Kultura kontsumitzen

Teknologia berriek hartu dute bere lekua gizartean, baina horrek ez du esan nahi hurrengo belaunaldiek kultura kontsumituko ez dutenik. Segur aski, beste era batera egingo dute. Gaur egun, teknologia berrien trantsizioan murgildurik gaudela, benetako aretoak eta areto birtualak batera elkarbizitzen ari dira eta biztanleriak bi aukera ditu kultura kontsumitzeko. Baina zer da gazteek kontsumitzen dutena?

Galdera horri erantzun bat eman nahian, Kulturaren Euskal Behatokiak kultura azturei buruzko ikerketa egin du. Horretarako, 2008. urtean egindako inkesta desberditan eta IV. Lan Jardunaldietan oinarritu da.

Hasteko, 15 eta 30 urte bitarteko gazteei kulturaz zer ulertzen duten galdetu zaie. Halaber, zenbat denbora libre duten eta zer egiten duten denbora horretan ere itaundu zitzaien.

Gauzak horrela, gazteek, batik bat antzerkiarekin, musikarekin edo artearekin erlazionatzen dute kultura. Era berean, egunerokotasunetik kanpoko ikuskizunak, jarduera bereziak eta norbera aberasten duten praktikak -irakurtzea adibide- dira kultura osatuko luketenak.

Aisialdia

Aisialdi denborari dagokionez, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 76,5ek hiru orduko aisialdia edo gehiago omen du astean zehar. Astegunetan denbora librea duten gizonen ehunekoa emakumeena baino handiagoa da, % 79,8 eta % 74,2, hurrenez hurren. Adin-taldeei dagokionez, 25 eta 29 urte bitartekoak dira denbora libre gutxien dutenak eta 20 eta 24 urte bitartekoak, berriz, denbora libre gehien dutenak.

Gazteek bere aisialdia batez ere sozializazio-jardueretan ematen dutela nabarmentzen da txostenean. Hala nola, gazteek batez ere denbora lagunekin irteten, poteoan edota kafea hartzen ematen dute. Hala eta guztiz ere, maiz lagunekin edo bikotekidearekin kultur jardueretara joaten direla irteteko elkar geratzerakoan aipatzen dute.

Testuinguru horretan, inkestatutako gazteen arabera, egiten dituzten jarduera nagusiak telebista ikustea, lagunekin edo bikotekidearekin egotea eta musika entzutea dira. Aisialdi denboran, % 49en kasuan telebista ikustea da gehien egiten dutena, % 45en kasuan lagunekin edo bikotekidearekin egotea, eta % 42en kasuan musika entzutea. Jarraitzen dioten jarduerak kirola egitea (% 26) eta etxean ordenagailuarekin aritzea (% 24) dira.

Telebista lehenengo lekuan egon arren, 15 eta 25 urte bitarteko gazteek kasik ez dute telebista kontsumitzen. Hauek ordenagailua askoz gehiago erabiltzen dute, musika deskargatzeko, sare sozialetara konektatzeko edota bideoak eta telesailak streaming-ean ikusteko. Deigarria da, belaunaldi hau orain dela hamarkada bat telebista ikusle multzo nagusiena zela eta orain gutxien ikusten duena da. Kultura Behatokitik fenomeno honen inguruan emandako zioa da sareak milaka aukera eskaintzen dituela eta nahi duten kultura guztia interneten haien eskura dagoelako.

Musika entzun

Oro har, Kulturaren Euskal Behatokiaren ‘Kultura-ohiturei, praktikei eta kontsumoari buruzko 2007-8ko’ estatistiken datuen arabera, kulturarekin harremana duten ekintzetatik, gazteek musika entzun, zinemara joan, kontzertuetara joan eta liburuak irakurtzea dira nagusiki egiten dituztenak. Horrela, 15 eta 24 urte bitartekoen artean, %96,8k musika entzuten duela dio, %88,3k zinemara joaten dela, %69,1ek kontzertuetara joaten dela, eta %68,2k liburuak irakurtzen dituela.

Datuei erreparatuz gero, jarraitzen dioten jarduerak liburutegietara/mediatekara joatea (%57,9), museoetara joatea (%35,9), erakusketara joatea (%22,2), antzerkira joatea (%19,3), dantza-ikuskizunetara joatea (%11,6), bertso-saioetara joatea (%11,1), eta opera-ikuskizunetara joatea (%3,1) dira.

25 eta 35 urte bitartekoek ere musika entzutea atsegin duten jarduera da, hain zuzen %91,3entzako. Irakurtzea ere gustokoa dutela % 75,9k aitortzen dute eta zinemara joatea %73,7k.

Azpimarragarria da gazte askok musika entzutea gustoko dutela eta bere aisialdian batik bat egiten duten jarduera dela aipatzen dutela, alabaina, kulturarekin ez dutela erlazionatzen musika apika bere bizitzako parte hartzen dutelako.

Zinemari dagokionez, gazte gehienek zinema-aretoetara joatea atsegin dutela diote baina gero eta gutxiago joaten direla ziurtatzen dute egun filmak eta seriak on-line kontsumitu ditzaketelako eta sarreren salneurri altuarengatik. Egun, 3 dimentsioetako filmak aretoan ikustea positibotzak jotzen dute, azken urteotako berrikuntza baita.

Liburuak irakurtzearen kasuan, gazteen artean muturreko profilak dira nagusi. Hau da, edo ez dute ezer ez irakurtzen edo asko irakurtzen dute. Eta bere burua liburu-irakurletzat jotzen dutenek liburuak aukeratzeko orduan lagunen gomendioak jarraitzen dituztela, liburuen laburpenentan oinarritzen direla edota komunikabideetako kritikez baliatzen direla diote. Nahiz eta batik bat gaztelaniaz irakurtzen duten, aipagarri da 15 eta 25 urte bitarteko gazte gehienak elebidunak direnez, euskaraz gehien irakurtzen duten biztanle taldea dela.

Behatokiak jarduera aktiboetako parte hartzea ere aztertu du non 15 etas 24 urte bitartekoen artean, musika-tresnaren bat jotzea, argazkigintza, marrazkigintza, idaztea eta dantzan egitea diren gustokoen dituzten jarduerak. Horrela, praktikatzen dituzten portzentaiak %34,3, %26,4, %25,4, %21,3 eta %21,1 dira.

Hainbeste praktikatzen ez dituzten ekintzak berriz, bertsolaritza, antzerkia, abesbatza edota beste arte plastiko batzuk dira.

25 eta 34 urte bitartekoen artean, argazkigintza lehenengo lekuan kokatzen da (%35,5) eta marrazkigintza eta musika-tresnaren bat jotzea jarraitzen diote, %21,9 eta %21,6 portzentaiekin, hurrenez hurren. Bertsolaritza, abesbatza eta antzerkia dira gutxien egiten dituzten ekintzak.

Kultura-jardueretan zein parte-hartze maila egongo den zehazten duten faktoreen artean, ikasketa-maila eta generoaren arabera desberdintasunak daudela ikus daiteke. Adibidez, generoari dagokionez, nesken kolektiboak musika tresneren bat jotzea, margotzea, irakurtzea edota dantzan egitea haien zaletasun nagusiak direla nabarmentzen dute.

Bestalde, Behatokiaren ondorio bat da adinean gora egin ahala, gazteek kultura jarduerak egiteari uzten diotela denbora-eza dela eta.

Motibazioa

Orokorrean biztanleria orori eta zehazki gazteriari kultura kontsumitzea gustatzen zaio motibazio desberdinek eraginda. Gazteen kasuan, kultura-jarduerak egiten dituztenek gustatzen zaizkielako egiten dituzte. Beste hainbat zio dira ekintza kulturalak lasaitu egiten dituztelako eta kultura bidez pertsona gisa garatu daitezkelako. Hortaz, ezaguera areagotzeko eta entretenimendu gisa kontsumitzen dute kultura.

Halaber, Behatokitik aztertu dute zerk eragiten du pertsona batek kultura jarduera bat ala beste kontsumitzeak. Hauek baieztatzen dute txikitan ikasitakoak eragin handia daukala eta familiak transmititutakoa eta norberak dituen gustuen arteko nahasketa dela.

Teknologiaren eragina kulturaren kontsumoan

Kultura-ohiturei, praktikei eta kontsumoari buruzko estatistikan’ agertzen diren datuek adierazten dutenez, gazteek aurreko belaunaldiek baino gehiago erabiltzen dute Internet, eta aurrekoek baino askoz gehiago erabiltzen dute kultura-helburuetarako. Kultura-kontsumoan duen eragina beraz, agerikoa da. Izan ere, gaur egun teknologiak haien bizitzaren zati bat dira eta ez dira edukien partehartzaile pasiboak, aktiboak baizik.

Ikerketa honetan parte hartu duten gehienek internet gabe ezin liratekela bizi eta hainbatek “sarea hondatuz gero” hondamendia egongo litzatekeela diote. Gainera ere badira mugikorrarekiko menpekotasuna dutela aitortzen dutenek.

Interneterako sarbidea kultura-kontsumoa egiteko maiz erabiltzen dute gazteek. Kasuan kasu, 15 eta 24 urte bitartekoen artean%68,2k dio maiztasunez erabiltzen duela sarea kultur kontuetarako eta 25 eta 34 urte bitartekoen %63,3k.

Testuinguru honetan, 15 eta 24 urtekoen artean, interneten bidez kulturarekin harremana duten honakoak egiten dute: musika entzun, kultura-gaiak aztertzeko webak kontsultatu, bideoak edo filmak ikusi, egunkariak irakurri, eta sarrera-txartelak erosi. Ekintza hauek egiten dituzten portzentaiak, %63,5, %54,4, %44,8, %34,1 eta % 28,9 dira, hurrenez hurren. Gutxien egiten dituzten jarduerak besteak beste, dokumentazio zentruak kontsutatu, kultura foroetan parte hartu eta musika edo filmak erostea dira.

Bestalde, 25 eta 34 urte bitartekoen artean, datuak parekoak diren arren, desberdintasunak ere nabari daitezke. Hots, egunkariak irakurtzea eta musika entzutearen ekintzetan. Gazte multzo honek egunkariak gehiago irakurtzen baititu musika entzutea baino. Era berean, desberdintasun apalak daude bideoak ikusten duten portzentaian eta baita sarrera-txartelak erosten dituzten portzentaian ere.

Gauzak horrela, sarean gehien egiten dituzten ekintzak kultura-gaiak aztertzeko webak kontsultatzea (%60,1), egunkariak irakurtzea (%48,5), musika entzutea (%42,2), sarrera-txartelak erostea (%39,7), eta bideoak eta filmak ikustea (%30,4) dira. Interneten kultura kontuetarako gutxien egiten dituzten ekintzei dagokionez, 15 eta 24 urte bitartekoen antzekoak direla esan daiteke.

25 eta 34 bitarteko gazte multzo honetan, azpimarragarria da interesatzen zaizkien gaien inguruko ezagutza partekatzeko erabiltzen duela, haien esanetan blog eta foro desberdinetan esku hartzen baitute.

Behatokitik aro digitalaren gaineko ondorio esanguratsu batean indarra ezarri dute. Hain zuzen, egun ez direla kultura-jarduera berriak agertu baizik eta kultura-kontsumoa egiteko modua aldatu egin dela baieztatu dute.

Halaber, aipatzen dute gazteek kultura sarean kontsumitzen dutela hegemonikoa den eskaintzatik ihes egiteko, globalizazioatik ihes egiteko, alegia. Izan ere, gazteen esanetan interneten bidez nahi dutena eta nahi duten unean kontsumitzen dute. Era berean, sarea kultura-kontsumoa demokratizatzeko bidea dela uste dute interneti esker jendeak kultura-produktuak eskuratu ditzakelako eta sarea egongo ez balitz eskuraketa horiek erdiestea askoz zailagoa izango litzatekelako.