Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak Bilbo Handiko gazteek euskara nola erabiltzen duten aztertuko du. ‘Hizkuntza-ohiturak aldatzen: Bilbo Handiko gazteen kasua’ lelopean egingo den ikerketak metropoliko 20 bat gazteren hizkuntza-praktikak izango ditu aztergai. Ikerketa behaketan oinarrituko da eta bertan, besteak beste, gazteek euskara erabiltzeko zailtasunei aurre egiteko eta euskaldun aktibo bihurtzeko bideak aztertuko dira. Azterlan honek klabe berriak eskainiko ditu hizkuntza ohituretan eragiten duten faktoreen inguruan, eta etorkizunerako politika eraginkorrak diseinatzeko lagungarria izango da. Ikerketak, gainera, Bilbo inguruko gazteek hizkuntza-ohiturak euskararen alde aldatu eta ahalduntzeko tresnak eskura ditzaten ikerketa-ekintza proiektu bat proposatzen du.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 35.000 eurorekin lagunduko du ikerketa hori.