Zinemaldiaren 70. urteurrenaren erakusketa Tabakaleran

Donostiako Zinemaldiaren ibilbide luzea jasotzen duen erakusketa ikusgai izango da datorren irailaren 24ra arte.

Irailaren 16tik 24ra bitartean ospatuko den aurtengo edizioa Zinemaldiaren 70. edizioa izango da. Urteurren hori ospatzeko, Zinemaldiak ‘Imajinatu Zinemaldia’ izeneko erakusketa bat prestatu du. Erakusketa Tabakaleran izango da ikusgai aurtengo edizioaren amaierara arte. Erakusketaren komisarioa Morgancrea ekoiztetxea da.

Erakusketak bere ibilbide luzean Zinemaldian jazo diren gertaerarik garrantzitsuenak biltzen ditu. Hogei bat pantailaren bidez 150 minututik gorako edukia biltzen duten ehunka bideo erakutsiko dira.

Alfonbra gorria eta erakusketaren atalak

Erakusketaren zati garrantzitsu bat alfonbra gorria izango da. Izan ere 200 metro alfonbra baino gehiago erabili dira erakusketa honetan. Lehen ediziotik erabili den elementua da alfonbra gorria eta, erakusketaren kasuan ere, bisitariei ongietorria emateko erabiliko da.

Erakusketaren beste zati garrantzitsu bat jarraitzaileen laguntzari esker osatu da. Atal horretan, zinemaldiaren jarraitzaileek bidalitako argazkien aukeraketa bat ikusi ahal izango da. Horietako hainbat argazkitan jarraitzaileek Zinemaldira etorritako izarrekin ateratako selfie-ak ikusi ahal dira.

Erakusketaren beste atal batean, berriz, Zinemaldia nazioartean zabaltzen eta haren memoria gordetzen lagundu duten komunikabideen lana ikusi ahal izango da. Atal honetan Zinemaldian izan diren izar nagusien  irudi, titular eta adierazpenen hautaketa bat erreproduzitzen dute bi pantaila bertikal daude.

Erakusketaren zatirik deigarriena, agian, pantaila erraldoia izango da. Bertan, bost proiektoretatik aldi berean emandako irudiak erreproduzituko dira. Pantailan, eta kronologikoki ordenatuta, Zinemalditik pasatu diren izarrik handienak ikusi ahal izango dira eta distantzia jakin batera kokatuta, ikus-entzuleek aldi berean eta mugimenduan ikusiko dituzte Gloria Swanson, Kirk Douglas, Audrey Hepburn, Harrison Ford, Bette Davis, Robin Williams eta Brad Pitt, besteak beste.