Be local, eat local

Nahiz eta urte osoan zehar praktika daitezkeen kirolak izan, uda iritsi eta gutako asko uretara goaz surf, bodyboard, stand-up surf (SUP), kitesurf eta antzekoak praktikatzera. Hondartza-jardunaldiko sasoia hasi da jada.

Ekitaldi berria whatsapp-eko lagunen taldean: Surfing EH. Asteburu honetan kostaldean barrena ibiliko gara, beraz, “carretera y manta” −edo toalla, hobeto esanda−. Higadura askoko egunak izango dira: lehen olatuak hartzeko goiz esnatu, hondartzarik onenak surfean aritzeko eta berritasunen bat edo beste; errendimendua maximizatu beharko dugu. Furgoa prest; lo egiteko kanpadenda; surf-ohola, bainujantzia, likra… Baina zer eta non jan? Irristatze-kiroletan, gutxi bada ere, arraunean egin ahala kaloriak erretzen dira! Akidura, egarriaz hil (deshidratazioaz) edota lesioren bat saihestu nahi baduzu, adi! Hona hemen, uretara sartu baino lehen, kontuan eduki beharreko zenbait aholku.

Ostiralean Iparraldea, Lapurdi, longboard-ean zeharkatuko dugu −vintage eran−. Lehen geldialdia: Miarritze. Gogoratu, gutxienez ordubete lehenago gosaldu beharko duzula. Zeozer arina baina sendoa prestatu, goiza luzea izango da eta: jogurt naturala fruitu gorriekin, azenario eta sagar zukua, eta zereal-ogia marmeladarekin. Eta gogoan izan, urperatu baino lehen bi baso-ur edan. Muturreko tenperaturek, hotzek zein beroek, gehiago edatea eskatzen dute (nahiz eta neopreno ona izan, edo urak freskatuta zu sentitu arren). Gogoan hartu: erdiz erdi ura eta limoi-zukua nahastu, azukre pixka bat gehitu, gatz-apur bat (surf eginez tragorik ez baduzu hartu) eta eman iezaiozu menda-ukitua… ikusiko duzu zein freskagarria den. Gaurko eguna ez da bereziki beroa izan, bidean den food-truck-etako batean jateko aprobetxatuko dugu. Higadura fisikoa berreskuratu behar dugu eta arratsaldean eutsi, baina ez zaitez pasa edo astuna sentituko zara. Nire proposamena: kuskus-a barazkiekin, txipiroiak plantxan eta postrerako apeta, txokolate-beltzeko krepea. Ez dut Nutella aipatu, geroz eta kakao-ehunekoa handiagoa izan orduan eta antioxidatzaile gehiago ditu, ahaleginak berpizteko. Hurrengo geldialdia: Bidarte-Getaria-Donibane Lohizune −olatu onenak iragartzen diren hondartzan geratuko gara−.
Larunbatean Ulian eguna argitzen du, gure oinetara Zurriola-ko hondartza. Itsasoa barealdian dago baina ez du axola, SUP-a praktikatzen hiria disfrutatuko dugu. Gosaldu eta uretara sartu baino lehen hidratatu. Arratsaldean olatu onak espero dira, beraz, goiz jan beharko dugu. Hurrengo geldialdia: Zarautz-Getaria-Zumaia, Izustarri eta Roka Puta probatzeari ezin diogu huts egin. Denborale txikia dator: itsaskia eta haize-bortitza; gaur urautsia gogor euts dezake. Gainditu ahal izateko bateriak kargatu beharko ditugu: take off & riding. Barbakoa prest da: gaur erretako antxoa eta patatez gozatuko dugu, entsalada pixka batekin; postrerako angurria. Gipuzkoa dut gogoko!

Bizkaiko kostaldean bukatuko dugu asteburua: short-ohola hartu eta ezker olatu ospetsua harrapatzera Mundakan. Primeran pasako dugula uste dut! Goizak luzatzen du, beraz, herrian bertan jatea erabakitzen dugu: marmitakoa (ipar-hegaluzea, patatak, piperrak, tomatea), errekuperatzeko plater perfektua. Asteburua bukatzear da, nekea nabaritzen da, baina oraindik Sopela-Getxo zonaldea falta zaigu. Bodyboard-a Meñakoz hondartzan probatzea erabakitzen dugu, gutxienez etzanda joango gara −edo hori uste genuen−; lokal batek prone eta drop knee arteko desberdintasunak azaldu, eta probatzera goaz. Nahiz eta besoekin arraunean gutxiago egin behar den, “no siento las piernas”. Azken gaua da etxera itzultzeko, kontuz! Orain ez zaitez emozionatu alkoholakin −gogora ekarri aurreko artikulua− eta ondo berreskuratu gorputza. Kanpin-gasa prest dago: pasta pixka bat, onddo-nahastura eta meloia. Harrapatu zaitut, garagardoa esku-artean! Bat, bi, hiru… Eta hurrengoan, nora goaz? Aparra bezala, gora eta gora.

Nerea Segura

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.