagoa dute (% 53 eta % 39, hurrenez hurren). Era berean, sektore horretan emakumezko langabe gehiago daude (% 6) gizonezko baino (% 2). 

Emakumeek pisu handiagoa dute osasun-jarduerekin eta gizarte-zerbitzuekin (% 77), hezkuntzarekin (% 68), beste zerbitzu batzuekin (% 63) eta ostalaritzarekin (% 55) lotutako sektore ekonomikoetan, besteak beste.

Hirugarren sektorea da biztanleria aktibo gehien biltzen duen sektorea eta bertan, emakumeek gizonek baino pisu handiagoa dute. Halaber, emakumeek pisu handiagoa dute osasun-jarduerekin eta gizarte-zerbitzuekin  hezkuntzarekin, beste zerbitzu batzuekin  eta ostalaritzarekin  lotutako sektore ekonomikoetan.

Txostenak agerian uzten duenez, gizonek etxeko lanetan duten parte-hartze tasa, igoera baten ostean, nabarmen jaisten hasi dira. Horrela, aipatu tasa, 2018. urtean, ia % 90ekoa zen emakumeen kasuan, eta % 60 baino zertxobait goragokoa gizonen kasuan.  

Biztanleria aktiboak erantzunkidetasuna orekatzen du biztanleria ez-aktiboa baino neurri handiagoan. Hala, emakume aktiboen % 89k etxeko lanak egiten zituen 2019an, eta gizonen % 68k. Biztanle ez-aktiboaren artean, emakumeen artean % 77 ziren, eta gizonen artean, berriz, % 48. 

Errenta pertsonala eta familiarra

Eustaten txostenaren arabera, EAEn 2017an zen batez besteko errenta pertsonalaren arrakala 10.445 eurokoa izan zen eta ez da ixten 2001 eta 2017 artean. Arrakala hori bereziki zabaltzen da lan-errentetan (6.424 euro) eta transferentzietan (2.647 euro). Zentzu horretan, azpimarratu behar da emakume atzerritarren batez besteko errenta pertsonala, hainbat kasutan, gizon atzerritarren batez besteko errentaren ia erdia dela.

Emakumeak nagusi dira (% 66) urteko batez besteko 18.000 eurotik beherako errenta-mailetan, eta gizonak (% 60), berriz, dira zifra horretatik gorako mailetan.

Adinarekin, emakumeen eta gizonen batez besteko errenta pertsonalean den aldea areagotu egiten da, batez ere, lan-errenten eta transferentzien ondorioz.

Alderik handiena 65 eta 69 urte bitartekoen artean emango litzateke. Adin-tarte horretan, gizonek emakumeek baino 17.309 euro gehiago irabazten dituzte. Guztizko errenta pertsonal handiena 55 eta 59 urte bitartean lortzen zen, bai emakumeen kasuan, bai gizonen kasuan: batez besteko errenta 20.747 eurokoa zen emakumeentzat, eta 34.436 eurokoa gizonentzat.

Batez besteko errenta pertsonalean emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna handiena, transferentziek eragindakoa, erretiro-adinaren ondoren dator, 65 eta 75 urte bitartean, hain zuzen ere. 

Batez besteko errenta familiarrari dagokionez, hartzaile nagusia emakumea duten familiek batez besteko familia-errenta nabarmen txikiagoa dute gizona buru dutenak baino. Familia burua gizona izanez gero, familiek batez beste 47.235 euroko diru-sarrerak zituzten, eta gehienak tarteko errentako eta errenta altuko mailetan biltzen ziren. Familia burua emakumea izanez gero, familiaren batez besteko errenta 37.405 eurotan geratzen zen, eta maila baxuetan biltzen zen. 9.001 eurotik 12.000 eurora bitarteko mailan familia horien % 8 zeuden.

Erasotzaile gehienak bikotekideak edo bikotekide ohiak dira

2018an, Ertzaintzak emakumeen aurkako bost mila indarkeria-kasutik gora erregistratu zituen, azken 10 urteetako kopururik handiena. Hamar kasutik bederatzitan egilea emakumearen familia-ingurunekoa zen, eta hamarretik zazpitan egilea haren bikotekidea, ezkontidea edo bikotekide ohia izan zen. Era berean, biktimaren familia-ingurunetik kanpoko egileek eragindako indarkeria-kasuen kopuruak ere gora egin duela azpimarratu behar da. Bikotekidearen edo bikotekide ohiaren eskutik indarkeriaren biktima izan diren hamar emakumetik zazpik 20 eta 50 urte artekoak ziren.   

Hurbileko familia-inguruneko indarkeriaren biktima diren emakumeetatik, heren bat adingabea da, eta beste heren bat 50 urtetik gorakoa. 

Iturri beraren arabera, emakumeen sexu-askatasunaren aurkako 388 delitu izan ziren, familia-esparrutik kanpoko egile batek gauzatutakoak. Horrelako sexu-delituen biktima izan diren emakumeen kasuan, % 56k 20 urte baino gutxiago zituen, eta horien artean 18 urtetik beherako 155 biktima daude.

Sexu-askatasunaren aurkako delitu horietan, sarritan indarkeria fisikoa azaltzen da (3.000 baino gehiagotan). Indarkeria fisikoa, nagusiki, erasotzailea eta biktima lotura sentimental batez lotuta dauden edo egon diren kasuetan azaltzen da (erregistratutako indarkeria-kasu guztien % 74,8).

Azkenik, nabarmendu behar da biktima diren emakumeen kopurua (4.244) kasu kopurua (5.135) baino txikiagoa dela, emakume batzuek behin baino gehiagotan jasan baitute indarkeria. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.