KZgurea sareak 20 urte bete ditu. Sarea Euskal Autonomia Erkidego osoan zehar barreiatuta dauden 241 zentrok osatzen dute eta horiek guztiak, urte hauetan guztietan, euskaldunon gaitasun digitalak hobetzeko lanean aritu dira. Gaikuntza digitalerako lan horrez gain, gainera, eskaintza bestelako zerbitzuetara ere zabaldu da, hala nola, Metapostara edo BakQren emisiora.
Eten digitala
KZguneen helburu nagusietako bat eten digitala murriztea izan da. Horretarako, teknologia berrien ezagutza eta erabilera sustatu da, bereziki, horietatik aparte geratzeko arrisku gehien duten gizarte taldeen artean. Eskaintzen diren zerbitzuen artean honako hauek azpimarra daitezke: aurrez aurreko ikastaroak eta tutoretzak, streaming bidezko hitzaldiak, bideokonferentzia bidezko ikastaroak eta urrutiko ikastaroak (ofimatika, enplegu bilaketa, e-administrazioa, oinarrizko prestakuntza, sare sozialak, segurtasuna….)
Ildo berean, KZguneek rol garrantzitsua izan dute pandemia garaian konfinamendu orokorreko garaian trebetasun digitalak garatzeko telelaguntza zerbitzu bat eskaini baitute.
Arlo digitala etengabe aldatzen ari den esparrua da eta, hortaz, KZguneek ere beren zerbitzuak egokitu behar izan dituzte. Horrela, hasieratik eskaini ohi diren zerbitzuez gain, une honetan BakQren emisio-puntuak ere badira. Era berean, Metaposta zerbitzua ere eskaintzen du, fakturak, nominak edo ziurtagiriak karpeta pertsonalizatuetan jaso eta gorde ahal izateko.