Bueltan da Kultura Bonua

Gipuzkoako Foru Aldundiak 8.667 bonu kaleratu ditu gabonetan literatura, musika eta zinemaren kontsumoa sustatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentu gabonetan kulturaren kontsumoa sustatzea helburu duen Kultura Bonua kanpainaren edizio berri bat abiarazi du. Aurten, guztira, 8.667 bonu izango dira eta ekimenaren aurrekontua 80.000 eurokoa izango da. Bonuak datorren urteko urtarrilaren 31ra arte erabili ahal izango dira.

Kultura Bonua tokiko merkataritzaren alde

Gipuzkoako 71 saltokik bat egin dute aurtengo kanpainarekin. Horien artean banatuko dira aipatu 8.667 bonuak. Kanpainarekin bat egin duten saltokien zerrenda osoa honako esteka honetan ikus daiteke. Kanpainarekin bat egin duten saltokiek bereizgarri bat izango dute erosleek bertan bonuak eskuratu ahal izango dituztela jakin dezaten. Bonuen bidez literatura, musika eta zinemarekin harremana duten produktuak eta ondasunak erosi ahal izango dira, testuliburuak, ikasketetakoak edo profesionalak izan ezik.

Deskontuak

Kanpainak euskarazko produktuen eta bestelako hizkuntzetako produktuen arteko bereizketa egingo du. Euskarazko produktuen kasuan, 20 eurotik gorako erosketak egiten badira 12 euro arteko deskontua lortu ahal izango da. Bestelako hizkuntzetako produktuetan, berriz, 20 eurotik gorako erosketak egiten badira 8 euro arteko deskontua lortu ahal izango da. Kanpainaren xedea da ahalik eta jende gehienengana iristea, gabonetan kultura-kontsumoa sustatuz eta gabonetatik haratago luzatuko den dinamika positibo bat sortuz. Aldi berean, kanpainak tokiko kultur-arloko enpresekin eta tokiko merkataritzarekin Aldundiak duen konpromisoa berresten du, hurbileko ekonomia ere bultzatuz.

Advertisements