Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailak Euskadiko parke pribatuko alokairuen datu errealak eskainiko dituen webgune bat aurkeztu berri du. Webguneak Alokairu Merkatuaren Estatistikaren (AME) azken eguneratzearen datuak erabiltzen ditu. Datu horien arabera, (azkenekoak iazko bigarren hiruhilekoak dira) EAEko alokairu berrien batez bestekoa 711 eurokoa litzateke. Metro koadroaren prezioa, berriz, 9,5 eurokoa litzateke.
Tresna berriak alokairuaren merkatu libreari buruzko xehetasunak ezagutzeko aukera emango du auzoaren (10.000 biztanletik gorako herrietan), herriaren, eremu funtzionalaren edo lurralde historikoaren arabera, geolokalizatutako datu objektiboekin.
Alokairu Merkatuaren Estatistika
Estatistika horren bidez EAEko etxebizitzen alokairu libreko kontratuei lotutako fidantza-gordailuen kopurua eta hileko errentak ezagutu ahal izango dira. Bertan, fidantzen eta alokairu-kontratuen erregistroan jasotako datuak bilduko dira. Aipatu estatistikaren arabera, une honetan, erregistroan alokairu libreko 67.033 kontratu daude, eta horietatik 64.123 ohiko etxebizitzak lirateke.
Lurralde historikoei dagokionez, bertan jasotako datuek erakusten dutenez, alde handiak daude. Adibidez, EAEn diren alokairuen fidantzen ia erdia (% 47,4 – 30.366 fidantza) Bizkaiari dagozkio. Bilbok bakarrik Euskadiko fidantza guztien % 18 biltzen du. Gipuzkoan ere alokairuen fidantzen kopurua altua da (7.944) eta Araba osoan erregistratutakoaren kopurua ia berdintzen du (9.227). Hiriburuei dagokionez, alokairurako auzorik garestienak San Martinen, Indautxun eta Aiete-Lugaritzen aurkitzen dira. Merkeenak, berriz, Abetxukon, Iturrigorri-Peñascalen eta Martutenen.
Gasteizen, adibidez, batez besteko alokairu, hilean, 671 eurokoa da, herrialdeko batez bestekoa baino 26,5 euro garestiagoa. Bilbon, batezbesteko alokairua 780 erokoa litzateke, Bizkaikoa baino 75,5 euro garestiagoa. Azkenik, Donostiako batez besteko alokairua ere Gipuzkoa osoaren batez bestekoa baino nabarmen altuagoa da (911,4 euro eta 739,3 euro, hurrenez hurren).
Era berean, estatistikan ikus daiteke 2.500 biztanletik beherako udalerrietan alokairu-kontratu berriak batez beste 529,8 eurokoak direla, eta 40.001 biztanletik 100.000 biztanlera bitartekoetan, berriz, 711,9 eurokoak.