‘Viagra kondoia’ jada merkatuan da

Sexu-plazera handitzeko diseinatutako kondoi berriak babestutako sexua bermatzeko eta sexu-transmisiozko gaixotasunak ekiditeko gaitasuna du

Gizon asko, eta emakumeak ere bai, kexu dira kondoiek sexu-plazera murrizten dutelako. Baina iritzi hori laster alda daiteke zakilaren tamaina eta sexu-plazera handitzen duen preserbatiboari esker.

Kondoi berria Futura Medical britainiar konpainiak garatu du eta bere izena CSD500 da. Kondoiak badu zakilaren tinkotasuna eta tamaina handitzen eta erekzioaren iraupena luzatzen laguntzen duen gel elektrogeniko bat.

Kondoi berria eta ohiko kondoiak alderatzeko egindako proba baten arabera, CSD500 kondoiarekin sexu-plazera nabarmen handiagoa da bai gizonentzat bai emakumeentzat. Gizonen kasuan, sentsazio naturalago bat azpimarratzen dute; % 16k azaldu duenez kondoirik gabeko sexuarekin baino plazer handiagoa sentitu dute. Aipatu ikerketa Journal of Sex Research aldizkarian argitaratu dute.

Errezetarik gabe

Futura Medicalek garatu duen ‘Viagra kondoia’ errezetarik gabe saltzeko onartu da Europako hainbat herrialdetan eta jada Belgika eta Herbehereetan eros daiteke. Saudi Arabian eta Arabiar Emirerri Batuetan ere salgai dago.

Sexu-transmisiozko gaixotasunetatik babesteaz gain, kondoi gabeko sexu-harremanak baino dibertigarriagoa ere izan liteke. Enpresaren iritziz, “sexu-plazera areagotzen duen kondoiak garrantzia izan lezake mundu mailako osasun publikoarentzat GIBari eta STIei aurrea hartzeko”.