Nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko kanpaina

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta HETELen eskutik. Bizkaian Lanbide Heziketa ikasten ari diren gazteen artean neskak % 36 besterik ez dira. STEAM zikloen kasuan kopuru hori % 10eraino jaisten da.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta HETELek, Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkarteak, ‘Nahi duzuna izango zara’ izeneko kanpaina jarri dute abian nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko. Kanpaina Lehen Hezkuntzako, DBHko, Lanbide Heziketako eta batxilergoko ikastetxeetan garatuko da.

Kanpainak ikasleei eta gizarte osoari erakusten dizkie gizonak nagusi diren ikasketen inguruan dauden genero-aurreiritziak. Helburua da STEAM zikloetan (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) parekotasuna lortzea.

Genero-aurreiritzak adin goiztiarrean eratzen dira, zazpi urte bete aurretik, eta urteen poderioz sendotu egiten dira. Horien ondorioz hainbat neskak uko egiten diote bokazio zientifiko-teknologikoei eta hori STEAM zikloetan agerian geratzen da.

2030. urteari begira

HETELen helburua da 2030. urterako Lanbide Heziketa ikasleriaren % 50 inguru emakumeak izatea. Une honetan Lanbide heziketako ikasleriaren % 36 dira emakumeak. Horrez gain, emakumeen % 50 STEAM zikloetan matrikulatura egotea lortu nahi da. Une honetan % 10 besterik ez dira.

Hala ere, ziklo horiek aukeratu dituzten emakumeen enplegagarritasuna oso altua; % 87koa, hain zuzen ere. Etorkizunean lanbide gehienetan digitalizazioari lotuta dauden  STEAM gaitasunak eskatuko direla aurreikusten da.

HETELek Lanbide Heziketako zikloetan egiaztatu ahal izan duenez, neskek erreferenteen falta dute. HETELek egin duen azterlan batean, zortzi urteko haurrei zientzialari bat marrazteko eskatu zitzaien Ikasleen % 44k emakume bat marraztu zuen arren, mutilen artean bat berak ere ez zuen emakume bat marraztu.

Gainera, HETELek azaldu duenez neskek orientazio okerra pairatzen dute. Hala ere, STEAM zikloen alde egitea erabakitzen dutenean, neska gehienak oso gustura azaltzen dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak helburu bera edo antzekoa duten beste zenbait kanpaina diruz laguntzen ditu, hala nola, ‘Inspira-STEAM’, ‘Ezkutuko talentua’, ‘Moldeak apurtzen’ edo Ada Byron Saria.