Bultzada berri bat unibertsitateko prestakuntza dualari

Unibertsitatea+Enpresa II. Euskal Estrategiaren xedea da 2026. urterako, gutxienez, 10.000 unibertsitariok beren prestakuntzaren zati bat enpresetan egitea eta 80 titulazio dual izatea.

Euskadik hezkuntza eta enpresaren arteko harremanak sendotzen jarraitu nahi du. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen Unibertsitatea+Enpresa II. Euskal Estrategiaren xedea da 2026. urterako, gutxienez, 10.000 unibertsitariok beren prestakuntzaren zati bat enpresetan egitea eta 80 titulazio dual izatea.

Unibertsitatea+Enpresa I. Estrategia 2017. urtean aurkeztu zen. Ordutik hona 47 unibertsitate-titulazio dual sortu dira. Titulazio horietatik guztietatik, 30 graduak dira eta beste 17ak ingeniaritza, enpresen administrazio eta zuzendaritza, fabrikazio digitala, marketina, ikus-entzunezko komunikazioa edo soziologia bezalako arlotan irakasten diren masterrak. Orain arte 600 enpresak eta 4.800 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute prestakuntza modelo horretan. Estrategia berriak kopuru horiek bikoiztu nahi ditu.

Etorkizunera begira

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, I. Estrategia horri esker, Euskal Unibertsitate Sistema euskal gizartearen agente dinamizatzaile eta eraldatzailea bilakatu da azken urteetan, nazioarteko talentua erakarriz eta euskal ikerketaren eta berrikuntzaren motorra bilakatuz. Estrategia berriak “XXI. mendeko Euskadiren eraikuntza” ahalbidetuko duen unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremana bultzatzen jarraitu nahi du.

Aurkezpenean azaldutakoaren arabera, 2022-2026 aldirako honako helburu hauek lortu nahi dira: ezagutzaren sorkuntza eta transferentzia, betiere, bikaintasun zientifikoa enpresa arloan izango duen aplikazioari lotuz; eta, gaitasun handiko talentuaren formakuntza enpresa-munduak dituen beharretara egokituta. Hortaz, estrategia berriak lehentasunezko sei lan-ildo zehazten ditu:

  • Unibertsitateko prestakuntza-dualaren eskaintza sustatzea ikasleriaren enplegagarritasuna hobetzeko. 1.000 enpresen eta 10.000 ikasleren parte-hartzea izango duten 80 titulazio dual lortu nahi dira.
  • Nazioarteko 10 titulazio dual martxan jartzea.
  • Jada abian diren bi Unibertsitate+Enpresa Gelei beste bi gehitzea.
  • 5.000 ikaslek ‘Lan-mundura igarotzeko programan’ parte hartzea lortu eta ekintzailetzarako 350 beka baino gehiago eskaini.
  • Lanbide Heziketaren eta unibertsitatearen arteko lankidetza sendotu berrikuntza sustatzeko.
  • IKUR 2030 programa sustatu bikaintasun-ikerketaren esparruan.
I. Estrategiaren emaitzak

2017. urtean abian jarri zen estrategiaren emaitza nagusiak honako hauek dira:

  • 47 titulazio dual. 2017az geroztik, 47 titulaziok lortu dute aipamen dual hori. 600 enpresak eta 4.800 ikasle baino gehiagok parte hartu dute prestakuntza dual horretan.
  • Klusterren sorrera. Unibertsitateko prestakuntzan bi kluster antolatu dira: 4Gune Klusterra, Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiakoa; eta KSIgune Klusterra, Kultura eta Sormen Industriena.
  • Enpresa+Unibertsitatea Gelak. E2017-22 aldian bi Gela jarri dira martxan: 4.0 Industriari buruzko AIC gela eta Kultura eta Sormen Industrien KSI gela.
  • Ekintzailetzarako eta Lan-mundura igarotzeko programak: 4.650 ikaslek parte hartu dute ‘Lan-mundura igarotzeko programan’ eta ekintzailetzarako 300 beka baino gehiago eman dira.