Hilerokoan atzerapena izatea ohikoa izaten da emakume askoren artean, baina horrelakoa gertatzen denean, askok haurdun izan daitezkeela pentsatzen dute. Hilerokoan atzerapen bat izateak ez du zertan emakume bat haurdun dagoela adierazi behar. Atzerapenak faktore desberdinetan izan daitezkeen desdoitzeen ondorioak dira: desoreka hormonalak, obulazio arazoak, obulategi polikistikoak, depresioa, tiroides gaixotasunak, gizentasuna, argaltze azkarrak edota elikadura nahasteak, besteak beste. Atzerapena bi hilabeteetan errepikatzen bada, eta hau bizpahiru egunetakoa besterik ez bada, ez dago kezkarako arrazoi handirik. Ordea, atzerapena hainbat hilabetez mantentzen bada, ginekoloarengana joatea gomendagarria da.
Haurdun geratzeko, derrigorrez harreman sexualak mantendu behar dituzu. Harremanak izan badituzu eta hilerokoa atzeratzen bazaizu, haurdun zauden ala ez jakiteko modurik errazena eta eraginkorrena etxean egiten den haurdunaldi test horietako bat burutzea da. Egokiena test hau hileroko eguna pasa eta zazpi egunetara egitea da, epe horretan, haurdun bazaude, nahikoa HCG hormona (haurdunaldiaren hormona) pilatuko baita zure gernuan eta horrela, lortuko duzun emaitza fidagarriagoa izango da.