Bueltan dira ekonomia sozialeko Hasi Gazte Sariak

Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatzen dituen ekonomia sozialeko Hasi Gazte sariak bueltan dira. Bi urtean behin ospatzen diren sarien azken edizioa bertan behera geratu zen pandemiaren ondorioz. 2022. urtean, berriz, bueltan izango da berrikuntza garrantzitsu batekin. Izan ere, ohiko sariekin batera, Nafarroako gazteen artean Ekonomia Soziala sustatuko duen Ikusi Gazte izeneko erakusketa ibiltari bat ere antolatuko da.

Sariak, nagusiki, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasleentzat bideratuta daude. Xede nagusia gazte horien guztien ekintzailetza proiektuen garapena erraztea da. Egitasmoa Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatzen du Laboral Kutxarekin, ANELekin (Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresak) eta CEINekin (Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroa) batera.

Orain arte, Nafarroa da enpleguan eta gizarte-ekonomiako enpresa berrien sorreran ehunekotan hazkunderik handiena izan duen erkidegoa, eta herrialdeko erreferentzia gisa finkatu da. Duela hamarkada bat, Gizarte Ekonomiako enpresen sorrera guztizkoaren % 3,4 zen, 2019an, berriz, % 13 inguru; hots, lau aldiz gehiago.

Hasi Gazte saria

Hasi Gazte sariak bi urtean behin ospatuko dira eta Ekonomia Soziala edo Gizarte Ekonomia sustatzen jarraituko dute. Bi kategoria izango dira (Ekonomia Sozialeko Ekimen Onena eta Ekonomia Sozialeko Enpresa Gazte Egonkortu Onena) eta kategoria bakoitzeko irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du.

2018. urtean ospatu zen edizioan, guztira, 24 egitasmo aurkeztu ziren eta 2019. urtean ospatutako edizioan, berriz, 22. 

Ikusi Gazte erakusketa ibiltaria

Esan bezala, ohiko sariez gain, datorren urteko edizioan ekonomia sozialaren berri emango duen erakusketa ibiltari bat prestatuko da. Erakusketak Nafarroako hainbat udalerri bisitatuko ditu datorren urtean Ekonomia Sozialaren berri emateko. Horren prestaketa hil honetan bertan hasi da “Hablando de rehumanizar la economía” izeneko topaketa batekin. Bertan, hainbat adituk gai horren inguruan hausnartu dute. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.