Gazteak gatazka armatuetan

2007an Munduko Bankuak argitaratu zuen Munduko Garapenaren Txostenaren arabera, munduan 12 eta 24 urte bitarteko 1.500 milioi gazte ziren. Horietatik, 1.300 milioi garapen bidean diren herrialdeetan bizi ziren oinarrizko hezkuntza eskubideak bermatu gabe eta lan merkatuan barneratzeko ia aukerarik gabe.

Munduko hainbat eskualdetan, baina, batez ere, Sahara Hegoaldeko Afrikan eta Ekialde Hurbilean, gatazka armatuak nagusi diren testuinguruetan hazitako haur eta gazteen arazoa larrituz joan da Guda Hotza amaitu zenetik. Testuinguru horietan, noski, oso zaila da nerabetasunetik heldutasunera doan pausoa behar bezala ematea.

Gatazka armatuak

Urtero, mundu osoan zehar, gatazka berriak sortu edo jada martxan zirenak larriagotu egiten dira. Zoritxarrez, gutxiago dira hoberantz egiten dutenak. 2013an, oraindik ere, nahikotxo dira ixteke jarraitzen duten gatazkak. Gatazka horiek izaera desberdinekoak dira eta zaila litzateke munduan diren gatazka guztien zerrenda osoa egitea, batez ere, gatazkaren izaera beragatik edota horrek egun duen intentsitateagatik. Dena den, bizirik diren gatazken artean honako hauek lirateke garrantzitsuenak: Sudan eta zatiketa gehiagoren mehatxua; Turkia/PKK; Afganistan eta Nazioarteko indarren erretreta; Pakistan eta eman beharreko prozesu demokratikoa; Sahel (Mali, Nigeria…) eta Al Qedaren mehatxua; Kongoko Errepublika Demokratikoko gerra zibila; Kenia eta bere arazo ekonomiko larriak; Siria eta Libanoren etorkizuna; Erdiko Asia eta porrot egitear diren hainbat estatu; Irak eta bere harreman berriak.

Horietan guztietan eta oraindik zabalik darraiten bestelako gatazketan haurrak soldadu erabiltzeko arriskua jarraitzen du.

Arrazoiak eta kopuruak

Erakunde desberdinetatik azpimarratu izan ohi den moduan, gatazka armatuak diren herrialdeetan hezkuntza maila oso baxua duen eta lan merkatuan sartzeko aukera eskasak dituen gazteriak gatazkaren alderen batean amaitzeko aukera handiak ditu. Etorkizun oparoago baten itxaropenaren faltan, gizartearekiko gaitzustea sortzen da eta armak hartzea normaltzat jotzen dute hainbat gaztek. Gazteenen kasuan, gainera, egoera hori ezagutu duten bakarra izatea ere gerta liteke. Horrela, gero eta gazte gehiagok hartzen du parte munduko lurralderik ez-egonkorrenetan ematen diren gatazka armatuetan, baina gezurra badirudi ere, ez dago honen inguruko datu zehatzik.

Amnistía Internacional erakundearen esanetan, 18 urtetik beherako 300.000 haur eta gazte inguru munduan diren 30 gatazka desberdin baino gehiagotan borrokatzen ari dira. Nazio Batuek 2012an emandako datuen arabera, gutxienez 17 herrialdetan haur soldaduak erroldatzen jarraitzen zuten. Zenbait kasutan, jada zazpi urterekin borrokarako erroldatzen dituzte. Haur eta Emakume Errefuxiatuekiko Komisioaren arabera, berriz, 25 urtetik beherako 300 milioi pertsona baino gehiago bizi dira gatazka armatuak ematen diren lurraldeetan.

Hainbat adituen ustetan, gazteriaren gero eta parte hartze handiagoa gerretan zer ikusi handia du garapen demografikoarekin. Munduko Garapenaren Txostenaren baitan, datozen 15-20 urteetan gazteen kopurua nabarmen haziko da Sahara Hegoaldeko Afrikan eta Ekialde Hurbilean. Demografiaren eta biolentzia edo gatazken arteko harremana eztabaidagarria izaten jarraitzen duen arren, aditu askoren iritziz harreman zuzena dago gatazka armatu eta gazte gainpopulazioaren artean. Adibidez, 2002an amaitu zen Sierra Leonako guda zibilaren ostean, 25 urtetik beherako populazioa populazio osoaren % 63koa zen.

Nerabeak ejerzitoan

Haurrak eta gazteak gatazka armatuen protagonista izan dira, bai orduko gobernuaren alde bai erreboltarien alde, Afganistan, El Salvador, Etiopia, Guatemala, Honduras, Kolonbia, Libano, Mozambike, Myanmar, Nepal, Nikaragua, Ruanda, Sierra Leona, Sri Lanka edo Ugandan. Gure artean ere, Erresuma Batuan, adibidez, adin gutxiko gazteak ejerzitoan sar daitezke bere gurasoen baimenarekin. EE.BBetan, Australian eta Zeelanda Berrian ere 18 urtetik beherako gazteak onartzen dituzte bere ejerzitoetan. 1989ko Haurren Eskubideen Konbentzioa osatzen duen 2002ko haur soldaduen eskumeneko protokoloaren arabera, 18 urtetik beherako gazteak erroldatzea debekaturik dago, bolondreski zein behartuta, edozein indar erreboltarirako, baina ez horrela gobernuen ejerzitoetarako. Kasu hauetan, legez ezarritako gutxieneko adina 15 urtetakoa da.

Lanaren Nazioarteko Erakundeak berriki argitaratu duen ikerketa baten arabera gatazka armatuetan parte hartzen duen gazteriaren 2/3ak bere ekimenez eman du izena gudara joateko. Gizarteko egiturak suntsituta geratu diren testuinguruetan, nerabetasunetik heldutasunerako pausua ez da modu naturalean gauzatzen eta gatazka eta pobrezia nagusitzen direnean, gazteek ejerzitoan eta talde militarretan aurkitzen dute beharrezkoa duten nortasuna. Bestelako ikerketa baten arabera, Afganistan, Kolonbia, Kongoko Errepublika Demokratiko, Pakistan edota Sri Lankako gatazketan parte hartu duten 15 eta 18 urte bitarteko gazteen gehiengoak ingurune pobre eta familia desegituratuetan du jatorria.

Arrazoiak

Beraz, datu hauek kontutan izanda, zein puntutaraino baiezta daiteke gazteak bere ekimenez erroldatzen direla? Bestelako irakurketa bat eginez, gazteak bere kontrolpetik at diren faktoreak bultzatuta erroldatzen direla ikus daiteke, batez ere, ekonomikoak. Hainbat kasutan, aitaren faltan semerik zaharrenak familia osoaren gaineko erantzukizuna hartu behar du heldutasunera iritsi baino lehen eta, lanaren faltan, erroldatzea izaten da irtenbiderik xamurrena. Era berean, gatazka testuinguruetan, kontraesana badirudi ere, ejerzitoak eta talde armatuek segurtasun handiago ematen dute. Ildo honetan, Oxford Unibertsitateko Errefuxiatuen Ikasketetarako Zentroko ikerlari desberdinek nerabeak eta gazteak gatazka testuinguruetan talde kalteberatzat jotzea gomendatu dute. Hauen esanetan, haurrekin alderatuta, nerabeak oso erakargarriak dira buru militarrentzat jada borrokatzeko gai direlako.


ELSA FUENTE. (UNICEF-EUSKAL HERRIKO BATZORDEA)

p2794b
Elsa Fuente. UNICEFeko Euskal Herriko Batzordeko koordinatzailea.

Zein nolako balorazioa egiten duzue UNICEFetik hau soldadu fenomenoaren inguruan?
UNICEFen agindua, edozein egoera eta momentuan haurren eskubideak bermatzea da. Haur soldaduen kasuan, argi eta garbi hau hauen eskubideen urraketa ematen da et, zentzu horretan, gure lana hori ekiditzea da. Horretarako, haurren oinarrizko beharren estaldura ezinbestekoa da, osasunan, elikaduran, hezkuntzan, etab… Problematika honetan haurren babeserako eskubideei heltzea ezinbestekoa da; haurrak behar bezalako garapena izan dezaten testuinguru seguruak sortu behar dira. Kontutan hartu behar dugu, gaur egungo gatazketan biktimen % 90 inguru zibilak direla eta, hauetatik, % 80 haurrak eta emakumeak direla.

Zer dela eta gatazka armatuetan ematen den haurren erabilera hori?
Praktika hauek arruntagoak diren herrialdeetan ohikoa da muturreko pobreziako egoerak aurkitzea eta horrek adingutxikoen zaurgarritasun handiagoa suposatzen du. Kasurik gehienetan, bere etxeak utzi behar izan dituzten nerabeetaz ari gara, bere senideak galdu dituztenak eta, nolabait, behartuak aurkitu dira, derrigortuak ez bada, bere burua indar errebelde edo ofizialetan erroldatzera.

Posiblea al da adin gutxitu horien errehabilitazioa?
Posiblea bai, baina oso zaila da. Kontutan izan behar dugu haur hauek, kasu gehienetan, erasotzailetzat ikusiak direla eta ez biktimatzat. Estigmatizazio honen ondorioz, berezko komunitateetan birgizarteratzea zaila egiten da. Horretarako, sektore desberdinetan lan egin behar da haur hauek bizi behar izan duten esperientzia ezagutzera emateko eta berez diren biktima moduan aurkezteko.

Adin gutxiko hauen errehabilitaziorako lan psiko-sozial oso garrantzitsua bete behar da. Kontutan izan behar dugu guretzat imajinaezinak diren esperientzia traumatikoak bizi izan dituztela eta hauek, ezinbestean, bere bizitza baldintzatuko dute. Horregatik epe luzera begira egin behar da lan, haur eta gazte hauek propio duten komunitateetan barneratuz emaitza profesional azkarrak ematen dituen hezkuntza bat eskainiz etab…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.