Z Belaunaldia: Internetekin haziak

Baina nolakoa da belaunaldi hori? Adituen esanetan, bada belaunaldi hori guztiz baldintzatzen duen ezaugarri garbi bat: teknologia. Hainbat adituk ‘natibo digitala’, ‘Net Belaunaldia’ edota ‘Millenials’ bezalako terminoak ere erabili ohi izan ditu. Edozein izen erabilita ere, politika, enpresa eta hezkuntza munduan garbi dute Informazio eta Komunikazio Teknologia berriek mundua modu desberdin batean ikusten duen hiritar, kontsumitzaile eta ikasle eredu berri bat sortu dutela. Gazteek egiten duten gizarte sare eta Internet kontsumoak, aisialdi eta horien arteko harremanak eraldatzeaz gain, gizartea bera ere eraldatu du.

Garbi dago gazte horientzat guztientzat ordenagailuak, tabletak, sakelako telefonoak, bideo-jokoak, Internet… guztiz naturalak direla eta, oro har, ondo moldatzen dira horien erabileran; eroso. Horrek noski, abantaila handiak emango dizkie, baina bada teknologiarekiko menpekotasun hori ere kritikatzen duena. Horrela, Z Belaunaldiko gazteek bakarrik egoteko joera handiagoa omen dute (komunikatzeko gizarte sareak erabiltzen dituzte) eta, ondorioz, bizitza errealean sozializatzeko arazo handiagoak dituzte. Herrialderik aurreratuenetan, Estatu Batuak kasu, jada sedentarismo arazoak eta horrek dakartzan loditasun arazoak nabariak egiten ari dira gazteenen artean.

Komunikatzeko eredu berria

Gizarte sareak bilakatu dira komunikatzeko biderik ohikoena gazteen artean. Pribatutasuna ez da oso kontutan hartzen duten zerbait eta arazorik gabe partekatzen dituzte bere bizitzaren inguruko xehetasunak, baita ezagutzen ez dituzten pertsonekin ere. Gailu elektronikoek gazteek beraien artean elkar eragiten duten moduan eragin zuzena izan dute. Sarritan, gazte talde bat ikus daiteke elkarrekin, hitz egin gabe, bakoitza bere sakelako telefonora so dagoelarik. Baina era berean, gazte horiek oso sortzaileak dira, apika, beste hezkuntza eredu batean trebatu direlako. Hainbat enpresek jada jende oso gaztea kontratatzen hasi dira taldean lan egiteko gaitasun handiagoa dutelako. Izan ere, belaunaldi hori hezkuntza eredu berri batean hazi da. Aurreko eredu linealaren ordez, egungo ikasleak hezkuntza eredu interaktibo batean trebatu dira. IKTei esker, egungo ikasleak ‘infojaleak’ bilakatu dira, hau da, iturri desberdinetatik jasotako informazio multzo handiak modu oso azkarrean prozesatzeko gai dira.

Pribatutasuna ez da oso kontutan hartzen duten zerbait eta arazorik gabe partekatzen dituzte bere bizitzaren inguruko xehetasunak, baita ezagutzen ez dituzten pertsonekin ere

Mindshare-k egindako ikerketa baten arabera, belaunaldi honetako gazteak hiper-konektatuta daude. IKTei esker lortzen duten konektibitate honek muga geografikoak eta denbora epeak apurtzen ditu eta denborarekin, online eta offline errealitateen arteko muga ere lausotzen ari da.

Belaunaldi horren sorrera

Belaunaldi honen sorrera aberastasun handiko une batean kokatu behar da. Honekin batera, Internet eta IKTen ‘boom’a emango den une historikoan kokatu behar dugu gure burua. Bizi dugun krisi garaiak kontrakoa pentsatzera bultza ahal badigu ere, gazte hauek guztiak izaera indibidualista eta hedonista bultzatzen zuen gizarte batean jaio ziren. Orain, paradigma aldaketa bat bizi dute eta lehen oparoa zena urri bilakatu da.

Honek guztiak eragin zuzena du soziologian bigarren sozializazioa izenarekin ezagutzen den prozesuan. Hau, nerabetasunean ematen ohi da eta urte horietan, gazteek bere errealitate psikikoa eraikitzen dute. Garai honetan, kanpoko eragileetatik eratorritako informazioak guraso eta eskolatik jasotakoari egiten dio aurre. Lehen, telebista eta prentsa ziren bigarren sozializazio honetan nagusi, orain, berriz, Internet da errege, ia bakarra. Internetek eguneroko bizitza automatizatu egin du, batez ere, gazteen artean.

Gazteek Internetez egiten duten erabilera dela eta, esparru publiko eta pribatuaren arteko mugak gero eta lausoagoak dira

Claus Tullyk jada 2007an aurreratu zuenez, gaur egungo gizarteak hiru aldaketa nabarmen ekarri ditu: familia barruko harremanen eraldaketa, haurtzaro eta gaztaroko faseen berrantolaketa eta eguneroko gailu teknikoen hazkundea.

Kultura eredu berria

Gazteek Internetez egiten duten erabilera dela eta, esparru publiko eta pribatuaren arteko mugak gero eta lausoagoak dira. Horrela, gaur egun, normaltzat jotzen da klase esparruko gauzak kalean egitea edota komunikazio pertsonalak eskolatik egitea. Adibidez, estatuan egindako ikerlan baten arabera, gazteak, batez ere etxean (% 69) eta eskolan (% 45) konektatzen dira Internetera. Etxea da, beraz, konektibitaterako puntu nagusia. Gainera, bestelako azterlanek frogatu ahal izan duten moduan, ‘bedroom culture’ delako joera ere sortzen ari da, gero eta gehiago, gazteak bere logeletan konektatzen baitira pertsona helduen kontrolik gabe.

Deskargen bidezkotasunaren inguruko eztabaida alde batera utzita, edukien deskarga errazak kultura kontsumitzeko eredu berria sortu du. Aipatu azterlanaren baitan, nerabeek, gehienbat, musika eta bideoak deskargatzen dituzte eta gazteek, berriz, softwarea. Gaur egun, gainera, musika eta bestelako joeretara iturri desberdinetatik iristen da, eta ez lehen bezala, prentsa edota telebistatik.

Bestalde, gazteek duten eduki multimendien elkar-trukaketarako ohitura berriak (batez ere gizarte sareen bidez), industria kulturalaren berrirakurketa bat ekarri du, aurreko ereduarekin zenbakiek ez baitute ematen. Industria jada egokitzen hasia da eta gero eta normalagoa da kultir edukiengatik ordaintzea (hor dugu, adibidez, AppStore edo GooglePlay bezalako denda birtualak), baina, oraindik ere, Cracking delako fenomenoak indar handia izaten jarraitzen du. Honen bidez, programa informatikoen babesak deuseztatu egiten dira modu masiboan kopiatuak berbanatuak izateko.

Eten digitala

Orain arte ikusi ahal izan dugun bezala, IKTek eragin garrantzitsua dute belaunaldi gazteengan baina dena ez da arrosa kolorekoa. Zentzu horretan, IKTen inguruan den kezkarik nagusiena ‘eten digitala’ izenarekin ezagutzen dena dugu, hots, teknologia hauen eraginez, eskualde, maila sozial, adin eta sexuen artean eman daitezkeen desorekak. Izan ere, teknologia hauen erabileratik kanpo geratzen dena garapen eta ezagutzatik kanpo geratzen da.

Gazteriari dagokionez, adituen kezka nagusiena Internet bidez lortzen den informazioaren iturrien inguruko ezagutza falta da. Hainbat gazteentzat, Interneten den guztia egi borobila da eta ez dute iturrien fidagarritasunaren inguruan kezka handirik azaltzen.

Erabilera

Interneten erabilerari dagokionez, gehien erabiltzen diren aplikazioak informazio bilatzaileak dira (Google gehienbat). Ondoren, berehalako mezularitza (Skype) eta gizarte sareak (Facebook, Tuenti, MySpace) aurkitzen dira eta hirugarren portuan, posta elektronikorako aplikazioak. Era berean, bizi dugun egoera ekonomikoaren ondorioz eta gazteek lan merkatuan barneratzeko dituzten arazoak direla eta, gero eta arrakastatsuago suertatzen ari dira lan eskaintzak azaltzen dituzten webguneak eta gizarte sareak (Linkedin).

Azkenik, ezin ahaztu behar gazterian lehen amodio eta sexu harremanak hasten direla. Honek noski, badu bere isla Interneten. Alde batetik, sexuaren inguruko informazioa bilatzeko erabiltzen dute gazteek Internet. Bestalde, gero eta gehiago dira beste pertsonekin harremanetan jartzeko sortu diren webguneak erabiltzen dituztenak eta baita eduki pornografikoak lortzeko ere.

Z Belaunaldiaren ezaugarriak

Jada 2000. urtean, Neil Hovek eta William Straussek Z Belaunaldiaren ezaugarri nagusiak identifikatu zituzten ‘Millenials rising: The next Great Generation’ liburuan. Guztira, zazpi lirateke autoreek azpimarratzen dituzten ezaugarriak:

  • Berezitasuna: Z Belaunaldiko gazteak guraso bereziak izan dituzte eta, ondorioz, belaunaldi berezia da berez. Aurreko belaunaldietan ez bezala, Z Belaunaldiko gazteen kasuan aitek bere heziketan aparte hartu dute modu aktiboan. Aurreko belaunaldietan, salbuespenak salbuespen, haurren heziketa eta hazkuntza amaren esku geratzen zen bereziki, aita euskarri ekonomikoaren rola betetzen zuen bitartean. Pasa den mendeko 80 hamarkada inguruan, emakumea modu nabarian hasi zen lan merkatuan barneratzen eta horrek ordura arteko familia egitura eraldatu zuen, guraso biei antzeko funtzioak egokituz. Honek gainera, haurren gehiegizko babesa ere ekarri omen duela salatzen dute aipatu autoreek. Gainera, herrialderik aurreratuenetan izan den jaiotze tasen beherakadak ere eragin nabaria izan du. Gaur egun, seme-alabak ‘ondasun’ urriak dira eta sarritan ikusten dira anai-arrebarik gabeko haurrak.
  • Babesa: Esan bezala, belaunaldiko honetako gazteek aurreko belaunaldiek izan ez duten gurasoen babesa dute. Hau, adibidez, modu nabarian ikusten da haur-gazte hauen aisialdian; horrela, eskolaz kanpoko denbora gehiena egituratutako jardueretan ematen dute: kirola, musika, hizkuntzak eta abar luze bat. Aurreko belaunaldiko gazteek askoz ere denbora gehiago ematen zuten kalean joko librean.
  • Konfiantza: Krisi garaian hazi arren, belaunaldi honetako gazte askok konfiantza handia erakusten dute bere buruarengan. Gehienek bere gurasoek lortutakoa gainditzeko gai izango direla uste dute. Krisi latza ezagutu dutelako edo, apika gauzak okerrago egingo ez dutela pentsatzen omen dute.
  • Konbentzionalak: Z Belaunaldiko gazteek lotura estuagoa omen dute bere gurasoekiko. Zentzu horretan, bere gurasoen belaunaldiak finkatutako gizarte arauak begi onez onartzen dituzte. Hau oso belaunaldi gutxitan jazo den fenomenoa da, gazteek izaera iraultzaileagoa izan baitute historikoki.
  • Taldeak: Z Belaunaldiko gazteak taldeka elkartzeko joera nabaria dute, nahiz eta hainbat kasutan birtualki izan. IKTek ematen duten aukerei esker, konektatuta egoteko joera izaten dute. Hor datza gaur egun gizarte sareek duten arrakasta. Hezkuntza mailan, adibidez, hau erabiltzen lan taldekako lanak sustatzeko.
  • Trebakuntza: Belaunaldi hau inoiz izan den belaunaldirik prestatuena da. Estatu Batuetan egindako ikerketa baten arabera, belaunaldi honetako ikasleek, bataz beste, askoz ere nota hobeak lortzen dituzte.
  • Presioa: Belaunaldi hauetako gazteek epe luzerako arrakasta ondo egindako lanean oinarritzen dela uste dute.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.