Ianire Estébanez: “Harreman batek bi kideen beharrak bete behar ditu”

Gazteekin taldeak osatzen ditu, besteak beste, harreman afektibo eta sexualetaz, amodio birtualetaz edo tratu onetaz hitzegiteko. Minoviomecontrola blogaren arduraduna da eta bertan, amodioak nahastu dituen neskak laguntzen saiatzen da

Oro har, mutilek bikotekidea kontrolatzeko neskek baino joera handiagoa azaltzen al dute?

Ezin da orokortzerik egin. Ez dakit mutilek neskek baino gehiago kontrolatzen duten ala ez, baina esperientzia eta zenbait ikerketen arabera, neskek bere burua engainatzen dute maizago eta bere bikotekideek beraiengan egiten duten kontrola modu inozoagoan hautematen dute. Neska batek bere mutila kontrolatu nahi duenean hau modu errazagoan konturatzen da eta bere mugak ezartzen ditu. Kontrako kasuan, ‘maite nauelako egiten du’ bezalako ‘arrazoiak’ dira gehien hautematen direnak. Neskek nahaste-borraste askotxo izaten dituzte amodioarekin.

Nola jakin zure bikotekidea kontrolatzen zaituen ala ez?

Harreman osasuntsu batean bikotekide bakoitzak, partekatzen duten espazioaz gain, bere espazio propioa izan behar du. Harreman batean bikotekideren batek bere espazio propioren bati uko egin behar badio (lagunak, zaletasunak…), eta bikotekide bat bestea mugatzen edota bere ordez erabakiak hartzen hasten bada, hor nolabaiteko kontrola dagoela esan daiteke. Bikotea izateak ez du esan nahi norbanako bezala existitzeari uzten diozula. Sarritan, neskek bere lagunekin ateratzeari uzten diote eta bere mutilaren lagunekin ateratzen hasten dira, seguruenik, lehen komentatu dudan amodioaren inguruko nahaste-borraste horiek direla eta.

Posible da harreman osasuntsu bat izatea? Gizartean nagusi diren produktu kulturaletan ikus daitezkeen ereduak ikusita…

Konturatu gabe, gizarteak nagusi eta morroi eredu batera bultzatzen gaitu. Gizonak ezaugarri maskulino zehatz batzuk izan behar ditu eta neskek guztia amodioarengatik egin behar dute. Emakumeari ezarri zaizkion agindupeko ezaugarrietatik ateratzen diren emakumeak estigmatizatu egiten dira eta ezaugarri maskulinoetatik ateratzen diren mutilei iraindu egiten ohi zaie. Baina horiek guztiak estereotipoak eta mitoak dira. Nire ustez, posible izan beharko luke desberdin izateak, eta galderari erantzunez, bai, posible da harreman osasuntsuak izatea.

Gazteentzat garrantzitsuagoa al da harreman bat izatea hau osasuntsua izatea baino?

Bakardadeari beldur handia diogu, batez ere emakumeok. Bikoterik ez baduzu gutxiago balio duzula dirudi. Horregatik, hain zuzen ere, garrantzitsuagoa da harreman bat izatea hau osasuntsua izatea baino. Nire ustez, honek badu jatorri sozial bat; izan ere, bikoterik ez duen mutil bat bikoterik ez duen neska bat baino hobeto ikusten da. Neska batek bikoterik ez duenean jendeak ea zergatik ez duen mutilik galdetzen ohi dio bere buruari. Neskek bikotekide bat izan behar dutenaren ideia oso txikitatik barneratzen dute. Neskak beti zaintzan hezi izan ohi dira; besteak zaintzeko edo besteen aurrean atseginak izateko hezi gaituzte. Honen guztiaren ondorioz, emakumeen sexualitatearen nolabaiteko estigmatizazioa ere bada. Harreman sexualak norekin mantendu nahi dituen eta norekin ez erabakitzen duen emakume aske bati gutxiespen-etiketa ezartzen zaio maizegi, baina gizonezkoen kasuan, guztiz kontrakoa jazotzen da.

Normalean, gazteak aldez aurretik ezarritako rol sozial zehatz batzuetan barneratzen dira konturatu gabe eta horiek erreproduzitzera mugatzen dira. Emakumeen kasuan, garrantzitsuena bikotekide bat aurkitzea dela barneratu dugu eta horretarako beharrezkoak diren sakrifizio guztiak egiteko prest omen gaude. Nolabait, ipuinetan azaltzen diren printze urdinen kontua litzateke.

Hala ere, zenbait kasutan, autoestimu edota autobalorazio falta ere eman daiteke. Pertsona batek bere burua behar bezala estimatzen edo baloratzen ez duenean, beste norbait behar du bere alboan gabezia hori konpentsatzeko

Zer egin ahal du gazte batek bere bikotekidearen kontrola ekiditeko?

Funtsezkoa da gauzak argi eta garbi izatea eta zuretzat benetan garrantzitsuak diren gauzen inguruan mugak ezartzea. Harreman bat izateak ez du esan nahi zure bizitza pertsonala alde batera utzi behar duzunik.  Pertsona guztiok dugu ideal erromantikoaren kontzeptua non bi pertsona elkartzen diren gauza guztietarako, baina hori ideal bat da eta ezin da betirako mantendu. Bi pertsona fusio maila horretan bat egiteko baten batek beti zerbait utzi beharko du alde batera, eta hori, emozionalki, ez da osasuntsua. Harremanak bi pertsonen beharrak betetzea, berriz, bai da osasuntsua.

Zer egin behar da zure bikotekideak gehiegi kontrolatzen zaituela uste duzunean?

Harreman batean zenbat eta esfortzu gehiago jarri orduan eta zailagoa harreman hori amaitzea. Harremana osasuntsua ez dela uste baduzu, egokiena zertxobait aldendu eta zer egin nahi duzunaren inguruan hausnarketa sakona egitea da. Garrantzitsua da ere lagunen babesa bilatzea.

Amodiozko harremanak idealizatzeak frustrazioak sor ditzake?

Bai, noski. Gainera, idealizatutako harreman bat apurtzen denean porrot pertsonalaren sentsazioa geratzen da eta, sarritan, erruduntasun sentsazioa ere. Emakumeok gure burua erruduntzat jotzeko joera dugu harreman bat nahi genuen bezain egokia ez denean. Baina harremanak ez daude soilik emakumeen baitan, bion gauza da. Bestalde, harremanak betirako ez direla pentsatzeak ere nolabaiteko beldurra ematen digu. Harremanak betirako direnaren ideala izaten jarraitzen dugu baina, ondoren, harreman gehienek amaiera bat izaten dut

Mundu birtuala gero eta garrantzitsuagoa da gazteentzat. Teknologia berriak bikotekidea kontrolatzeko tresna bilakatzen ari dira?

Gazteek egun osoa ematen dute konektatuta, onerako zein txarrerako. Teknologia berriak direla eta, badirudi momentu oro egon behar duzula ‘eskuragarri’, eta hala ez bada, arazoak hasten dira. Gizarte sareen eraginez gero eta kontrol handiagoa izan ahal dugu gure bikotekideengan, besteak beste, bertan egiten duzun guztia erregistratuta geratzen delako. Gainera, gizarte sareek lehen komentatzen genuen norberaren esparru pribatu hori publiko bihurtzen dute. Kontrol maila bere gailurrera irits daiteke, adibidez, amodio frogatzat edo, kide batek bere profil sozialen gakoak eskatzen dizkionean beste kideari.