Behin betiko izendegi geografikoa

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailak 80.000 fitxa baino gehiagorekin osatuta dagoen Euskadiko Izendegi Geografikoa aurkeztu du. Izendegi berria 1986. urtetik aurrera osatutako datu-basean oinarrituta eraiki da eta bertan jasotzen diren toponimo ofizial eta lehenetsiak izango dira nazioartean erabiliko direnak.

Donostian egin den aurkezpen ekitaldian azaldu denez, izendegi berriak 81.248 fitxa biltzen ditu. Horiek guztiak guztiz dokumentatuta daude eta horien bilakaeraren eta erabileraren inguruko informazioa ere aurki daiteke. Gainera, GeoEuskadiri esker, toponimoak geografikoki erreferentziatuta agertzen dira eta beste garai batzuetako mapetan kontsultatzeko aukera ere eskaintzen da. Informazio guztia www.euskadi.eus/izendegigeografikoa atarian kontsulta daiteke.

Izendegi berria 2010ean hasi zen prestatzen Europar batasunak ezarritako ereduari jarraituz. Ingurumen eta Lurralde Antolamendua Sailaren laguntzarekin osatu da

Bingen Zupiria sailburuak azaldu duenez, “duela zenbait urte, Institutu Geografiko Nazionalak (IGN) autonomia-erkidegoei aukera eman zigun gure izendegi geografikoak egiteko, geroago ‘Nomenclátor Geográfico Nacional’-ean integratzeko. Eusko Jaurlaritzak 2010ean ekin zion bere toponimiako datu-baseko datuak prestatzeari, Europar Batasunak finkatutako ereduari jarraituz”.

Izendegi geografikoak ‘oharrak eta iradokizunak’ egiteko atal bat dauka, eta horren bitartez, herritarrek toponimiaren inguruko zalantzak, oharrak, eskariak eta iradokizunak helarazteko aukera izango dute. Kultura sailaren asmoa da herritarrek egiten dituzten ekarpenekin izendegia aberastea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.