Gasteizko Udalak, Euskara eta Gazteria zerbitzuen bitartez, ekainaren 30era arte izango du zabalik Gazte Sortzaileak beken 2026ko deialdia, euskarazko kultur proiektuak sortu nahi dituzten 16 eta 35 urte bitarteko gazteentzat. Proiektu bakoitzak 4.000 eurorainoko laguntza jaso ahal izango du, eta horri aholkularitza profesionala gehituko zaio. Arabako Foru Aldundiak kofinantzatzen du ekimena, Euskararen Foru Zerbitzuaren bitartez.
PUBLIZITATEA
Deialdia bi kategoriatan egituratzen da, parte-hartzaileen adinaren arabera:
- lehenengoa, 16 eta 24 urte bitartekoentzat;
- bigarrena, 25 eta 35 urte bitartekoentzat.
Proiektuak banaka zein taldeka aurkez daitezke, betiere kide guztiek adin-baldintza betetzen badute eta taldekide gehienak Gasteizen edo Arabako Lurralde Historikoan erroldatuta badaude. Hautagaitza bakoitzak —banakakoa edo taldekoa— proiektu bakarra aurkez dezake, eta inork ezin du beka bi aldiz baino gehiagotan jaso urte desberdinetako deialdietan.
Euskaraz hasieratik bukaerara
Gazte Sortzaileak deialdiaren baldintza nagusia prozesu osoa euskaraz garatzeko konpromisoa da: sormen-fasea, ekoizpena eta azken aurkezpena. Proiektuak, gainera, Gasteizen edo Araban gauzatu behar dira, eta euskarazko ahozko adierazpena izan behar dute ardatz. Onartutako formatuen artean daude antzerkia, bakarrizketa, poesia, musika, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak edo horien arteko edozein hibridazio mota.
Antolatzaileek lehentasuna ematen diete formatu txikiko jarduerei. Lanak jatorrizkoak edo lehendik dagoen lan baten egokitzapenak izan daitezke, betiere jatorrizko materialaren kalitateak hori justifikatzen badu. Kanpoan geratzen dira itzulpenetan soilik oinarritutako proiektuak, bai eta aurretik jendaurrean aurkeztu direnak ere. Proiektua deialdiaren hasiera-egunean martxan badago, aurkezten den pertsonak adierazi beharko du zein fasetan dagoen eta zer ekarpen berri egiten duen.
Zer aurkeztu behar da
Deialdiak eskatzen duen dokumentazioak honako hauek jasotzen ditu: eskabide-inprimaki orokorra eta bekaren inprimaki espezifikoa, bi eta lau orrialde bitarteko euskarazko proiektuaren deskribapen zehatza —argumentua, egitura, formatua, helburuak eta egutegia jasoko dituena—, aurrekontu bat eta, aukeran, proiektuaren lagin bat, edozein formatutan. Eskabidea aurkezten duenaren nortasuna ez da agiri horietako bakar batean ere agertu behar, epaimahaiaren aurrean anonimotasuna bermatzeko. 18 urtetik beherakoek aitaren, amaren edo legezko tutorearen baimena erantsi behar dute.
PUBLIZITATEA
Oinarri osoak eskuragarri daude deialdiaren atarian. Informazio gehiago nahi izanez gero, gaztesortzaileak@vitoria-gasteiz.org helbidera idatz daiteke.










