Itzulpengintza izango da aurtengo Gutun Zuria jaialdiaren gai nagusia

Azkuna Zentroak Bilboko Letren nazioarteko Jaialdiaren edizio berri bat hartuko du martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitartean.

Gutun Zuria Bilbao, Letren Nazioarteko Jaialdia, martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitartean ospatuko da Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaon. Aurtengo edizioaren gai nagusia itzulpengintza izango da, baina ez soilik fenomeno literario gisa. Izan ere, itzulpengintza munduan izateko eta hura aldatzeko modu gisa jorratuko da. Jaialdiaren xedea da hormak eraisteko eta pentsamenduak, gogoetak eta ezagutzak garatzeko leku bihurtzea.

Aurtengo edizioaren leloa “Itzuliz usu mundua” izango da. Leloa Anjel Lertxundiren “Itzuliz usu begiak” saiakeran inspiratuta dago. Jaialdiak etengabe itzultzen ari den mundu bati begiratzen dio, ez bakarrik fenomeno literario gisa, baizik eta munduan egoteko modu gisa:  esperientziak, kulturak, lurralde artistikoak, generoak, hizkuntzak eta lengoaiak, identitateak, gorputzak.

Programazioa

Jaialdiak hogeita hamar bat proposamen programatu ditu  hitzaren inguruko eztabaidak eta gogoetak zabaltzeko, filosofia edo historia bezalako esparruetatik hainbat gai jorratzeko, hala nola kulturen eta sentsibilitateen arteko loturak, ama-hizkuntzen zeregina, itzulpenaren eta idazketaren arteko harremana, literatura generoen mugak, Atlatikoaren ertzetako zubiak, edo itzultzaileen zeregina. Azkuna Zentroan izango dira, besteak beste, Kirmen Uribe, Miren Agur Meabe, Cristina Morales, Santiago Auserón, Theodor Kallifatides eta Jhumpa Lahiri.