Masturbatzea. Zeinen hitz arraroa. Eta zeinen ekintza ederra.

Irola Irrati librean, astero, (igandetan, gaueko 20:00retatik 21:00retara) sexuari eskainitako Desiran Blai irratsaioaren azkenengo bi igandeak masturbazioari eskeini dizkiote. Joan den igandekoan, gainera, solaskide gisa parte hartzera gonbidatu ninduten eta, norberak bere buruari eta bere buruarekin sorturiko plazeraz aritu ginen, kaleko hotzari aurre egiten, gozo-gozo eta, neurri batean, bero-bero.

Han abiatutakoei jarraikiz, eta denboragatik jorratu gabe lagatakoei heldu asmoz, orriotan ere heldu nahiko nioke gaiari, ongi baderitzozue; eta, ez oraingo honetan soilik, hurrengo batean jarraitzeko asmoa daukat eta.Goazen masturbatzera, bada:

Lengoaiaren zale sutsua naiz, hitzen nondik-norakoak ikertzearen maitalea, akaso jada konturatuko zinetenez. Masturbazio hitza, adibidez, kontsentsuak onartzen duenez, manus eta turbare terminoak lotzetik datorkigu; hau da, eskua eta nahasi edo asaldatu batzetik. Eskuz asaldatzea da, beraz, masturbatzea. Hitzen jatorriak ez du haien zentzua mugatzen, jakina; denborak, erabilerek, polisemiak… esanahien eboluzioa dakarte eta ezin jatorriari hertsiki lotu hitz bat ulertzeko. Baina, manus turbare horretan, non dauden norbere buruari egiten diogun zerbait denik, edota erotikoki, plazererako, egiten dugun ezer denik? Ustez banaezinak diruditen ideia horiek masturbatzeari ezinbestean dagozkio? Eskua ur geldoan sartu eta ur hori nahasten badut, ur hori masturbatzen ari ote naiz? Zergatik ez? Plazerra ematen badit, niri bada ere, urak plazerik ezin senti dezakeela aurresuposatuta ere? Plazerra masturbatzeri ezinbestean doakio lotua? Eta plazer horrek masturbatzearen helburua izan behar du? Plazerra akzidentalki ailegatzen bada, haur garenean gertatu ohi denez, masturbatu egin gara?

Non da, bestalde, nere buruarekin dudan erlazioa hor? Esan nahi da, bada ote hitzean bakoitzak bere buruarekin egiten duen zerbait izan behar duenik? Edo, beste era batera, inoiz masturbatu al naute? Beste inork bere eskuekin ikutu nauenean eta plazera eman, masturbatu nauenik esan dezaket?

Eta, azkenik, kontrako bidetik helduta galderari, masturba naiteke, dezaket, nire burua edo beste norbait, eskurik erabili gabe? Dildoak darabiltzadanean, ahoa, oinak, hamaika jostailu eta gorputz-atal erabiltzen baditut eskuen ordez, masturbazioaz hitz egiteak zentzurik ote du? Nire gorputza izaren kontra ferekatzen badut, eskuez batere baliatu gabe, masturbatzen ari naiz? “Zu masturbatu egiten zara? Ez, nik dildo bat erabiltzen dut.

Masturbatzea. Zeinen hitz arraroa. Eta zeinen ekintza ederra. Nik nire buruari oparitzen diodan plazerari auto-erotiko deritzot. Zer iruditzen? Hurrengoan gehiago.

[Peio Saez de Lafuente ]

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.