Zabalik da Rockein! lehiaketan izena emateko epea

Abian da Hego Euskal Herriko musika-egitasmoak sustatzea helburu duen Rockein! talde eta bakarlari lehiaketaren bederatzigarren edizioa. Bertan parte hartzeko aukera zabalik izango da datorren irailaren 30era arte.

Jasotzen diren proposamen guztien artean sektoreko profesionalek osatuko duten epaimahaiak sei finalista aukeratuko ditu. Finalistek azaroaren 27an Basauriko Sozial Antzokian izango den emanaldian parte hartuko dute. Gau horretan bertan epaimahaiak irabazleak zeintzuk diren erabakiko du.

Lehiaketak musika sektorean diharduten profesionalekin EP bat grabatzeko, ekoizteko eta masterizatzeko aukera ematen du. Aldi berean, lehiaketan nabarmentzen diren talde eta bakarlariek Bizkaiko areto nagusietan eta Basauriko MAZ jaialdian parte hartzeko aukera izango dute.

Lehiaketa

Lehiaketak, ohi bezala, lau sari banatuko ditu: sari nagusia, tokiko artista onenaren saria, euskarazko artistarik onena eta Eskarabillera saria. Azken horrek publikoaren saria ordezkatu du eta, gutxienez, taldekideen erdia emakumeak dituzten taldeei zuzenduta dago.

Pasa den urtean Rockein! lehiaketak, bostgarren urtez jarraian, parte-hartze errekorra hautsi zuen. Guztira 169 parte-hartzaile izan ziren eta Social Antzokian izan zen finalerako gonbidapen guztiak agortu ziren, nahiz eta garai horretan murrizketak izan osasun egoeraren ondorioz. Azken edizioan izandako parte-hartzea lehen edizioan izandakoaren bikoitza izan zen.

Esan bezala, izena emateko epea zabalik izango da datorren irailaren 30era arte. Lehiaketan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa da taldekideren bat EAEn edo Nafarroan bizitzea, taldekide guztiak 16 urtetik gorakoak izatea, aurkeztutako abestiak originalak izatea eta izena ematen denean, gutxienez, diska bat kalean izatea.

Rockein! lehiaketa Basauriko Udalak antolatzen duen lehiaketa da eta Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.