Krisiaren paganoak

Koronabirusaren krisiak 15 eta 29 urte bitarteko gazteei modu nabarian eragin die. Ikusi dute, aldez aurretik abisatu gabe, pandemiak beren lan itxaropenak ez ezik, bizi-itxaropenak ere gutxienekora murriztu dituela. 2020ko udan, Lanaren Nazioarteko Erakundeak txosten batean ohartarazi zuenez, osasun-krisiak mundu osoko gazteengan (konfinamenduaren belaunaldia izenarekin ezagutzen dena) eragiten zituen kalteak “sistematikoak, sakonak eta neurriz kanpokoak” izango ziren. Pandemia hasi eta urtebetera, egoerak ondorio horiek guztiak larriagotu egingo dituela dirudi.

Estatuan, adibidez, diru-sarrerarik eta, ondorioz, egonkortasunik ezak seme-alabak izateko edo emantzipatzeko nahiak behera egitea eragin du. Arazo psikologikoak, ostera, areagotu egin dira.

Gazteak Espainian 2020 txostenak, hots, gazteen bizi-baldintzak eta pandemiaren ondorioak aztertzeko segur aski Estatuan egin den ikerketarik osoenak, ez du eztabaidarako tarterik uzten. Aipatu txostenaren arabera, oraingo gazteen belaunaldia “hamarkada galduko” gazteen belaunaldia da. Belaunaldi horrek bigarren krisi ekonomiko eta sozial handi bati aurre egin behar izan dio, 2008ko krisiaren ondorioetatik berreskuratu ez denean. 

Ez dira betiko garai onenak

Txostenak gazteen bizi-baldintzen ikuspegi zabal bat aurkezten du, une berezi batean, non gazteen garapen pertsonal eta sozialerako aukera gehienak hankaz gora jarri baitira pandemiaren ondorioz. Horrek larriagotu egin ditu gazteei bereziki eragiten zieten aurretiko egitura-egoerak: prekarietatea, lan-ezegonkortasuna eta emantzipatzeko zailtasunak… Arazo horiek guztiak, neurri handiagoan edo txikiagoan, urteak daramatzate belaunaldi berrien bizitzan eragina izaten.

Txostena Espainiako Gazteriaren Institutuak (INJUVE) egin du, eta Estatuan bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko 6.467 gazteren lagin adierazgarri bati galdetu dio hezkuntzaren, enpleguaren eta emantzipazioaren inguruan, baita aisialdiarekiko, sexualitatearekiko, genero-berdintasunarekiko eta klima-aldaketarekiko dituzten interes eta jarrerengatik ere. Gainera, Covid-19aren pandemiak haien bizitzetan izan duen eraginagatik ere galdetu zaie.

Azterlanaren koordinatzaile Pablo Simón politologoak azaldu duenez, “gazteek krisiaren pagano handiak izaten jarraitzen dute: 2008ko Atzeraldi Handian izan ziren, eta orain, baita COVID-19an ere”. Simónek, halaber, ohartarazi du Espainia dela, ehunekotan, biztanle gazte gutxien dituen Europar Batasuneko bigarren herrialdea. Espainian, guztira, 10.094.500 gazte daude, hots, joan den mendeko 90eko hamarkadaren erdialdetik kopuru hori ia hiru milioitan jaitsi da.

Inkestatutako gazteen % 66,1ek uste du pandemiaren ostean beren lan aukerak eta aukera ekonomikoak aurreko belaunaldietako gazteek izan zituztenak baino okerragoak izango direla. 

Abiapuntu gisa, koronabirusaren eragin nabarmenena hezkuntzaren eta lanaren esparruetan ageri da, klase-desparekotasunak eta prekarietate materialaren baldintzak areagotu egin baitira konfinamenduan.

Aurreko belaunaldiak baino okerrago

COVID-19aren pandemiak prekarietatea eta lan-ezegonkortasuna bezala aurretik ziren arazoak larriagotu ditu eta ondorioz, gazteen artean itxaropenak ere murriztu ditu.

INJUVEren txostenaren arabera, inkestatuen % 66,1ek uste dute pandemiaren ostean beren lan aukerak eta aukera ekonomikoak aurreko belaunaldietako gazteek izan zituztenak baino okerragoak izango direla. Langabezian ziren gazteen % 38,9k uste du konfinamendua amaitu eta urtebeteko epean oso zaila edo ezinezkoa izango zaiela lana aurkitzea. Kopuru hori pandemia aurreko datua baino hiru puntu altuagoa da.

Gazteak gizarte-talde prekarizatuenetako bat dira, batez ere behin-behinekotasunak, lan-ezegonkortasunak, lan-bereizketak eta beren prestakuntza akademikoaren eta eskura ditzaketen lan moten arteko desorekak eraginda. Lanean diren gazteen erdiak baino gehiagok (% 52) aldi baterako kontratuak dituzte; gazteen artean den behin-behinekotasun tasa biztanleria osoan dena baino 30 puntu handiagoa da.

Behin-behinekotasun hori oso orokortuta dagoen arren, bereziki, klase baxuko gazteen eta emakumeen artean ematen da. Horrela, biztanleria gaztearen % 37,9k egun lan egiten dituen orduak baino ordu gehiago lan egin nahiko lituzke.

Kopuru horiek, INJUVEk azaltzen duenez, gazteen artean segurtasunik eza handia dagoela adierazten dute, “behin-behinekotasunak eta lanaldi partzialeko enpleguak estututa, eta krisi berriaren aurrean duten ahultasunaz jabetuta”.

Izan ere, konfinamenduarekin batera gazteen langabezia-tasa biderkatu zen. Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 25 urtetik beherakoen langabezia-tasa 2020ko lehen hiruhilekoko, hots, konfinamendu aurreko % 33,0tik, % 40,1era pasatu zen urte bereko laugarren hiruhilekoan.

Txostenean agerian geratzen denez, pandemia aurretik lanean ziren gazteen ia erdiak (% 48) ez zuen konfinamenduaren eraginik izan, baina Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espediente bat izan zutenen edo kaleratu zituztenen artean, talde ahulenak nabarmentzen dira: emakumeak, klase ertain eta baxuko langileak eta online eremura egokitzeko lanpostu zailagoak betetzen zituzten kualifikazio baxuagoko langile gazteak.

Oro har, telelanean aritu ahal izan dutenen artean, esperientzia positiboa izan da, lan-bizitza eta bizitza pertsonala bereizteko zailtasunak eragindako arazoak izan ezik.

Bizitza pertsonalaren garapena

Ezegonkortasun horrek modu nabarmenean kaltetzen ditu emantzipaziorako aukerak eta bizitza-proiektuak. 2010 eta 2019 bitartean, Atzeraldi Handiaren hamarkadan, hain zuzen ere, beren gurasoekin bizitzen jarraitzen duten gazteen kopurua % 53,3tik % 64,5era pasatu da.

Emantzipatzeko nahia handiagoa da adin altuagoa duten gazteen artean eta bikotekide egonkorra duten horien artean. Ikasten ari direnek, aldiz, gurasoen etxea uzteko erreparo handiagoa dute. 

Pentsa daitekeen bezala, emantzipazioa eragozten duen arrazoi nagusia ekonomikoa da; gazteen % 75ek dio ez dela emantzipatu diru sarreretan duen ezegonkortasunaren ondorioz.

Espainia da Europako gazteen emantzipazio berantiarrena duen herrialdeetako bat (Europar Batasunean, batez besteko emantzipazio-adina 26,2 urtekoa da, eta Espainian, berriz, 29,5 urtekoa). Covidek eragindako krisiarekin egoera larriagotzeko arriskua agerikoa da: pandemiaren ondoren, 15 puntutan jaitsi da gurasoekin edo tutoreekin bizitzeari uztea planteatzen duen gazteen ehunekoa. 2019. urtean % 48k beren gurasoen etxea uzteko planak zituen eta 2020. urtean, berriz, bakarrik % 32,8.

2010 eta 2019 bitartean, Atzeraldi Handiaren hamarkadan, hain zuzen ere, beren gurasoekin bizitzen jarraitzen duten gazteen kopurua % 53,3tik % 64,5era pasatu da.

Emantzipazio-tasa baxuak harreman zuzena du gazteen artean den jaiotza-tasa baxuarekin. 2008an gazteen % 88,1ek ez zuen seme-alabarik; 2019an, berriz, kopuru hori lau puntutan hazi da. 

Era berean, Covid-19ak amatasun/aitatasun nahiari ere eragin dio. Gora egin du bai seme-alabarik izan nahi ez duten gazteen kopuruak (% 16,8tik % 18ra), bai seme-alaba bat bakarrik nahi dutenenak (% 12,8tik % 15,1era).

Hezkuntza-desparekotasuna

Edozein gizarte demokratikotan hezkuntzak igogailu sozialaren funtzioa bete beharko luke. Hala ere, pandemiak hezkuntza-modeloaren akatsak eta desparekotasun sozialak utzi ditu agerian. 

Online hezkuntzak kalte handia egin die egoera ekonomiko ahulean dauden etxeetako gazte-taldeei. Horiei gehitu behar zaie etxean ikasteko espazio propiorik ez dutenak edo pandemiak iraun bitartean gurasoek lana galdu dutenak. 

Pandemiaren ondorioek estatuko gazteen artean zen hezkuntza-desparekotasuna areagotu dute. Ikasleen % 60k adierazi du pandemiak nabarmen murriztu duela ikasturteko aprobetxamendua. Urte arrunt batean ikasi beharrekoaren erdia baino gutxiago ikasi dutela dioten ikasleen kopurua % 11,2koa da.

Gainera, ikasleen erdiak baino gehiagok dio irakasleen ikuskapena hobea dela zuzeneko eskoletan eta 10 ikasletatik ia 8k nahiago ditu zuzeneko eskolak online eskolak baino. 

Gazteria konprometitua, hala ere

Injuveren txostenean belaunaldi gazteak hamarkada bat galdu duela adierazten bada ere, Injuveko zuzendari orokorra den María Teresa Pérezek dio datuok gazteria “solidarioa, inkonformista, irekia, integratzailea, parte-hartzailea eta gure gizartean diren desberdintasunen eta diskriminazioen jakitun” dela.

Txostenean azaltzen denez, gazteriak politikarekiko duen interesa % 40 inguruan mantentzen da. Kopuru baxua izan daiteke batzuentzat, baina aurreko hamarkadan erregistratutako datuaren bikoitza da. Interes gehien pizten dituzten gaiak enplegua, hezkuntza, etxebizitza eta berdintasuna lirateke (gai horiek 10etik 8 edo 9 puntu lortu dituzte).

Genero-desparekotasuna da, oro har, gazteen artean interes handia pizten duen gaietako bat (% 77). Gainera, gazteen % 83aren ustez, indarkeria matxista da egun den arazo sozial nagusietako bat.

Hala ere, txostenean agerian geratzen denez, genero berdintasunarekin identifikatzea ez da norberak bere burua feministatzat jotzea, batez ere, mutil gazteen artean. Horrela, hamar emakume gaztetatik 8k bere burua feministatzat jotzen duten bitartean, feminismoarekin identifikatzen diren mutil gazteen kopurua % 54 ingurukoa da. Genero berdinatasunaren alde diren mutilen kopurua % 70ekoa da. 

Gainera, gazte gehienek berdintasun-politika publikoen alde egiten dute, eta jarrera kontrolatzaileak oro har baztertzen dituzte, nahiz eta etxeko eta zainketako sexismoak aurrera jarraitzen duen.

Edozein kasutan ere, genero berdintasuna da gazteen mobilizazioa gehien bultzatu duen gaia (% 38). Jarraian, hezkuntza (% 15,5) eta klima-aldaketa (% 14,9).  

Hezkuntzaren kasuan, azpimarratzekoa da ikasleen % 77k parte hartu izan duela ikasle-ekintzaren batean. Ekintza ohikoenak ikasle-greba batean parte hartzea eta ordezkaritza-organoetarako botoa ematea dira (% 58).

Bestalde, 5 gaztetik 4 ingurumenarekin lotutako gaiez arduratzen dira, eta interes hori bereziki handia da 14 eta 19 urte bitarteko gazteentzat. Are gehiago, 10 gaztetik ia 5ek du ingurumenarekiko ardura handiena (% 47 eta % 17 helduak).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.