Ezkontzea ez da (hain) erakargarria

Azaroaren 11n ezkongabeen eguna ospatu zen eta, gure artean ospakizun hori oso errotuta ez dagoen arren, egia da gero eta ezkongabe gehiago daudela

Azaroaren 11an Ezkongabeen Eguna ospatzen dute, bereziki, Txinan. Egun hori aukeratu izana ez da kasualitatea, 11. hilaren 11. eguna baita, eta data horretan errepikatzen da gehien ezkongabetasuna hobekien islatzen duen 1 zenbakia.

Egun hori ospatzearen ideia 1993an sortu zuten Nanjingeko ikasle batzuek. Hasiera batean bikotekiderik ez zuten gizonek bakarrik ospatzen zuten eta urteak aurrera joan ahala emakumeak ere ospatzen ari ziren. Hala ere, eta San Valentin, Halloween eta antzeko ospakizunetan gertatu izan ohi den moduan, ospakizun horrek ere izaera komertziala hartu zuen mende honetako lehen hamarkadaren amaieran. Txinako Alibaba online salmenten plataforma ezagunak aukera baliatu zuen bere produktuetan beherapenak eskaintzeko, eta ospakizun horren izaera erabat aldatu zen 2009 urteaz geroztik.

Hobe bakarrik gaizki lagunduta baino?

Ezkongabeen eguna gure gizartean oso errotuta ez badago ere, gero eta gehiago dira bikotean bizi ez diren pertsonak. Batzuek euren borondatez egiten dute eta beste batzuak, aldiz, probatu ostean ez dutelako bizikidetza asegarririk lortu. 2021eko datuen arabera, EAEko biztanleriaren % 44,2 bikotekiderik gabe bizi da, 960.000 biztanle inguru. Nafarroan, berriz, kopuru hori handiagoa da: biztanleriaren % 46 inguru, ia 300.000 biztanle, bikotekiderik gabe bizi da. Bakarrik bizitzea ez da gurean bakarrik ematen den fenomenoa eta mendebaldeko herrialdeetan gero eta hedatuagoa dagoen joera da.

Demografoek egiaztatu dutenez, azken urteotan bikoiztu egin da elkarbizitzarako bikote egonkorrik inoiz osatuko ez duten edo bikotekiderik gabe bizitzako aldi luzeagoak igarotzen dituzten pertsonen ehunekoa

Adibidez, Espainian, Estatistika Institutu Nazionalak emandako datuen arabera, ia 15 milioi ezkongabe daude. Demografoek egiaztatu dutenez, azken urteotan bikoiztu egin da elkarbizitzarako bikote egonkorrik inoiz osatuko ez duten edo bikotekiderik gabe bizitzako aldi luzeagoak igarotzen dituzten pertsonen ehunekoa.

Eta zer dela eta aldaketa hori? Aldaketa sozialaren kausa identifikatuak dira gazte helduek urte gehiago ematen dituztela bere burua prestatzen,  lan-egonkortasun falta sumatzen dutela eta etxebizitza irisgarri gutxi dutela.  Gainera, kultura-aldaketa bat ere gertatu omen da eta, ondorioz, familia bat osatzeak lehentasun izateari utzi dio.