Txinako Jiao Tong Unibertsitateak berriki argitaratu duen sailkapenaren arabera, Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 500 onenen artean dago 19 diziplinatan. Gainera, unibertsitate publikoa 200 onenen artean kokatu da Kimika eta Nanozientzia eta Nanoteknologia diziplinatan eta 300 onenen artean beste 10 diziplinatan: Matematika, Fisika, Ingeniaritza Zibila, Ingeniaritza Kimikoa, Elikagaien Teknologia eta Zientzia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, Energiaren Zientzia eta Ingeniaritza, Farmazia, Politika Zientziak eta Hezkuntza. Ekologia eta Ingeniaritza Elektronikoa diziplinatan 400 unibertsitate onenen artean sailkatzea lortu du eta Lurraren Zientziak, Informatika Zientziak eta Ingeniaritza, Biologia Zientziak, Nekazaritza Zientziak eta Ekonomia diziplinatan 500 onenen artean.
Udan, jada, EHUk Shangaiko rankinga izenarekin ezagutzen den sailkapenean 400 unibertsitate onenen artean kokatzea lortu zuen. Sailkapen berri honek espezialitate akademikoen araberako sailkapen bereiztuak ematen ditu. Kontuan hartu behar da sailkapen hori munduan diren 20.000 unibertsitatek baino gehiagok osatutako multzo batetik abiatuta egiten dela.