Zuzentzen duzun sailak “Bilbao Gazte” delako ekimena aurkeztu berri du. Zeintzuk dira ekimen honen nondik norakoak eta nola garatu da?
2012an, Bilboko Udalak gazteen arloan dituen zeharkako politikak optimizatzeko asmoarekin, prozesu berritzaile bat jarri zuen abian. Bilbao Gazte 2020 izeneko prozesu horrek funtsezko oinarri bi izan ditu abiaburu. Lehena, gazteen arloko politikak Gazteen Gaietarako Zerbitzutik egiten diren jardueretatik haratago joatea. Eta, bigarrena, gazteengan eragin nabarmena duten udal jarduerei zentzua emateko eta jarduerok bideratzeko marko global bat garatzeko beharra.
Horretan guztietan oinarrituta, Bilbao Gazte prozesuaren diseinua egin dugu, gazteria arloko Bilboko Udalaren politikak definitzeko, bai beren-beregi gazteei zuzendutakoak eta baita, beste talde batzuei zuzendutakoak izanda, gazteengan eragin handia dutenak ere. Bestalde, gazteengan eragin nabarmena duten udal jarduerak batzeko eta jarduerok bideratzeko erreferentzia-markoa definitu nahi izan dugu. Honekin batera, Udaleko sailekin lankidetzako prozesuak abian jarri nahi ditugu, horiek ere, bere eguneroko lanean, gazteen ikuspegia kontutan har dezaten. Azkenik, Bilbao Gazte ekimenaren beste helburu bat gazteen arloan eta gazteen arloko politiketan diharduten beste eragile sozial batzuen ikuspegia eta ekarpenak gehitzea izan da. Prozesu hau guztia, Gazteria Zerbitzua buru dela garatu da, betiere Udaleko beste sailen laguntzarekin; horrez gain, lankidetzarako eta partaidetzarako era askotako espazioak jarri dira abian.
Gazteriak oso etorkizun beltza du aurretik: langabezia tasa altuak, lan baldintza kaxkarrak… Zein nolako lan ildoak lantzen ari zarete, zentzu horretan, Bilboko Udaletik egoera hau zuzentzeko?
Gazteen langabezia-tasa altua bada ere, aipatu nahi nuke bilbotar gazteen prestakuntza eta gaitasun-maila oso altua dela, borrokarako eta ekintzailetzarako gaitasuna ere badutela ahaztu barik. Egoera hori zuzentzen lagundu nahian, Bilbao Gazte prozesuaren barruan bada “norbere autonomia” izeneko lan-eremu bat, prestakuntzaren, lanaren eta etxebizitzaren arloko zortzi jarduera-ildotan banatuta: heziketa arautuan laguntzea, lanerako prestakuntza, bizitza osoko ikastaldia, enplegua sortzea, lan-mugikortasuna, ekintzailetza eta autoenplegua, enpresa-berrikuntza eta alokairuko etxebizitza publikoa.
Bilbao Gazte ekimenaren beste helburu bat gazteen arloan eta gazteen arloko politiketan diharduten beste eragile sozial batzuen ikuspegia eta ekarpenak gehitzea izan da.
Sarritan gazteria politikak aisia politikatzat hartu izan dira. Zeintzuk dira Udaletik aurrera eramaten diren gazteria politiken gakoak?
Bilboko Udalaren iritziz, gazteen arloko politikek ikuspegi integrala eta zeharkakoa dute eta, horregatik, aisiaren arloko politiketatik haratago doaz. Ikuspegi global horretatik, funtsezko hiru eremu ditugu gazteen arloko politiketan: prestakuntza, lana eta etxebizitza aintzat hartzen dituen ‘norbere autonomia’ arloa; ‘bizi-ohiturak’, eta horren barruan, kontsumoa, aisia eta osasuna; eta identitateari, parte-hartzeari eta gizarte-kohesioari lotutako jarduerak barneratzen dituen ‘herritar kontzientzia’ eremua.
Zein nolako balorazioa egingo zenuke egun euskarak Bilbon bizi duen egoeraren inguruan?
Ez naiz hasiko botila erdi beterik ala erdi hutsaren adibidearekin. Egoera linguistikoari nondik begiratzen denaren arabera, halako iritzia aterako da. Berrogei urte atzera begiratzen badugu, euskararen aurrerakada nabaria da; orduko garaian Bilbon euskara ikusezina zen -entzun ezina-; euskaldunak baziren baina etxeko eremutik ez zen irtetzen euskara. Gure gaurko Bilbon, gure hizkuntzaren presentzia askoz ere handiagoa da; hizkuntza paisaian ez ezik, hiztunen jardunean ere bai. Nahikoa ez dela izan, badakizu, nahiz eta erdaldun askoren ustetan egundoko gorakada izan duen euskarak gure inguruan.
Hala ere, ez da ikerketa askorik behar Bilbo inguruan euskara jakin gabe gizartean integraturik bizi zaitezkeela baieztatzeko. Hala da, guri gustatu ala ez, bai Bilbon bai Euskal Herriko txoko gehienetan. Azken batean euskararen berreskurapena ez da udalerrika lortu beharreko zerbait. Gure aldetik, Bilbon bizi diren ia ehun mila euskaldunak linguistikoki aktibatu nahi ditugu euskararen alde, gehienentzat euskara bigarren hizkuntza dela kontuan hartuta. Ezin dugu ahaztu, gainera, Bilboko bizitza sozialean bertakoak ez diren bizkaitar askok hartzen duela parte.
Euskararen inguruan Udalak dituen helburuak lortzeko zer nolako ekimenak sustatzen ari zarete?
Bilboko euskaldunen piramidea aztertuz gero garbi dago oso gaztea dela hemengo euskalduna. Gaztea eta eskolak euskaldundua kasu gehienetan; hau da, ikasgelatik kanpo euskararekin oso harreman txikia duena. Horregatik gure ahaleginik handiena ume eta gaztetxoen aisialdiaren bidetik doa; euskarak kutsu akademikoa gainditu eta izaera ludikoarekin lotzea; azken batean, hizkuntza komunikazio tresna indartsuena dela praktikan aldarrikatzea, euskararako hiztunak irabaztea.
Alde horretatik derrigorrezko eskola garaian direnei zuzentzen zaie hainbat programa (zinea, bertsolaritza, ipuin lehiaketa, Euskaratek…), baita ume horien gurasoentzako laguntza bereziak ere euskara ikasteko, hau oso kolektibo estrategikoa delako euskararen berreskurapenean. Berdin esna dezakegu ‘Ikusi eta Ikasi’ edo ‘Harrapazank’ moduko programez, umeei eta gazteei zuzenduak bere zaletasunak eta motibagarriak kontutan hartuta. Edo eskola munduan bertako elkarteen bidez egiten direnak. Azpimarratzekoa programa hauek guztiak elkarlanean gauzatzen ditugula jarduera horietan lanean jarduten diren elkarteekin (Bertsozalea Elkartea, Euskara Elkarteen Topagunea, Ikastolen Elkartea, Guraso Elkarteak…).
Kirolari dagokionez, hein handi batean kirol profesionalari begira egin diren gauzak azpimarratzen dira batik bat (NBA, San Mamés Barria, Miribilla) eta agian hiritarrei bideratutako ekintzei protagonismoa kentzen zaie. Nola uztar daitezke bi lan ildo hauek?
Bilboko Udalak garrantzia ematen dio kirolari. Kirol profesionalari ekonomiaren, merkataritzaren eta turismoaren ikuspegitik ematen zaio garrantzia; era berean, kontutan hartu behar dugu horrek guztiak hiria atzerrian sustatzen laguntzen duela. Honako honetan, kirola jarduera ekonomiko garrantzitsutzat hartu behar dugu. Eta kirol profesionalari garrantzia ematen dio Udalak kirolari jakin bat garrantzitsua denean. Hori guztia, bere balentria eta lorpenekin Bilboren izena munduan zehar ezagun egiten duten bilbotarrei aitorpena egin nahi diegulako. Beste arlo batzuetan ere berdin jokatzen du Udalak.
Euskararen aldeko programa hauek guztiak elkarlanean gauzatzen ditugu jarduera horietan lanean jarduten diren elkarteekin
Baina, batez ere, Udalak garrantzia ematen die, egunez egun, horretarako baliabide ekonomiko eta giza baliabide ugari jarrita, afizionatu mailako kirolari, eskola kirolari, aisiako kirolari eta jarduera fisikoari, emakumezkoen eta gizonezkoen kirolari eta kirol egokituari. Eta horri erantzuna emateko Udalaren kirol-instalazioak (kiroldegiak eta futbol-zelaiak) eta hirian han eta hemen estali gabe dauden instalazioak ditugu. Beste alde batetik, Bilbon hainbat kirol jarduera eta ekitaldi egiten dira urte osoan zehar. Jarduera eta ekitaldi horietako protagonista nagusiak –partaide zein ikusle direlako- bilbotarrak dira, zalantzarik gabe.
Bi arlo horiek batzea? Sekula ere ez, nire iritzian. Hain zuzen ere, enbor bereko adar bi direlako. Hasieran jarduera fisikoa, gero kirola, ondoren kirol profesionala eta azkenik, kirola ondo pasatzeko egiten da. Hortik abiatuta, bereizketa gehiago egin dezakegu, hainbat aldagairen arabera: lehiarako maila, maila ekonomikoa, ordainsariena, gehiengoen kirola, gutxienen kirolak, taldeko kirolak eta kirol indibidualak…, kirol herrikoiak, txapelketa herrikoiak, eskola kirola, unibertsitateko kirola, aisiako kirola, osasunerako kirola, ongizate fisikorako kirola…den-denak, adar bereko adarrak. Zerrenda amaigabea izan liteke.Hala ere, bai uste dut kirol profesionalak gainerakoei lagundu behar diela, batez ere eskola kirolari, balioak, esperientziak, ilusioak eta mugak transmititzeko.
Baita gainerako kirol edo jarduera fisikoari ere; izan ere, guztiok, gure bizitzako uneren batean, fase horietakoren batetik igarotzen gara. Eta hor garrantzitsua da kirol profesionalaren laguntza, bere presentziak eta lekukotzek eragina daukatelako kirol horrek jarraitzaile eta zale gehiago izateko orduan.