Nafarroako landa-eremuetan bizi diren gazteak gustura daude bertan

Nafarroako Gazteriaren Institutuak 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan bizi diren 16 eta 30 urte bitarteko gazteen errealitatea aztertu du. Horretarako, 600 gazte elkarrizketatu dira telefonoz.

Azken urteetan gero eta gehiago dira landa-ingurunea utzi eta hirietara jotzen duten biztanleak. Hortaz, administrazioak mugimendu horretarako arrazoiak ezagutu nahi izan ditu eta gazteek egunero bizi dituzten kezkak eta arazoak jaso ditu. 

Oro har, txostenak agerian utzi duenez, landa-eremuetan bizi diren gazteak oso gustura daude beren bizitzarekin. Batez beste 10 puntutik 8,3 puntuko balorazioa eman diote bertan bizitzeari.

Gazteek gehien baloratu dituzten ezaugarriak honako hauek dira: lasaitasuna (% 57,6), udalerriko beste bizilagunekin duten gertuko harremana (% 28,1), natura gertu izatea (% 9,3) eta segurtasuna (% 4,5).

Landa-inguruan eskura dituzten zerbitzuen artean lehen hezkuntza (10 puntutik 8), telefonia mugikorraren estaldura (7,9), Interneten estaldura (7,7) eta ostalaritza (7,6) dira puntu gehien lortu dituztenak.

Oro har, landa-eremuan bizi diren gazteen asebetetze-maila 7,5 puntutik gorakoa bada ere, txostenak agerian utzi du udalerriaren tamainaren arabera asebetetze-maila aldatzen dela. Horrela, 1.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan bizi diren gazteek faltan botatzen dituzte hainbat zerbitzu.

Horrela, gazteek azaldu dutenez, udalerri txikietan bizitzeak duen arazo handienetako bat udalerrien artean diren distantziak eta garraio publiko zein pribatuarekiko menpekotasuna lirateke. Aisialdirako eskaintza eskasa ere gazteek gehien aipatu duten faktoreetako bat da.

Etorkizuna

Asebetetze-maila altuarekin bat eginez, gazteen bi heren baino gehiagok (% 67,8) etorkizunean bere udalerrian bizitzen jarraitu nahiko lukeela azaldu du. Landa-eremua uzteko asmoa azaldu duten gazteen artean bi izan dira aipatu diren arrazoi nagusiak: lan aukera falta eta hiri batean bizitzeko nahia. Kontuan izan behar da horrelako udalerrietan bizi diren 18 urtetik gorako gazte askok udalerri handiagoetara jotzen dutela beren ikasketak jarraitzeko.