NeskUp!, emakumeen artean bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzeko programa

STEM zikloetan emakumeen presentzia % 24 ingurukoa da. Industria-sektorean, berriz, % 12raino jaisten da.

Lanbide Heziketak konpondu gabe duen arazoetako bat da oraindik ere industria- eta teknologia-arloetan emakume nahikorik ez izatea. STEAM zikloetan emakumeen presentzia % 24 ingurukoa da, baina kopuru hori erdira jaisten da industria-sektorean.

Desparekotasun horrekin amaitzeko NeskUp! izeneko programa jarri da martxan. Ekimen horren xedea da emakumeen artean bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzea eta, aldi berean, genero-arrakala desagerrarazi eta Lanbide Heziketako ziklo maskulinizatuenekin lotutako estereotipoen inguruan sentsibilizatzea.

NeskUp!

Abian jarri den programa #STEAM Euskadi estrategiaren markoan garatzen ari da eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatu du Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren bidez. Bertan parte hartzen ari dira, besteak beste, IKASLAN sareko eta HETEL sareko ikastetxeak. Programaren helburuak lortzeko ikasturtero ikastetxeek  hiru ekintza gauzatuko dituzte. Ekintza horiek guztiak programaren webgunean bilduko dira. Plataforma horren xedea da neska gazteak ahalduntzea eta STEM genero-arrakala delakoari amaiera ematea. Webgune berriak ahotsa emango die, beren lan-ibilbidea garatuko duten esparru profesionala hautatuz, berdintasunaren alde borrokan hasi diren emakume gazteei.

Gainera, aurten bertan, Tik Tok sare sozialaren bidez, #NeskUP!2023 lehiaketa ere antolatu da. Bertan, parte-hartzaileek hausnarketara gonbidatzeko eta STEAM lanbideak ikusarazten laguntzeko bideo bat aurkeztu beharko dute. Lehiaketan parte hartzeko programaren webgunean den inprimakia osatu behar da.

Kopurutan
  • Lanbide Heziketako 26 lanbide-arloetatik 11 STEAM lanbideekin lotuta daude: elektrizitatea eta elektronika; energia eta ura; eraikuntza eta obra zibila; fabrikazio mekanikoa; informatika eta komunikazioak; instalazioa eta mantentze-lanak; irudia eta soinua; elikadura-industriak; zura, altzariak eta kortxoa; kimika; eta garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak.
  • Emakumeen presentzia eta gizonena STEAM zikloetan ez da parekoa. Oro har, andrazkoena % 24 ingurukoa da, are txikiagoa Kimika edo Elikadura-industriak alorretan, besteak beste, eta industria-alorretan % 12ra murrizten da. 2027rako ezarritako helburuaren arabera, emakumeen presentzia industria-sektorean % 20ra bitarte handituko da.

Ziklo hauek lan-aukera ugariago, soldata hobeak eta garapen profesional handiagoa eskaintzen badituzte ere, andrazkoen bokaziorik ezak genero-arrakala areagotzen duen arazoa izaten jarraitzen du.

2 Iruzkin
  • […] Science proiektuak modu arrakastatsuan integratzen ditu zientzia eta teknologia arteekin eta humanitateekin, artearekin, inguratzen duen testuinguru historikoarekin eta […]

  • […] (Analisi eta kalitate kontrolerako laborategia). Beraz, inolako zalantzarik gabe, STEAM adarrean genero-arrakala mantentzen dela baiezta daiteke. Datuak, zentzu horretan, argiak dira: STEAM ziklo eta familietan […]

Iruzkinak itxiak daude...