Pandemiak etxe askotako egongelak, logelak eta sukaldeak ‘bulego’ bilakatu ditu. Telelana bat-batean sartu zen hainbat etxetan pandemiaren lehen olatuan, martxoak aldera, Gobernuak alarma-egoera agindu, biztanleak konfinatu eta ahal zenean telelana egitea gomendatu zuenean. Horiek izan ziren birusa geldiarazteko hartu ziren lehenengo neurriak.

Ordura arte, Estatu mailan, oso jende gutxik egiten zuen lan etxetik. 2019an, Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) datuen arabera, langileen % 4,8k bakarrik egiten zuen lan etxetik. Asturiasen kopuru
hori % 6,6raino hazten da, baina, Errioxan, adibidez, % 3,6koa besterik ez da. Gure artean, berriz, etxetik lan egiten zuten langileen batez bestekoa nahiko baxua da: % 4,6 EAEn eta % 4 eskasa Nafarroan. Kopuru horien aldean, Europar Batasunean, batez beste, etxean lan egitera jotzen duten langileak % 5,3 dira. Aipamen berezia merezi dute  Herbehereak eta Finlandia (% 14) eta Luxenburgo (% 11,6).

Alarma-egoeraren eragina

Alarma-egoeran ezarritako konfinamenduarekin, egoera erabat aldatu da, eta maiatzean argitaratutako Valentziako Ikerketa Ekonomikoen Institutuak egindako azterlan baten arabera, urruneko lanak Estatuan izan duen eragina langile guztien % 34raino igo zen. 

Aurtengo apirilean, eta Eurofondek egin duen inkesta baten arabera, Estatuan lanean ari ziren pertsonen
% 30,2k adierazi zuen telelanean hasi zela koronabirus-pandemiak sortutako egoeraren ondorioz.

Espainiako Estatistika Institutuaren datuetan oinarrituta Randstad giza baliabideen enpresak berriki egindako azterlan batek azpimarratzen duenez, urte honetako bigarren hiruhilekoan, Espainian, 3.015.200 langile ari ziren telelana egiten ohikotasunez. 

Randstad giza-baliabideen enpresaren txosten baten arabera, gaur egun, Euskadin eta Nafarroan, langileen % 12,6 eta % 12,5 telelanean ari dira, hurrenez hurren.

Kopuru hori, pasa den urtean jasotakoa baino % 216,8 handiagoa izango litzateke, telelanean ari ziren langileak, kasu horretan, 915.800 baitziren. Kopuru hori 3,2 aldiz biderkatu da urtebete eskasean. Hala, 18,6 milioi langileetatik % 16,2k etxetik lan egiten ohi du. Randstadek egindako azterlanaren arabera, Euskadin eta Nafarroan, langileen % 12,6k eta %12,5ek telelana egiten dute, hurrenez hurren.

Egoerak hala behartuta telelanaren hazkundea azken urtean izugarria izan bada ere, Espainiako Bankuaren esanetan, oraindik ere tarte handia dago lan-modalitate horrek hazten jarrai dezan, bereziki sektore kualifikatuenetan. “El teletrabajo en España” artikuluan Espainiako Bankuak lan-modalitate horren etorkizuna aztertzen du eta bertan jasotzen denez, Espainian lan egiten duten pertsonen % 30,6k urrutitik lan egin lezakete, hau da, 6 milioi pertsonak baino gehiagok. Erakunde horren arabera Euskadiko langileen % 34,2k (319,835 langile) telelanean aritzeko aukera izango luke eta Nafarroan, berriz, % 29,9k (86.452 langile).

Orain arte, Espainian, telelana modu orokorrean araututa zegoen Langileen Estatutuan, lan-modalitate hori garatzen zuen lege bat gabe. Hori dela eta, hil honen 13an indarrean sartu da urrutiko lana arautzen duen Errege lege-dekretua. Arau berriak enpresaren eta langileen eskubideak eta betebeharrak argitzen saiatzen bada, hainbat alderdi negoziazio kolektiboaren irizpideari uzten dizkio. 

Zer da telelana?

Lege berriaren puntu garrantzitsu bat telelanaren definizioa da. Hau da, zein lan-egoera diren telelana eta, ondorioz, zein lan-egoera geratzen diren lege berriaren pean. 

Testuak hiru lan-modalitate bereizten ditu: urrutiko lana, telelana eta lan presentziala.

  • Lege berriaren arabera, urrutiko lana litzateke “aldizka, lanaldi osoan edo lanaldiaren zati batean, langilearen etxean edo langileak aukeratutako lekuan egiten den lana”. 
  • Telelana, berriz, bitarteko eta sistema informatiko edo telematikoen bidez bakarrik edo nagusiki egindako urrutiko lana da. 
  • Azkenik, lan presentziala lantokian edo enpresak aukeratzen duen tokian egiten den lana litzateke. 

Hala, etxetik egindako noizean behingo lanaldi bat ez da telelantzat hartzen, langilearekiko malgutasun-neurritzat baizik. 

Urrutiko lana borondatezkoa eta itzulgarria izango da eta urrutitik lan egiten duten langileek lan presentziala egiten duten langileen eskubide berberak izango dituzte eta ezin izango dute inolako kalterik jasan lan baldintzetan.

Covid-19ren ondorioz ezarri zen alarma-egoeragatik urrutiko lana ezarri behar izan zuten eta horretan jarraitzen duten enpresak ez daude urrutiko lana arautzen duen Errege Dekretu-lege berriaren barruan. Hala, arauak ezartzen duenaren arabera, koronabirusaren ondoriozko osasun-salbuespeneko neurrien ondorioz, eta neurri horiek mantentzen diren bitartean, konpainia horiei “lan-araudi arrunta aplikatzen jarraituko zaie”. Hala ere, langileei baliabideak eman beharko dizkiete, ekipoak mantendu eta konpentsaziorik izan ez den kasuetan, gastuak konpentsatu.  

Zenbat egunez egin daiteke telelana?

Langile batek lanaldia telelanaren bidez egiten duela kontsideratzeko, langileak, gutxienez, hiru hilabeteko lanaldiaren % 30 urrunetik egin behar du, hau da, astean gutxienez bi egunez. Gutxieneko hori betetzen ez bada, enpresak ez du langileari argiaren, telefonoaren eta Interneten gastuak ordaintzeko beharrik izango. 

Praktikaldiko lan-kontratuak

Adingabeekin egindako lan-kontratuetan eta praktikaldiko kontratuetan, eta prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuetan, urrutiko lan-hitzarmen bat egin ahal izango da, betiere, gutxienez ere zerbitzu presentzialen % 50 bermatzen duena, prestakuntza teorikoaren garapen telematikoa galarazi gabe. 

Borondatezkoa eta itzulgarria

Oro har, urrutiko lana borondatezkoa eta itzulgarria izanen da. Idatzizko akordio bat sinatu beharko da, hasierako kontratuaren zati izan daitekeena edo geroago egin daitekeena; lan-modalitate hori ezin izango da inolaz ere inposatu. Era berean, alde bakoitzak telelana alde batera utzi eta aurreko egoerara itzultzeko aukera izango du. Ondorioz, ezin da langile bat telelana egitera behartu, baina langileak ere ezin izango du telelana exijitu.

Langileek askatasuna izango dute lanaldia zein ordutan egingo duten aukeratzeko, betiere muga batzuen barruan eta lanaren eta familiaren arteko bateragarritasuna bermatzeko. 

Era berean, urrutiko lana egiteari uko egitea ez da kaleratzerako edo lan-baldintzen aldaketarako ‘kausa justifikagarritzat’ onartuko. Horrela, langileak urrutitik lan egiteari uko egiten badio edo egokitzapen edo ezagupenik ez badu, ez da justifikatuko lan harremana iraungitzea edo lan baldintzak nabarmen aldatzea. 

Lanaldi osoan lan harremanaren hasieratik urrutitik lan egiten duten pertsonek lehentasuna dute presentzialki, osorik nahiz hein batean, egiten diren lanpostuak betetzeko. Beraz, enpresak hutsik dauden lanpostuen berri eman behar du. Langile horiek gainerakoen eskubide berberak dituzte. 

Telelangilearen eskubideak

Lege berriak tratu berdintasuna eta bereizkeriarik eza ezartzen dizkie urrutiko lana hartzen duten langileei. Urrutitik lan egiten duten langileek eskubide berberak izango dituzte eta ezin izango dute inolako lan baldintzatan kalterik jasan, ordainsaria, enpleguaren egonkortasuna, lan denbora, prestakuntza eta lanbide sustapena barne.

Gainera, enpresek genero-bereizkeria oro saihestu eta bateragarritasuna, erantzunkidetasuna eta genero-indarkeriaren biktimekiko jazarpenaren eta babesaren aurkako neurriak bermatu beharko dituzte.

Nork ordaintzen ditu gastuak?

Langileak eskubidea izango du enpresatik kanpo lan egiteak sortzen dituen gastuak kobratzeko edo konpentsatzeko. Gainera, langileak ez du bere gain hartu beharko bere lan jarduerari lotutako ekipamendua, tresna, baliabide eta kontsumigarriekin zerikusia duen ezer. 

Bestalde, enpresaren ardura izango da langileak behar dituen baliabideen mantenurako gastuak ordaintzea. 

Deskonexio digitala

Urrutiko lana egiten duten langileek deskonexio digitalerako eskubidea izango dute. Horrela, enpresek atsedenaldietan baliabide teknologikoen erabilera mugatzen dela bermatu beharko dute bai eta lanaldiaren gehieneko iraupena errespetatu ere.

Gainera, barne-politika bat zehaztea eskatzen da, non, besteak beste, deskonexiorako eskubidea erabiltzeko modalitateak eta langileak neke informatikoaren arriskua saihesteko tresna teknologikoak zentzuz erabiltzen prestatzeko eta sentsibilizatzeko ekintzak zehaztu behar diren.

Ordutegiaren kontrola eta malgutasuna

Enpresak, urrutiko lana ikuskatzeko, egoki iruditzen zaizkion kontrolak egin ahal izango ditu, betiere langilearen duintasuna eta intimitatea errespetatuz. Kontrol lan hori egiteko erabiltzen diren baliabideek intimitaterako eta datuen babeserako eskubidea bermatu beharko dute.

Enpresak ezin izango du inolaz ere eskatu langilearenak diren gailuetan programak edo aplikazioak instalatzea. Ordutegi-erregistroari dagokionez, legeak eskatzen du hautatutako formulak “leialki” islatzea lanaldia hasteko eta amaitzeko unea, bai eta jarduera-tarteak ere.

Langileek askatasuna izango dute lanaldia zein ordutan egingo duten aukeratzeko, betiere muga batzuen barruan eta lanaren eta familiaren arteko bateragarritasuna bermatzeko. Gainera, jateko tarteak eta egun baten eta hurrengoaren arteko tartea errespetatuko dira. 

Lan osasuna

Enpresak kontuan hartu beharko ditu telelanak dakartzan laneko arriskuak, hala nola “psikosozialak, ergonomikoak eta antolaketakoak”.Horretarako, legeak eskatzen du lanaldian atsedenaldiak bermatzea, antolamendua kontuan hartzea eta babes-neurriak hartzea. 


Telelanaren inguruko akordioa

Telelanaren inguruko xehetasun guztiak idatziz jaso beharko dira. Zehazki, legeak gutxieneko zenbait puntu ezartzen ditu, baina horiek hitzarmen kolektiboaren bidez handitzen aukera dago.

Hauek lirateke, beraz, enpresak eta langileak hitzartu beharko dituzten puntuak: 

• Langileari ematen zaizkion baliabideen inbentarioa, kontsumigarriak eta elementu higigarriak barne, baita haien bizitza erabilgarria ere.

• Langileek urrunetik izan ditzakeen gastuak eta enpresak horiek konpentsatzeko modua eta unea. 

• Lan ordutegiak eta eskuragarritasun egoeraren arauak. 

• Lan presentzialaren eta urrutiko lanaren ehunekoa eta banaketa.

• Langileak telelana egiteko aukeratutako lekua.

• Jardueraren kontrola egiteko enpresak erabiliko dituen baliabideak. 

• Akordioaren iraupena eta presentzialtasun-egoerara itzultzeko aurreabisu-epeak. 

• Jarduera kontrolatzeko enpresak eta jarraibideak, datuen babesari eta informazioaren segurtasunari dagokienez. 

SHARE

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.