Hazia 23 programak 20 gazteri profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzen lagundu die

Gasteizko gazteen laneratzea eta prestakuntza helburu dituen Hazia 23 programaren aurtengo edizioa amaitu berri da. Aurtengoa aipatu programaren bosgarren edizioa izan da eta, guztira, 23 urtetik beherako 125 gazteri eman die enplegua eta prestakuntza lortzeko aukera. Hazia 23 programa Gasteizko Udalak, Vital Fundazioak, ADSIS Fundazioak, EGIBIDEk eta Elizbarrutiko Caritasek lankidetzan garatzen duten egitasmoa da.

Aurtengo edizioan parte hartu duten gazteei diploma emateko antolatu den ekitaldian azaldu denez, aurten gauzatutako ekintzen balantzea oso positiboa da. Izan ere, programan parte hartzen duten gazteak lan-merkatuari begira ahultasun-egoera berezian daude eta horietako hogeik profesionaltasun-ziurtagiri homologatu bat lortu ahal izan dute.

Enplegua

Diploma lortu duten hogei gaztetatik lau praktikak egiten ari dira eta beste seik lan-kontratuak lortu dituzte; hiru prestakuntza arautuan sartu dira, eta bat enplegurako prestakuntzan. Gainera, beste bi pertsona ikasketak eta lana bateratzen ari dira. Gainerako lau pertsonak lana bilatzen ari dira. 

Hazia 23 programak, zehazki, 23 urtetik beherako gazteei berariaz zuzenduriko neurriak sustatzeko xedea du, baina salbuespenez 30 urte arteko pertsonak ere baliatu ahalko dira horretaz, baldin eta ez badute ez prestakuntzarik, ez eta lan-esperientzia esanguratsurik, eta ez badaude beste prestakuntza- edo enplegu-sistema batzuen babespean.

Programan, besteak beste, espezialitate hauek eskaini zaizkie gazteei: fabrikazio mekanikoko lan lagungarriak, ibilgailuen elektromekanika mantentzeko lan lagungarriak, biltegiko lan lagungarriak, ile-apainketako lan lagungarriak, merkataritzako lan lagungarriak, iturgintza eta komunitate dinamizazioa.

Programaren zutabe garrantzitsu bat bertan laguntzen duten enpresak dira. Diplomak emateko ekitaldian, haien lana nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek eta Hazia 23 ekimenaren V. edizioan laguntzaile izan diren enpresen eskaintza eskertu dute: Mecanizados Arratxa S.L., Berjantzi S.Coop, Boskal SL, El Corte Inglés, Eroski, Fagundez Simal Josefa, Feu Vert Ibérica S.A., Fontanería Resa, Limpiezas Gutiérrez, M&H Estilistas, Peluquería J&Y2, Real Barber, SAS Autosystemtechnik S.A, Soldaduras y montajes tecnológicos S.L., eta Supermercados Sabeco S.A.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.