Eusko Jaurlaritzako HIESaren Prenbentzio eta Kontrolaren Planak 2012an izan ziren GIBaren infekzio berriei buruzko datuak ezagutzera eman ditu berriki. 2007. urtetik hona, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaixotasun honen inguruko datu epidemiologikoak batzen ditu. 2012. urteari dagokionez, EAEn 161 kasu berri jaso dira, % 82 gizonezkoei dagozkiolarik. Kasu gehienetan, transmisio bidea harreman sexualen bidez izan da (% 49) eta % 6an, berriz, droga kontsumoari lotutako transmisioa izan da.
Jasotako 161 kasu berri horietatik, 44, hots % 27, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean eman dira. Adin tarte honetan ere kasu gehienak mutilen artean eman dira. Datu hauen arabera gazteriaren artean den GIB infekzio berrien tasa 1,42koa da (zenbat kasu adin talde bereko 10 mila lagunen artean).