Teresa Castro: “Aniztasun afektibo-sexualaren gaia normalizatu behar da”

Zergatik da oraindik beharrezkoa LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko egun bat?

LGTBI kolektiboko pertsonok ez ditugulako pertsona heterosexualen eskubide berak. Hainbat alderditan, indarrean den legeriak ez gaitu maila berean jartzen. Egia da azken urteotan aurrerapen asko egin direla gure gizartean, baina oraindik gure inguruko zenbait herrialdeen atzetik gaude. Gizarteak gure presentziara egokitu behar du. Egia da orain arte ikusezinak ginela eta alde batera uzten gintuztela alderdi guztietan. Lege-aurrerapen batzuk egin dira, hala nola berdintasunezko ezkontza, baina oraindik ere badira diskriminatzen gaituzten legeak.

LGTBI kolektiboa nahiko heterogeneoa da. Zentzu horretan, adibidez, lesbiana batek edo pertsona transexual batek pairatu behar izaten dituen diskriminazioak berdinak al dira?

Ondo diozun bezala kolektiboa oso heterogeneoa da. Garbi dago alde handiak daudela, adibidez, gizon txuri homosexual baten eta emakume beltz lesbiana baten artean edo desgaitasun bat duen pertsona transexual baten artean. Desberdintasun horiek hor daude, baina, azkenean, kolektibo osoak borroka edo aldarrikapen bakarra du. Horren azpian, kolektiboa osatzen duten taldeetako bakoitzak aldarrikapen zehatzagoak izan ditzake, baina guztion artean indarra egin behar dugu. Azken finean, gutxi gara kolektiboa osatzen dugunok, biztanleriaren % 10 inguru besterik ez. Banatzen bagara ahulagoak gara, azken finean, funtsean, guztiok diskriminazio bera pairatzen baitugu.

Azaldu duzun bezala, azken urteetan hainbat aurrerapauso eman diren arren oraindik bada berdintasun osoa lortzeko bide luzea. Zeintzuk lirateke, une honetan, LGTBI kolektiboaren aldarrikapen nagusiak?

Une honetan, bai Estatuan, bai Euskadin, LGTBI lege integral bat lortzeko borrokan ari gara, aniztasun afektibo-sexualaren edo generoaren arrazoiengatiko gorroto-delituak aitortzeko, adibidez. Euskadin, adibidez, bada Trans Lege bat, baina aspaldikoa da. Esparru honetan lan egiten duten elkarte gehienak lege horretan ari dira lanean, baina, erakunde publikoen eta alderdi politikoen aldetik ez da, nire ustez, lege hori aurrera ateratzeko interes handirik.

Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziaren 2020ko txostenak erakusten duenez, Estatuan, LGTB pertsonen % 30ek baino gehiagok zenbait lekutara joatea saihesten du, eta ia % 50ek ez luke bikotekidea eskutik hartuko, erasoak jasateko beldurrez. Zer neurri hartu beharko lirateke LGTBI pertsonak diskriminatu edo estigmatizatu ez daitezen? Posible al da kolektibo horrekiko jarrera diskriminatzaile horiek aldatzea?

Oso zaila da. Gizarte osoak egin behar duen lana da. Gure gizartean, printzipioz, ez dago aipatzen dituzun adibide horiek egiteko mugarik, hau da, legez ez dut inolako arazorik nire bikotekideari eskua heltzeko leku publiko batean. Baina beldurra subjektiboa da. Nire ustez, hezkuntzan sakondu behar da. Aniztasun afektibo-sexualaren gaia normalizatu behar da, baina garbi dago hori ez dela egun batetik bestera lortuko. Zorionez, eta batez ere beste lurralde batzuekin alderatuta, Euskadin gai horretan nahiko aurreratuta gaudela onartu behar da. Horrek ez du esan nahi arazorik ez dagoenik, baina egoera Estatuko beste eskualde batzuetan baino hobea da.

Hezkuntzaz gain, babesten gaituzten legeek ere laguntzen dute. Gai honetan ikasi dudan gauzetako bat da lortzen diren eskubideak berriro indargabetu daitezkeela, baina oso zaila da hori gertatzea. Hau da, edozein urrats, oso txikia izan arren, oso garrantzitsua da, gero oso zaila baita atzera egitea. Adibidez, orain ia ezinezkoa litzateke berdintasunezko ezkontzaren legea indargabetzea. Zer gertatuko litzateke ezkondu diren pertsona horiekin guztiekin? Horregatik, gainerako pertsonekin parekatzen gaituzten legeak izateak ere laguntzen du gizarteak gai honetan aurrera egin dezan.

Azken urteetan LGTBI kolektiboaren ikusgaitasuna nabarmen hazi da eta horrek lehen aipatu duzun normalizazio horretan lagundu du. Baina, oraindik ere, kolektibo horretako pertsona bat deskribatzeko ‘lesbiana’, ‘gay’ edo ‘trans’ bezalako etiketak erabiltzen jarraitzen dugu eta, ordea, inoiz ez da ‘hetero’ etiketa erabiltzen. Zergatik ematen da hori?

Heterosexualitatea esan gabe doalako. Pertsona bat ezagutzen dugunean pertsona hori heterosexuala dela pentsatzeko joera dugu; nik neuk ere horrela egiten dut. Azken finean, gure gizartean heterosexualitatea da aukera nagusia eta, horrenbestez, normalizatuena. Horregatik oso garrantzitsua da kolektiboaren ikusgaitasuna biderkatzea. Ni lesbiana eta aktibista naiz eta naizen bezalakoa agertzeko aukera daukat, besteak beste, lesbianok bizi dugun errealitatea ikusarazteko. Batzuek ezin dute hori egin. Eta nik uste dut arrazoi batengatik edo besterengatik ezin duten pertsona horiengatik guztiengatik egin behar dudala.

Bestalde, etiketen gaiak badu nolabaiteko arriskua. Adibidez, “lesbiana” deitzen badizute, badirudi gainerako guztiak ez duela garrantzirik. Berdin dio profesional ona izatea edo beste edozer gauza izatea; etiketa horretan sartuta geratzen zara. Baina nik onartzen dut. Onartzen dut etiketa hori, baina ados nago ez lukeela horrela izan behar.

“Gai honetan ikasi dudan gauzetako bat da lortzen diren eskubideak berriro indargabetu daitezkeela, baina oso zaila da hori gertatzea. Hau da, edozein urrats, oso txikia izan arren, oso garrantzitsua da, gero oso zaila baita atzera egitea. (…) Horregatik, gainerako pertsonekin parekatzen gaituzten legeak izateak ere laguntzen du gizarteak gai honetan aurrera egin dezan”.

Ez dugu ahaztu behar homosexualitatea eta genero-orientazioa sexuari lotuta daudela. Eta badakigu nola daramagun sexuaren gaia gure gizartean; nahiko gaizki. Sexua beti izan da gai tabua. Horregatik egon da kolektiboa bere bizitza osoan erreprimituta.

Bere garaian, zure sexu-orientazioa ikusaraztea erabaki zenuen, hau da, lagunartean esaten den moduan, armairutik atera zinen. Suposatzen dut erabaki horrek mesede handia egingo zizula, baina, aldi berean, arazoak ere sortu zizkizula familiartean, adiskideekin… Zer esango zenioke oraindik pauso hori ematea erabaki ez duen gazte bati?

Egoera horretan dauden pertsona guztiei, gazteei eta ez hain gazteei, esan diezaiekedan gauza bakarra da armairutik ateratzea beti dela onerako. Zaren bezala onartzen ez zaituzten horiek ez dute merezi zure ondoan egotea. Heterosexuala izatea ez den guztiak zailtasun gehiago sortzen dizkizu bizitzan, baina horrek ez du esan nahi hain zoriontsu izango ez zarenik. Armairutik irtetea zu zaren bezala onartzea da, eta hortik dator ‘harrotasun’ hitza eta horren inguruko ospakizuna. Armairuan jarraitzea ez da aukera ona; nik egoera horretan diren guztiak animatuko nituzke armairutik ateratzera. Ez da bide erraza izango, baina hobe kanpoan barruan baino. Gainera, gaur egun, prozesu horretan lagundu zaitzaketen hainbat elkarte daude. 

Armairutik ateratzearen kontu horretan, garrantzitsuena ez da kanpoan aurkituko duzun hori. Guztiok hezi gaituzte moral berean eta LGTBI barruan gaudenok ere homofobia dugu barneratuta. Hau da, gu geu ez gara onartzen heterosexualitatea ez den guztia zuzena ez dela irakatsi digutelako. Zailagoa da homofobia barneratu hori onartzea zure sexu-orientazioa publiko egitea baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.