Munduan den populazioa 8.000 milioira gerturatzen ari den une honetan, gero eta zailagoa izango da pertsona hauentzat guztientzat nahikoa elikagai lortzea. Etorkizunean zein nolako elikagaiak izango ditugun jakitea gauza zaila da eta berriki Andoni Aduriz sukaldari donostiarrak Future Fest topaketan adierazi duen moduan “esadazue nolakoa izango den etorkizuneko gizartea eta nola jango dugun esango dizuet, azken finean, sukaldaritza beti izan baita gure gizartearen isla”.
Adituen esanetan ekuazioa sinplea da: ez dago planetan bizi garen guztiontzat janari nahikoa
Elikaduraren afera hori hainbat pertsonen kezka sortzen duen afera da eta jada badira etorkizunean zein nolako elikagaiek osatuko duten gure dieta aurreratzera ausartzen direnak. Horrela, hiru lirateke gure elikaduran ‘sartuko’ diren produktu berriak: elikagai transgenikoak edota laborategietan sortutakoak, algak eta intsektuak. Gezurra badirudi ere, azken horiek, gaur egun jaten dugun haragiaren antzeko balio nutritiboa dute. Izan ere, orain hain ohikoa dugun haragia, etorkizunean, luxuzko elikagaia bilakatuko da.
Adituen esanetan ekuazioa sinplea da: ez dago planetan bizi garen guztiontzat janari nahikoa; ez behintzat orain dugun janaria ekoizteko sistemari eusten bazaio. Gizakiak ez du, momentuz, landare eta animalien hazkuntza kontsumoaren erritmora egokitzeko gaitasunik, eta horren zailtasunaren aurrean, ikerlariak elikadura alternatiba berrien bila ari dira lanean.
Morgaine Gaye elikadura adituak adierazten duenez, “epe motzean, haragiaren prezioa biderkatu egingo da. Orain arte, haragi kantitate handiak prezio baxuetan lortu izan ditugu, baina hori aldatu egingo da. Haragia luxuzko elikagaia bilakatuko da eta horren ordezkoa bilatu beharra dago”. Une honetan, intsektuak dira alternatibarik nagusiena. Holandako Wageningen Unibertsitateko ikerlarien ustetan intsektuek haragiak ematen dituen adina proteina eman diezagukete eta horien hazkuntzak askoz ere eragin txikiagoa du ingurumenean. Baserrietan ziren behi eta oiloen ordez laster kilkerrak edo matxinsaltoak ikusiko ditugula dirudi. Gayek adierazten duen bezala, laster intsektuekin egindako hanburgesa eta saltxitxak jaten izango gara.
[*Gazteleraz] RTVEko Documentos TV saioan gai honi buruz egindako erreportajea