Euskara ikasten duten helduentzako laguntzak

Nafarroak 1,28 milioi euro bideratuko ditu dirulaguntzetara, 16 urtetik gorakoek 2026an zehar euskara ikastaro presentzialak, trinkoak, udakoak eta autoikaskuntzakoak ordaindu ahal izan ditzaten

  Egilea: Lander Bolado
  Argazkia: Mikel Saiz
  Hitz kopurua: 251
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuak banakako laguntzen deialdia argitaratu du Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO), helduek 2026an eta 2027ko lehen seihilekoan euskara ikastaroak ordaindu ahal izan ditzaten. Inbertsio osoa 1.286.000 eurokoa da: horietatik 1.001.000 euro A1 eta A2 mailetako ikasleentzat izango dira, eta 285.000 euro gainerako mailetarako.

Deialdia hiru modalitatetan antolatzen da, ikastaroaren egutegiaren arabera. A modalitateak 2026ko urtarrila eta abuztua bitartean hasi eta irailaren 30a baino lehen amaitzen diren ikastaroak hartzen ditu. B modalitatean sartzen dira 2026ko irailetik abendura bitartean hasi eta 2027ko ekainaren 30a baino lehen amaitzen direnak. C modalitatea 2025eko urrian hasi eta 2026ko ekainaren 30a baino lehen amaitzen diren A1 mailako ikastaroetarako gordeta dago.

Laguntzak eskuratzeko, gutxienez 16 urte izan behar dira, deialdia argitaratzen den egunean Nafarroan erroldatuta egon, euskara ikastaro batean matrikulatuta egon eta gutxienez % 80ko asistentzia egiaztatu.

Zenbatekoak eta ikastaro motak

Dirulaguntzak modalitatearen eta eskola-orduen arabera aldatzen dira. Ikastaro estentsiboetan, trinkoetan, barnetegietan eta udako ikastaroetan, 125 eta 475 euro artekoak dira. Autoikaskuntzako ikastaroetan, berriz, 125 eta 350 euro artekoak. A1 eta A2 mailetako ikasleek matrikularen % 100era arte jaso dezakete, gehienez 815 euro ikastaro presentzialetan eta 1.465 euro autoikaskuntzakoetan.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoaren bidez, edozein erregistro-bulegotan edo posta ziurtatu bidez aurkez daitezke. Azken kasu horretan, Euskarabideara bidali behar dira, Iruñeko Paulino Caballero kaleko 13. zenbakira. Epeak honako hauek dira: C modalitatea, maiatzaren 15etik ekainaren 15era; A modalitatea, ekainaren 15etik abuztuaren 31ra; eta B modalitatea, irailaren 1etik azaroaren 3ra.