Nola ulertu finantza produktuen arriskua?

Interes-tasak, bonuak, obligazioak, akzioak, zor pribatua, errenta finkoko aktiboak, arriskuaren dibertsifikazioa… Horiek guztiak dira jende gehienak bizitzako uneren batean aurre egin beharko dien finantza-kontzeptuetako batzuk. Baina errealitatea da biztanleriaren zati handi bat ez dagoela horrelako kontzeptuetara ohituta eta, kasu gehienetan, ez dituela termino horiek ondo ulertzen.

Pertsona askok ezagutza gabezia handiak ditugu hainbat finantza-produktu kontratatzeko orduan, hala nola, hipoteka bat behar bezala eskatu eta tramitatzeko orduan edo pentsio-plan batean inbertitzeko orduan. Espainiako Bankuaren eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren (BMBN) Finantza Eskumenen Inkestaren arabera, Espainiako biztanleen % 46k uste du bere finantza-ezagutzak “baxuak” edo “oso baxuak” direla. Ezagutza “altua” dutela uste dutenen kopurua % 8koa besterik ez da.

Aipatu inkestaren arabera, hamar biztanletatik lauk ez du inflazioaren kontzeptua ulertzen. 18 eta 24 urte bitarteko gazteen artean ezjakintasun hori % 51raino hazten da. % 54k ez daki zer den interes konposatua, eta % 51k ez du arriskuaren dibertsifikazioaren ideia ulertzen. Gainera, erantzun zuzenen kopurua % 11 baxuagoa da emakumeen artean gizonen artean baino. ‘Ez dakit’ erantzuna era maizago ematen da emakumeen artean gizonen artean baino.

Azken urteotan, ahalegin handiagoa egin da finantza-gabeziak zuzentzeko, eta finantza-produktuei buruzko informazioa eskuragarriago eta gardenago bihurtzeko neurriak ere hartu dira

Baina ezagutza falta horren arazoa ez da soilik Estatura mugatzen. Izan ere, Espainiako biztanleek aipatu kontzeptuen inguruan duten ezagutza-maila Europar Batasuneko beste herrialdeetan dutenaren antzekoa da. Eta horrek guztiak, beraz, hiritarron finantza-hezkuntzan sakontzeko beharra agerian uzten du.

Ezagutza handiagoarekin erabaki hobeak

Finantza-kontzeptuak modu mugatuan ulertzeak pertsona askorentzat hoberenak eta egokienak ez diren erabakiak hartzea dakar, eta horrek zorpetze handiagoa eta aurrezki txikiagoa eragin ditzake. Horregatik, finantza-produktu bat erosteko asmotan ari bagara, erabakirik egokiena hartzen lagunduko digun aditu baten aholkularitzara jo behar da beti.

Gogoan izan behar da banku-produktu mota batean inbertitzen denean, beti, arrisku-maila jakin bat onartzen dela, eta neurri handiagoan edo txikiagoan, horrek dirua galtzea eragin dezakeela. Finantza-arriskua inbertsio batek eragin dezakeen ziurgabetasunari dagokio.

Banku- eta finantza-produktuen arrisku-adierazlearen helburu nagusia inbertitzaile txikien babes-maila handitzea eta zenbait berme eskaintzea da, pertsona orok jakin dezan zer arrisku-maila hartzen duen bere gain aurrezki-produktuak kontratatzean

Inbertitutako kapitalari eragin diezaioketen zenbait aldagai daude. Horien artean, nabarmentzekoak dira, adibidez, merkatuen ezegonkortasuna, aukeratutako sektorean gertatzen diren aldaketak eta, are gehiago, alderdietako batek kapitala itzuli ezin izateko probabilitatea.

Azken urteetan, Espainiako Bankua eta BMBN bezalako erakunde publiko ezberdinek eta hainbat finantza-erakundek ahalegin handia egin dute gabezia horiek guztiak zuzentzeko, eta finantza-produktuei buruzko informazioa eskuragarriago eta gardenago bihurtzeko hainbat neurri hartu dira.

Banku- eta finantza- produktuen arrisku-adierazlea

Horrelako produktuak ulergarriago egiteko azken urteetan sartu den ekimen garrantzitsuenetako bat haien arrisku-maila zehazteko metodo berri bat hartzea da. Horrela, inbertitzaileak babesteko, finantza-produktuen arrisku-adierazleak ezarri dira. Sistema estandarizatu horren bidez, zenbait produktu kontratatzean zer arrisku-maila hartzen duten jakin ahal dute aurreztaileek. Adierazle hori, adibidez, etxetresna elektrikoen eraginkortasun energetikoa adierazteko erabiltzen den sistemaren antzekoa da, baina kasu honetan, 1etik 6ra bitarteko zenbakietan erakusten da kontratatu nahi den produktuarekin hartzen den arrisku-maila, bai eta haren likidezia eta konplexutasuna ere.

Adierazle horren helburu nagusia inbertitzaile txikien babes-maila handitzea eta zenbait berme eskaintzea da, pertsona orok jakin dezan zer arrisku-maila hartzen duen bere gain aurrezki-produktuak kontratatzean.

Esan bezala, segurtasun-neurri horrek sei arrisku-mailatan sailkatzen ditu finantza-produktuak, eta inbertsio-produktuak merkaturatzen dituzten erakunde guztiak behartuta daude produktu horien ezaugarriak agertzen diren leku guztietan sartzera, bulegoan zein web orrian. Gainera, informazio horren berri eman behar zaio bezeroari hitzarmena edo kontratua itxi aurretik.

Adierazle horri esker, begiratu batean, produktu bat komeni den edo ez egiazta daiteke, produktuak hobeto baloratzeko aukera eta gardentasun eta informazio gehiago ematen du. Hala ere, kontuan hartu behar da inbertsio-funtsak eta zor publiko nazionalak, autonomikoak edo tokikoak ez daudela adierazle horretan sartuta.

Horrela, 1/6 adierazlea arrisku gutxien dituzten produktuetan azalduko litzateke, hala nola, gordailuetan edo dirua galduko ez dela bermatzen duten aurrezki-aseguruetan (aurreikuspen-plan aseguratuak). Ostera, 6/6 adierazlea arrisku-maila altuena duten produktuentzat erabiliko litzateke: akzioak, zor pribatua, zor-agiriak eta zedulak. Produktu horietan guztietan hasierako kapitala ez dago bermatuta.

Zenbait erakundek, adierazlearen azpian informazio osagarria azaltzen dute, adibidez, 100.000 euro bitarteko babesa ematen duen Gordailuak Bermatzeko Funtsak (GBF) produktu hori babesten duen ala ez. Zenbait kasutan, produktuaren konplexutasunaren edo likideziaren inguruko oharrak ere azal daitezke.

Arrisku-maila

  • 1/6: Produktu batek izan dezakeen arrisku-mailarik baxuena da. Banku-gordailuetan azaltzen da, ageriko gordailuak, aurrezki gordailuak eta epekako gordailuak barne. Adierazle hori ere aurreztea helburu duten aseguru-produktuetan aurki daiteke, aurreikuspen-plan aseguratuak barne. Kasu horretan, Gordailuak Bermatzeko Funtsak 100.000 eurora arteko bermea eskaintzen du.
  • 2/6: Eurotan izendatutako finantza-tresnen kasua litzateke, inbertitutako kapitalaren % 100 gutxienez 3 urteko edo gutxiagoko epean itzultzeko konpromisoa dutenak. Horrez gain, gutxienez, BBB+ rating-a izan beharko dute. Hemen leudeke, adibidez, epe motzeko errenta finkoak.
  • 3/6: Arrisku ertaina-baxua. Eurotan izendatutako finantza-tresnak, inbertitutako kapitalaren % 100 gutxienez 3 urtetik 5 urtera itzultzeko konpromisoa dutenak. Gutxienez, BBB- rating-a izan beharko dute.
  • 4/6: Arrisku ertaina-altua. Eurotan izendatutako finantza-tresnak, inbertitutako kapitalaren % 100 gutxienez 5 urtetik 10 urtera itzultzeko konpromisoa dutenak. Gutxienez, BBB- rating-a izan beharko dute. Hemen leudeke, adibidez, epe luzeko errenta finkoak.
  • 5/6: Hamar urtetara inbertsioaren % 100 edo epe laburragoan inbertsioaren % 90 bueltatzeko konpromisoa duten finantza-tresnak. Kasu bietan, gutxienez, BBB- rating-a izan beharko dute. Errenta aldakorra.
  • 6/6: Arrisku oso altua. Adierazle hori finantzetan adituak diren pertsonentzat diseinatutako finantza-produktuei dagokie. Kasu horietan, inbertsoreek badakite onura handia lor dezaketela, baina baita dena gal dezaketela ere. Hemen leudeke, adibidez, akzioak, errenta finko pribatua, zedulak edo mendeko errentak.

Alerta gehigarriak

Bestalde, finantza-erakundeek bestelako alerta gehigarriak barneratu behar dituzte eskainitako produktuaren likidezia eta konplexutasunaren baitan. Ohar horiek ikonoekin lagunduko dira. Horrela, ulertzeko zailagoak diren produktuen kasuan honako oharra eraman beharko dute: “Erraza ez den eta ulertzeko zaila izan daitekeen finantza-produktua”. Produktuaren konplexutasun-oharra harridura-sinbolo batekin adierazten da (!).

Era berean, produktuak likidezia-muga batzuk baditu, epe barruan edo aldez aurretik saltzeko arriskuan, kandadu baten edo biren bidez adieraziko da, azalpen gehigarri baten ondoan.

Honako muga hauek izan daitezke:

  • Kapitala (edo, hala badagokio, horren ehuneko bat) itzultzeko konpromisoa mugaegunean baino ez da, eta aldez aurretik saltzeak galerak eragin ditzake.
  • Kapital bermatua epemugan baino ez da, eta erreskate-eskubidea gauzatzean egindako mobilizazioak galerak eragin ditzakeen penalizazioa dakar.
  • Salmenta edo ezeztapena ez da posiblea edo oso galera handiak ekar ditzake.
  • Inbertitutako kapitalaren zati baten edo osoaren aldez aurreko errenboltsoak, erreskateak edo itzultzeak komisioak eta zigorrak izango ditu.
  • Inbertitutako kapitalaren zati baten edo zati nagusiaren aldez aurreko errenboltsoak, erreskateak edo itzultzeak gutxieneko epe esanguratsu bat bete behar dute.
  • Prestazioa kobratzea edo erreskate-eskubidea erabiltzea pentsio-planen eta -funtsen araudian erregulatutako aparteko likidezia-gertakizun edo -kasuren bat gertatzen denean bakarrik izango da posible.
  • Kapital bermatua epemugan baino ez da, eta, mobilizazioak edo erreskate-eskubidea erabiltzeak galerak eragin ditzakeen penalizazioa dakar.

Arantzazu Mondragon. Laboral Kutxako bulego zuzendaria

“Oinarrizko kontzeptuak ezagutzea garrantzitsua da”

Hainbat azterlanak agerian utzi dutenez, gure inguruan zein Europan, hiritarrok dugun finantza-hezkuntza maila nahiko eskasa da. Zein da zure ustez horren arrazoi nagusia eta zer nolako ondorioak ditu?

Esango nuke gazteen hezkuntzan finantza hezkuntzari lotutako gaiak ez direla nahiko lantzen, eta beraz ez dituztela oinarrizko ezagutzak garatzen. Momentu batean edo bestean, denok izango dugu finantza produktuak kontratatzeko beharra, eta onena formazio hori aurrez jasotzea izango litzateke. Gugana datozen bezeroek gugandik informazio eta azalpenak jasotzen dituzte, baina oinarrizko ezagutza faltaren ondorioz kontratatzen diren produktuak ez ulertzera eraman dezake bezeroa, eta baita bere diru sarrera eta gastuen kudeaketa ez egokia egitera ere.

Espainiako Bankuak iaz argitaratu zuen txosten baten arabera, ezagutza falta hori bereziki kezkagarria da gazteen artean. Datorren urriaren 5ean Finantza-hezkuntzaren Eguna ospatuko dela aintzat harturik, finantza sistemaren inguruko edukiak hezkuntza sisteman gehiago jorratu beharko liratekeela uste al duzu?

Bai, oinarrizko kontzeptuak ezagutzea garrantzitsua da. Eskola/ikastolan matematika, ingelesa edo historia bezalako irakasgaiak ikasten diren bezala, finantzekin lotutako irakasgai bat ere egon beharko litzateke, edozein hezkuntza- ibilbide aukeratzen duen ikasle orori eskainia. Azken finean, gaur egun 18 urte betetzean gazte askok irekitzen dute kontua, txartela eskatu… eta batzuetan gurasoen laguntzarekin edo hauen aurretiazko azalpenekin etorri arren, gehienetan bulegora hurbiltzean ez dute produktu horien ezagutzarik izaten. 

Duela zenbait urte finantza-produktuen arrisku-adierazlea jarri zen abian, besteak beste, ezagutza gabezia horiek estaltzeko eta bezeroei babesa eskaintzeko. Zeintzuk dira horrelako sistema batek eskaintzen dituen onurak?

Kontu desberdinen informazioa ematean, guk eman ditzakegun azalpenez gain, araudiak kontratu aurreko informazioan eta kontratuan minimo batzuk azaltzea ere eskatzen du, horien artean daude 1etik 6rako arrisku adierazlea, giltzarrapoak likidezia-maila adierazteko eta harridura ikurrak produktu konplexuen kasuan. Erraz ulertu daitezkeen ikurrak dira eta produktu desberdinen konparaketa erraztu dezaketenak. Informazio horrekin produktua norberak duen beharretara eta preferentzietara egokitzen den balora dezake bezeroak.

Adierazle horrek, sinplea izanagatik, ezin du produktu zehatz baten inguruko informazio guztia eman. Hortaz, zer egiten duzue finantza-erakundeetan lan egiten duzuen profesionalek bezeroei aholkularitza osagarria eskaintzeko? 

Gure eguneko lanaren zati bat horretan datza. Lehen aipatu dudan bezala, finantza hezkuntza falta den heinean garrantzitsua da produktuen inguruko informazioa ematea, eta bezeroei informazio hori guztia ulertzen laguntzea. Adibidez, aurrezkien errentagarritasuna bilatzen denean, testak egiten ditugu, lehengo bezeroen ezagutza maila jakiteko, eta ezagutza nahikoa izanik, hartu nahi duen arrisku mailara eta bilatzen duen helburura egokitutako produktuak eskaintzeko. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.