Civivox sareak 299 jarduera eskainiko ditu urtarrila bitartean

Izen-emateak irailaren 12ra arte egin ahal izango dira. Guztira 4.063 plaza eskainiko dira

Iruñeko Civivox sareak, bi urteko pandemiaren ostean, normaltasunera bueltatuko da eta hurrengo hilabeteetan eskainiko diren jardueretan % 100 edukiera berreskuratuko du. Izan ere, jada zabalik da datorren lauhilekorako programazioan parte hartzeko aukera. Guztira, 299 jarduera izango dira urria eta urtarrila bitartean eta horietan 4.065 plaza eskainiko dira. Edukiera % 100era bueltatuko denez, plazen kopurua % 43an hazi da. Programatutako jardueretan izena emateko epea datorren irailaren 12an amaituko da. Izena ematen duten horien guztien artean zozketa bat egingo da irailaren 13an eta sarituek 72 ordu izango dituzte behin betiko izen-ematea osatzeko. Izen-emateak telefonoz (010 – 948 420 100), www.pamplonaescultura.es webgunearen bidez edo sarearen edozein zentrotan aurrez aurre egin daitezke.

Programazioa

Eskaintzen diren plazen erdia baino gehiago (2.065) garapen indibidualerako programatu diren 137 ikastaroek jasoko dute. Aurreko urtearekin alderatuta horrelako 33 jarduera gehiago programatu direla azpimarratu behar da. Ikastaroak askotarikoak dira: jarduera fisikokoak, osasuna eta ongizate pertsonalekoak, mintzapraktikakoak (euskara, ingelesa eta frantsesa)…

Sormenari dagokionez, programazioak 73 proposamen bildu ditu (894 plaza). Argazkilaritza, musika, antzerkia, pintura, eskulanak, literatura, altzarien zaharberritzea, zur-lanketa, barrualdeen diseinua, estilismoa… izango dira, besteak beste, ikastaro horietan jorratuko diren gaiak.

Normaltasunaren adibide gisa azpimarratzekoa da Iturramako hiri-bainuetxeko jarduerak ere bueltan izango direla. Bertan haur eta helduentzako igeriketa-ikastaroak, aquafitness edo aquagym bezalako jarduerak eskainiko dira.

Kondestable Civivoxean sukaldaritza izango da nagusi. Guztira 18 ikastaro eskainiko dira eta Italiako sukaldaritza, Japoniako sukaldaritza, ardo-dastaketak edo gazta egiteko gakoak ikasi ahal izango dira.

Gaztetxoenek ere aukeran zenbait jarduera izango dituzte. Familientzat bereziki zuzendutako jarduerak 46 izango dira eta horien artean honako hauek aurki daitezke: musika eta gorputz-adierazpena, antzeri tailerra, robotika, First Lego League

Teknologia berrien esparruan, berriz, 29 ikastaro eskainiko dira (451 plaza).