Kaleko arte eszenikoen sormena sustatzeko laguntzak

Karrikan Plataformak Euskal Herrian dauden eta eremu publikoan diharduten talde, artista eta konpainia berrien sorkuntza originalak babestuko ditu.

Abian da Karrikan plataformak eskaintzen dituen laguntzen bosgarren deialdia. Martxoaren 25era arte zabalik izango den deialdi berriaren xedea da Euskal Herriko kaleko arte eszenikoetan sorkuntza lanak bultzatzea. Karrikan Bilboko, Leioako, Gasteizko, Hendaiako eta Antsoaingo Udalek sustatzen duten plataforma da.

Plataformak Euskal Herrian diren eta eremu publikoan diharduten artista eta konpainia berrien sorkuntza originalak babestuko ditu. Bereziki kalean egiten diren jarduerak lagundu nahi dira, baina arte eszenikoen barruan diren diziplina guztiak aintzat hartuko dira: antzerkia, dantza, zirkoa, diziplina anitzeko ikuskizunak… Testurik gabeko edo euskarazko ikuskizunek lehentasuna izango dute eta formatu ertain eta txikiko ikuskizunei ere garrantzi handiagoa emango zaie.

Laguntza lortzeko hautatuak diren egitasmoek urtean zehar izango diren jaialdi ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute, hala nola, Bilboko Kalealdia, Leioako Umore Azoka, Gasteizko KaldeArte, Hendaiako Mai du théâtre edo Antsoaingo udako programazioa.

Aurtengo edizioan, Karrikan plataformaren laguntzaile gisa, Arriagorriagako Udala, Iurretako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Dantzagunea arituko dira.

Laguntza deialdiaren inguruko informazio guztia: karrikan.eu