Euskarabideak euskara barne duten ereduetan eskolaturiko haurren familiei laguntza eskainiko die

Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuak eta Nafarroako hainbat udalerrik euskara barne duten ereduetan eskolaturiko haurren familiei laguntza eta baliabideak eskainiko dien egitasmoa garatu dute. Aipatu proiektuaren izena “ERA eskola” da eta helburu nagusia da familiei laguntza eskaintzea gurasoek beren seme-alabei hizkuntzak ikastean laguntza eman ahal izateko. Horretarako, zuzeneko hiru online saio eskainiko dira; saioak euskaraz zein gazteleraz izango dira eta horietan Iñaki Eizmendik, Nerea Mendizabalek eta Julen Linazasorok hartuko dute parte.

Saio horietan, alde batetik, Interneten dauden euskarazko baliabide teknologikoak ezagutaraziko zaizkie gurasoei eta, bestetik, seme-alaben autonomiari eta motibazioari hauspoa emango zaie. Saio guztiak Era Nafarroaren Youtubeko kanalean jarrai daitezke. Euskarazko saioak 16:00etan izango dira eta gaztelerazkoak, berriz, 18:00etan. Saioak doakoa izanen dira, eta ez dago aldez aurretik izena eman beharrik.   

Lehenengo saioa azaroaren 16an izango da. Bertan, Iñaki Eizmendik seme-alabei euskara eta beste hizkuntzak ikasteko nola lagundu azalduko du.

Bigarren saioa bi egun beranduago izango da, hots, azaroaren 18an. Kasu horretan, Nerea Mendizabalek haurren autonomia, motibazioa eta autoestimua sustatzeko baliabideak azalduko ditu.

Hirugarren eta azken saioa, berriz, azaroaren 25ean izango da. Kasu horretan, Julen Linazasorok sarean dauden euskarazko baliabideez, Googleko lanabesez eta zibersegurtasunaz jardungo du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.