Aho-sexua gero eta hedatuagoa gazteen artean

Albertako Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, aho-sexua hedatzen ari da bikotekideen sexu harremanetan. Ikerketako burua den Brea Malacad ikertzailearen ustetan, emakume gazteen artean aldaketa garrantzitsua jazotzen ari da jarrera sexualei dagokionez: “Harreman sexual osoak mantentzen dituzten emakumeek aho-sexua ere praktikatzen dute”. Ikertzaile berak dioenez, gero eta gehiago dira aho-sexua bere harremanetan barneratu duten gazteak. Ez hori bakarrik, aipatu ikerketan azpimarratzen denez, aho sexua praktikatzen duten emakumeen % 30 inguruk praktika horrekin boteretsuago sentitzen direla onartzen dute.

Malacadek zuzendutako ikerketa 18 eta 25 urte bitarteko 181 emakumeri egindako inkestetan oinarritzen da. Lortutako emaitzen arabera, aho-sexuaren inguruko iritzietan aldaketa nabarmena eman da. Horrela, inkestatutakoen % 50ek praktika hori koitoa bezain intimoa ez dela pentsatzen du, % 41ek koitoa bezain intimoa dela adierazi du eta % 9k intimoagoa dela uste du.

Ikerketaren emaitzarik harrigarriena, apika, hainbat emakumeek praktika horren inguruan azaldutakoa izan daiteke. Izan ere, emakume askok praktika hori egitean sentsazio positiboak eta boterea nabaritzen dutela adierazi dute. “Koitoa eta felazioa emozio positiboekin erlazionatzen dira, eta beraz, praktika hori burutzen duten emakumeek gustura egiten dutela ondoriozta daiteke” adierazi du Malacadek. Ikerketaren arabera, emakumeen % 30 boteretsu sentitzen da felazioak egiterakoan. Antza denez, ekintza horrek botere gehiago eman diezaiekela uste dute.

Arriskuak

Baina dena ez da arrosa kolorekoa. Izan ere, Malacadek berak adierazten duen bezala, praktika hori nahiko arriskutsua suerta daiteke. Horrela, badira felazioak praktikatzerakoan sor daitezkeen zenbait gaixotasun, hala nola, giza papilomaren birusa edota amigdaletako minbizia. Hori dela eta, Malacadek sexu segurtasunean lan egiten duten enpresek datu horiek guztiak aintzat hartzea eskatu du.

Aho-sexua praktikatzea, esan bezala, arriskutsua izan daiteke, baina, printzipioz, ez beste sexu praktika batzuk baino gehiago. HIESa, adibidez, errazago transmititzen da babes gabeko, hots, kondoirik gabeko uzki-sexu edo koitoaren bidez. HIESaren kasuan felazioaren eragina jakitea zaila da, normalean, aho-sexua praktikatzen duenak bestelako sexua (koitoa) ere praktikatu ohi duelako. Egindako zenbait ikerketen arabera, aho-sexua praktikatuz HIESa hartzeko arriskua % 1 eta % 8 artean kokatzen da. Dena den, frogatuta dagoen bezala, aho sexuaren bidez sexu transmisiozko bestelako gaixotasunak transmiti daitezke, hala nola, sifilisa, gonorrea edota herpesa.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.